Panorama iluna
Urtea amaitzear dagoela, balantzeak egiteko tenorea iritsi da. Edozein dela ikuspegia, gauza bat argi dago: pandemiaren irteerari buruzko aurreikuspen optimistak ez dira betetzen ari. Txertoarekin normaltasunera bueltatuko ginela esan zuten eta ez da horrela gertatu. Are gehiago, pandemia gainditzetik urruti gaude oraindik. Beharbada herrialde boteretsuetan presa gehiegi zegoen, eta mundu mailako txertoen zentzuzko banaketa egin beharrean, ikuspegi berekoak gailendu ziren, eta orain olatu berriak eta aldaera berriak ditugu. Munduko liderrek ez dute ulertu salbazio orokorrik ezean norberaren salbazioa ere ez dagoela ziurtatua. Eta horrek perspektiba oso iluna ematen dio bestelako erroka globalak gainditzeari, esate baterako, larrialdi klimatikoari. Izan ere, joko berdinean ari dira: norberak bere ekonomia eta bizimodua salbatu nahi du, naturarekin zer gertatzen den begiratu gabe.
Pandemiaren berpizte horrek kalkulu guztiak berrikusi beharra ekarri du. Pesimismoak gora egin du eta horrek bultzatuta, berriz ere, nork bere salbazioa bilatzen du. Lehengai eta osagaiak iristen ez direla-eta, itxaron beharrean, gehiago eskatzen da, eta horrek defizita areagotzen du; kontainerrak falta direla-eta, badaezpada ere, gehiago pilatzen dira, eta urritasuna handitu... Komeni da gogoratzea lehenengo metaketa txertoekin gertatu zela eta gaur-gaurkoz inork ez duela zenbaki zehatzik eman erabili gabe zenbat txerto galdu diren munduan.
Iaz banketxeek eta multinazionalek dibidendu gutxi banatu zituzten eta aurten denbora aurrera joan ahala perspektibak okertzen joan dira. Etekinak hala edo nola osatu beharra dagoela sumatzen dute eta horrek prezioen igoera bultzatu du. Eta erraza dute, gainera. Merkatu libre batean korporazio handienek agintzen dute eta ahalmen osoa dute prezioak igotzeko. Hori da, hain zuzen ere, gertatzen ari dena. Etekinak borobilduko dituzte, baina jokaldia oso arriskutsua da. Dirua denok onartzen dugun tresna da eta zentzu horretan ondasun publikoa da. Horregatik, inflazioa ondasun publiko baten pribatizazio gisa uler daiteke. Izan ere, enpresek nahiko erraz dute egoera kudeatzeko –prezioak igoz– baina herritar xumeek, soldatak eta pentsioak jasotzen dituztenek, ezin dituzte euren diru sarrerak abiadura berdinean igo. Finean, aberastasuna xurgatzeko boteretsuen beste modu bat da, baina kasu honetan instituzio publikoen gaineko herritarren konfiantza hondatuta geldituko da.
Ez dute soldatek eta pentsioek soilik balioa galtzen, aurrezkiek ere bai. Boteretsuek euren aurrezkiak inbertituta dituzte, ondare higiezinetan edo inbertsio finantzarioetan. Herritar xumeen aurrezkiak, aldiz, kasu askotan kontu korrontean daude. Gainera, aurreko krisiaren jipoiaren ostean, ez dago fidatzeko moduko eskaintzarik.
Momentu honetan, merkatuaren printzipioei jarraituta norbera bere interes partikularren arabera ari dela, baina ez da hainbeste aldarrikatu den guztion onura inondik inora sumatzen. Beste behin, demostratzen ari da merkatu libreak ez duela balio interes orokorra erdiesteko, ezinbestekoa dela estatuaren parte-hartzea. Hala ere, bazter guztietan estatuen arteko tentsioen gorakada ikusita, ematen du mundu ikuspegi berekoi hori gailendu dela maila guztietan. Eta bost axola mundua pikutara badoa. Panorama iluna. •