GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

2021eko hamar telesailik onenak

Badoa 2021. urtea eta pantaila txikiak utzi digun onenaren errepasoa egitea tokatzen da. Ikusi ditudan ehunka proposamenei txori-bista egin eta ondorio garbi bat ateratzea oso zaila den arren, gehien gustatu zaizkidanen artean bi joera oso interesgarri –eta beharrezko– gailentzen direla esango nuke: emakumezko protagonista ahaltsuen presentzia gero eta handiago dela –«Mare of Easttwon», «Maid», «The Underground Railroad», «Hacks» edo «Losing Alice» telesailekoak adibidez–. Eta horrekin zuzenean lotua, kamera atzean eta zuzendari-gidoilari lanetan genero femeninoaren presentzia indartzea zeinen garrantzitsua den frogatzen duten adibide asko topatu ditudala; aipaturiko telesail horietatik hiruk emakumezko zuzendariak dituztelako: Molly Smith Metzler, Lucia Aniello eta Sigal Avin.


10 • The North water

MOVISTAR | 5 ATAL

Maite ditut era honetako proposamenak, estetikoki eta narratiboki muturrera eramaten dituztenak alegia, baina kontziente naiz horrelako produktuak kontsumitzen ohituak ez daudenentzat bortitz samarra izan daitekeen telesaila dela. Bai estetikoki eta bai tramari dagokionez iluntasuna eta zikintasuna une oro jariatzen dituena. Plano bakoitzarekin zakarkeria eta kiratsa darien antzinako telesail ingeles horietako baten aurrean zaude. XIX. mendean girotua, Patrick Sumner (Jack O'Connell) armadako zirujau ohia da protagonistetako bat, itsasontziko mediku bezala izena ematen duena Artikorako baleontzi espedizio batean. Mediku gogoetatsu eta lasai horren aurrean Henry Drax (Colin Farrell) topatuko dugu, bigarren protagonista. Basakeria eta zentzurik gabeko indarkeria etengabe erabiltzen dituen arpoilaria, hiltzaile basati bat. Ekoizpenaren estetika ilun horrekin guztiz bat datorren pertsonaia. Itsasontzi horren zeharkaldia aitzakiatzat hartuz, bi pertsonaia kontrajartzen ditu telesailak; naturaren indar menderaezina, arrazoiaren eta zibilizazioaren aurrean.

9 • Losing Alice

APPLE TV+ | 8 ATAL

Metafikzioa, thriller psikologikoa eta drama erotikoaren arteko nahasketa den telesail israeldar honek transmititzen duen guztia hitzen bidez adieraztea zaila da oso. Une oro arnasten dugun lurrin misteriotsua eta batez ere argazkia eta muntaiaren bidez hori nola islatua dagoen ikusita, Alfred Hitchcock edo David Lynch ekarri dizkit burura, distantziak distantzia, noski.

Alice Ginor 48 urteko zinema zuzendariak eta Sophie Marciano 24 urteko gidoilari gazteak tren batean topo egin ostean, “Losing Alice” telesailaren metxa piztuko da. Zergatik? Zuk deskubritu beharko duzu. Adin ertaineko emakume batek bere lanarekin –eta gizarte heteropatriarkalarekin, noski– dituen frustrazioei buruzko telesail oso berezia iruditu zait, deskribaezina eta arrastoa uzten duen horietakoa. Metazinema erabiliz jeloskortasuna, errua eta zahartzearen beldurra bezalako gaiak aztertzen ditu telesailak. Emakumezko zinema zuzendariei eskainitako maitasun gutun txiki bat ere iruditu zait –zoritxarrez, industrian oraindik oso ohikoa ez den postua–.

