Amaia Nausia Pimoulier

Hiri neoliberala

Egunero lanerako bidean Iruñeko Alde Zaharrera igotzeko Arrotxapeko igogailua hartzen dut, Descalzos kalera igotzen dena. Han egoten ohi dira etxe gabeko pertsonak, euri eta negu gordinetik babesteko igogailuaren sarrerak eskaintzen duen aterpean lo egiten dute. Orain arte horrela izaten zen behintzat. Iruñeko Udalak loreontzi erraldoi batzuk jarri ditu pertsona hauek lo egiten duten lekuan. Segurtasunagatik esanen dute batzuek; osasun publiko kontua, beste batzuek; hiriaren irudia hobetzeko, besteek; baina aitzakia horien guztien atzean hiri neoliberalaren inposaketa baino ez dago.

Neoliberalismoak hiri osoa merkantzia bat bezala ulertzen duenez, ekoizpenerako eta kontsumorako bitarteko bat, bertako plazak eta kaleak kontrolatuta egon behar dira. Hirien ordenantzen arabera, eta gizalegearen izenean, debekatuta dago, adibidez, iturri publiko batean arropa garbitzea, eskailera batzuetan esertzea, plaza bateko lurrean esertzea, espazio publikoan musika jotzea edo, besteak beste, espazio publikoan lo egitea. Eta espazio publikoaren kontzeptuak garrantzia hartzen du “kalearen” aurrean. Gizalegeari eta bizikidetzari buruzko ordenantzek, esparru publikoa diziplinatu eta antolatuz, desberdintasuna baino ez dute areagotzen. Bartzelona paradigmatikoa da zentzu honetan, aitzindaria izan zelako 2005. urtean oraindik martxan dauden ordenantzak onartu zituenean Udalak; ordutik, turisten gozamenerako edo espazio publikoaren kontsumorako hiria sortu da eta beste hirietara, gertukoetara ere, esportatu den kontzeptua da hau. Jainkoak libra gaitzan etxerik gabeko pertsona batekin topo egitetik.

Arauek esaten digute zer egin daitekeen espazio publiko –berez espazio pribatizatu– horretan. Zibismoaren logika inposatu da, gizartearen zati baten ikuspegiari erantzunez, ahulenen beharrak eta logikak ahaztuz. Kalean bizi den batentzat, adibidez, iturri bat bere burua garbitzeko erabiltzea bidezko erabilera izan daiteke, edo kalean lo egitea; egoera horretan ez gaudenontzat, berriz, errespetu falta eta gizalege gutxi izatearen seinale. Beste adibide bat, beste hamar pertsonarekin batera pisu txiki batean bizi den pertsona batentzat, espaloian eseri ahal izatea bere egongelan egotea bezala da, kalea pobreen egongela delako. Sistema kapitalistak, berriz, kalea pribatizatu du, eta ez du onartzen espazio publikoan esertzea terraza batean kontsumitzeko ez bada.

Cristina Fernandez Bessa ikerlariaren arabera, segregazio kontua da; hiritar on eta hiritar txarren artean. Ordenantza hauek etiketa bat jartzen diote eremu publikoan egiten diren eta zentzu komun zibiko horretatik atsegin ez diren eta onartzen ez diren praktikei, eta politikoki zuzena den izen bat ematen diote, gizalegea edo zibismoa, funtsean pobreziaren estigmatizazioa dena. Teorian, ez gara pobreak zigortzen ari pobreak izateagatik, ez litzateke politikoki zuzena izanen horrela esatea; beraz, gizalegea deitzen diogu. Descalzoseko igogailuaren sarreran lo egiten duten pertsonak gizalegearen aurkakoak omen dira. Erabaki bat izanen balitz bezala gizalegezkoak edo gizalegearen aurkakoak izatea, ez baldintza sozioekonomiko ezberdinen ondorioa. •