Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Hitzak hiztegi

Broma gutxi. Aztoratuta daude bazter denak. Jendea kokoteraino. Giroa toxikoagoa da. “Osasuna” eta “askatasuna” hitz ederrak sasian daude, gaurko diskurtso modernoaren oihan katramilatuan. Hitzak, esanahiak, kontzeptuak, denak. Bizitzan ziklo bat pasatzen dutela esango nuke: jaio eta garai partikular batean indartu, gehienetan krisi handi-handiak edo aldaketa azkar-azkarrak daudenean; gero batailarako deituak izaten dira, aldekoek eta kritikoek diskurtsoaren zaratarako erabili ditzaten; eta denborarekin, poliki-poliki beren esanahi zehatzaren parte esanguratsu bat galduko dute, ematen zaien konnotazio eta erabilera ideologikoek ahulduta.

Hitz egin ziren ideia akademikoak borroka politikorako arma egin dira. Eta hori ere egia da, kontzeptu berriak inbentatu behar dira, halabeharrez. Alde batetik, teknologiaren abiadagatik eta sistemaren hausturengatik eta horregatik guztiagatik; eta, gero, XIX. mendeko hitz eta kontzeptuekin gabiltzalako politikan, beren jatorrizko esanahiaren puska handi bat bidean galduta. Eta epiteto egin ditugulako, eztabaida emankorra antzutzen duten epiteto. Errespetuzko komunikazio baterako oztopo.

“Demokrazia” zaharra, “kapitalismoa” eta “sozialismoa”, edo gaztetxoagoak diren “geopolitika”, “neoliberalismoa” edo “teknokrazia”. Aizkora egindako hitzak, aditze eta ulermen ezberdinen artean kolpatzeko, zinezko eztabaida politikoak bere fruitua eman eta zabal dezan aukera errotik moztuz. Ortodoxia orok bere heterodoxia duelako, eta heterodoxia orok ortodoxia propioa egiten duelako. Berdin da zer hitzekin, igual da. Berdin “komunista”, “txertoa” edo “jainkoa”, bidera aterako zaizkio satanistak, deabru partikularrak jainkotuta, dena beltz-beltz jarri eta goitik behera beltzez jantzita, kritikatzen dituztenak bezain ortodoxo.

Begira mundua. Txina eta AEBak gandortuta, Errusiako gasa Alemaniara zuzenean aukeran (Ukraina saihestuz eta ahulduz), eta AEBak eta Europar Batasuna sesioan. Zigor ekonomikoak lege eta Itsaso Beltzean gerraontziak txoke egitear. G7a «demokrazia ilustratu eta aberatsen klub» autoproklamatua, munduak jarraitu behar duen bidea argitu eta martxa agintzeko. Eta hau guztia “geopolitika” hitzarekin despatxatu eta hemen ez da ezer gertatu.

Hitza anbiguoa izan arren, maleziagabea itxuran, kalterik gabeko erabilera bezainbeste erabilera arriskutsu ditu. Segi dezadan “geopolitika” hitzarekin. Geografiaren gertakizun baten antza hartu dakioke, kontingentziarena. Edo geografiaren determinismoarena, espazio batek ideia batek baino gehiago, mapa batek kapitulu batek baino gehiago axola duela alegia. Eta gatazka horrek amaierarik ez daukala. Nazioarteko politika daukatenen eta ez daukatenen arteko gatazka saihetsezina dela. Europar Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek dio «batzorde geopolitiko» baten buru dela, Europak hitz gogorrak eta ahots sendo bat behar duelako, Alemania, Italia edo Frantzia, beren kabuz, ezin direlako munduan beso luzekoak izan.

“Geopolitika”, “nazionalismoa”, “sozialismoa”... hitzak. Gure inpotentziak konpentsatzeko konjuratu nahi diren hitzak! Laguntza eskatzen zaie, babesa erregutu, baina erabilerak ez ditu funtsezko demontre eta eztabaidak aldatzen, ez ditu kontraesankorrak diren ulermenak aireztatzen. Potentzia handien arteko borrokak imajinatzen ditugu, beldurra ematen duten pentsamenduek bisitatzen gaituzte, zeremoniak jarraitzen du: zein den hipokrita handiena eztabaidatzea kirol nazional eginda. Ezertarako. •