Ander Gortazar
Arkitektoa

Epilogo bat

Historia txundigarria da Ameriketako Estatu Batuetako Saint Louis hiriko Pruitt-Igoe auzoarena. Hamaika pisuko hogeita hamahiru eraikin, hiru mila etxebizitza guztira, arkitektura eta hirigintza modernoaren eta Bigarren Mundu Gerraren osteko etxebizitza politika publikoen ikur izatera deituak zeudenak joan den mendeko 50eko hamarkadan.

Eraiki eta berehala hasi zen gainbehera. 60ko hamarkada amaieran jada, nazioartean ezaguna zen Pruitt-Igoe txirotasuna, krimena, droga eta arraza segregazioa tarteko. Egoerak atzera-bueltarik ez zuela iritzita, agintariek dinamita aukeratu zuten arazoa literalki amaitzeko, eraispenaren espektakulua telebista bidez ikusi zuten milioika amerikarren gozamenerako.

Sinboloak kasualitatez eta a posteriori sortzen dira maiz, eta hala gertatu zen Pruitt-Igoerekin. Porrot egindako auzoaren leherketa publikoak graduala izan zen ziklo amaiera bat irudikatu zuen, politika keynestarraren eta hari estuki lotuta egon zen mugimendu modernoaren porrota, alegia. Ondoren etorri ziren Reagan eta Thatcher, Aita Santu poloniar bat eta Europa ekialdearen «irekiera», irekierak kapitalismoa esan nahi duen adieran. Trazu lodiegia erabiltzen ari denaren ausardiaz esango dut arkitektura postmodernoak aski ongi irudikatzen duela 80ko hamarkadan ireki zen ate hura.

Ez dakit zehazki non gauden orain, baina ziklo aldaketa baten itxura badu bederen. Kuriositatea dut zeintzuk izango diren urte batzuk barru a posteriori topatuko dizkiguten ikurrak. Aspaldi honetan maiz ikusten ditut Pruitt-Igoeren bertsio txinatarrak sare sozialetan bolo-bolo, dorre altxatu berri baina amaitu gabeak, dinamitaren patura kondenatuak sekula salduko ez direla jakitun.

Jada klixea bihurtu den Gramsciren aipuak dio mundu zaharra hil ondoren berriak denbora behar duela agertzeko. Zer luzea negu hau. Europar Batasunak trantsizio ekologikoan eta digitalizazioan oinarritu du datozen urte eta hamarkadetako estrategia eta horrek derrigor aldatu beharko lituzke gure hiri eta herriak, gure lurraldea, eta haiekin batera gu geu eta gure zirkunstantziak. Nekea sumatzen dut inguruan.

«Dimisio handia» esan diote Estatu Batuetan langileek beren lana borondatez uzteko joera gorakorrari. Hiri handietako biztanleen zoriontasunik ezaren arrazoi nagusia lanerako joan-etorrietan xahututako denbora da, harreman pertsonalak lantzeko denbora murrizten baitu. Ez dakigu telelana bai ala ez, nola edo noiz, baina ate joka dugu jada lurralde digitala izango omen den Metabertsoa. Bidean, lurralde fisikoaren azalera eraikia bikoiztu dugu, biztanlerik apenas irabazi gabe. Lurraldea ez ezik, klima bera eraldatu dugu. Pandemian ikasi dugu etxebizitza tipologia ohikoenak ez direla osasuntsuak; kalea ere ez. Auto gutxiago nahi dugu gure hirietan baina autoak ekoizten jarraitu behar omen dugu, pizgarri ekonomikoak emanaz enpresei eta erosleei. Ekonomia da, artaburua.

Irekiak omen gara, baina segregazioa gero eta agerikoagoa da gure hiri eta herrietan. Mediterraneoa hobi komun erraldoi bat da, Bidasoko zubiak ez dira guztiontzat eta Polonia eta Bielorrusia arteko mugan hotz egiten du.

Angel Errok zioen oro errana dela, aspaldidanik. Marina Garcesek dena dakigula, baina ezin dugula deus. Epilogo bat ziklo aldaketa baterako. •