8 • Time

MOVISTAR | 3 ATAL

Zer-nolako erakustaldia eskaintzen duten Sean Bean eta Stephen Graham aktoreek hiru atalez osaturiko telesail motz honetan. Kartzelako drama xumea, iluna, baina aldi berean hunkigarria. Britainia Handiko kartzela sistemaren erretratu gordina azaltzeaz gain, bizitzan hartutako erabaki txarrek amildegira eramandako pertsonei buruzko erradiografia zehatz bat ere erakusten du. Istorio honetako bi protagonista nagusiak legearen alde banatan daude, baina biak etsaitasunezko ingurune batean bizirauten saiatzen dira. Sean Beanek erruak oinazetutako gizon bat gorpuzten du, Mark Cobden, kartzelan sartu aurretik pertsona arrunta, aita eta irakaslea dena. Bat-batean, bizitza goitik behera aldatu eta lau urteko zigorra bete beharko du. Beste aldean, Eric McNelly kokatzen da (Stephen Graham izugarri, betiko moduan), presondegiko funtzionario beteranoa, hainbat preso talderen babesaz eta kudeaketaz arduratzen dena. Itxura zakarra duen arren, McNellyk bere lana zintzo betetzen du eta presoei egunero behar duten horretan laguntzen saiatzen da. Abilezia txundigarriz, Lewis Arnold zuzendariak eta Jimmy McGovern-en gidoi bikainak bi pertsonaia horien barnean murgilduko gaituzte eta lehen segundotik lagunduko diegu beren infernu pertsonaletara egiten duten bidaia horretan. Zuzendaritza lan paregabez, gidoi biribilez eta interpretazio bikainez bildutako istorio zuzena, bortitza, errealista eta oso gordina.

7 • Hacks

HBO MAX | 10 ATAL

Hbo Max-en katalogoan berandu samar sartu den urte amaierako beste harribitxia. Ibilbidearen amaieran dagoen stand-up komediagile arrakastatsu bati bakarrizketak berritzeko idazle gazte baten laguntza inposatzen diotenean eztanda egingo du. Zahartzen ari diren edo hasten ari diren emakumeei entretenimenduaren industriak egiten dienaren erretratu gordina da, oso burutsua, umorea erabiliz kritika zorrotza egiten baitu. Jean Smart eta Hannah Einbinder-ek tandem zoragarria osatu dute atalez atal hobetzen doan telesail hau gauzatzeko.

6 • The Underground Railroad

AMAZON | 10 ATAL

Telesail bat amaitu ostean, bertako irudi, hitz, isilune zein soinuek hitzik gabe uzten nautenean, eta barrenak zeharo nahasiak, zeinen zaila den sentsazioen zurrunbilo hori orrialde hauen bidez helaraztea. Hori da “The Underground Railroad” telesail gordinarekin gertatu zaidana. Zur eta lur utzi nau, emozionalki nokeatuta. “Moonlight” filmarengatik Oscar saria irabazi zuen Barry Jenkins-ek zuzendu duen telesail ikaragarria.

Colson Whitehead-en izen bereko liburuaren egokitzapena (Pulitzer saria 2017an), XIX. mendearen lehen erdian esklabo beltzei Iparraldeko estatuetara, Kanadara eta beste eskualde batzuetara ihes egiten laguntzen zien sare klandestino baten inguruko kontakizun gordina da. Kasu honetan, Cora da protagonista, Georgiako plantazio bateko esklaboa, sare klandestino hori erabiliz ihesean doan neska gaztea. Istorioa bakarra izanik eta kronologikoki azaldua dagoen arren, hamar atalak oso desberdinak direla ohartuko zara, bai bisualki eta bai narratiboki. Lerro narratibo argi bat baino gehiago, sentsazio multzo bat erabiltzen du istorioa kontatzeko.

Patxadaz ikusteko telesaila da, ez atalak bata bestearen jarraian irenstekoa, eta hori noizean behin eskertzen dudan zerbait da. Ikuslearen inplikazio dosi altua eskatzen du. Telesail errealista bezain gordin baten aurrean zaude. Bisualki izugarria eta erabaki narratibo oso arriskutsuak zein ausartak dituena, non irudimenak hartzen duen ia aginte osoa. Irudimen horri lotua, bertute nabarmenetako bat telesailaren taxuketa tekniko izugarria da. Barry Jenkinsek telesail gutxitan ikusitako birtuosismo ariketa bikaina egitea lortu du. Hasteko, argazkiak kalitate benetan piktorikoa du, ia hipnotizatzailea, planoen konposizioak muturreraino aztertuak daudela nabari da, eta kamera leuntasun eta trebetasun ikaragarriz mugitzen da une oro.

5 • Strappare lungo i bordi

NETFLIX | 6 ATAL

Zerocalcare komikigile italiarrak sorturiko animaziozko telesail zoragarria da honakoa. Erritmo bizikoa, bizitzari eta egunerokotasunari buruzko bakarrizketen bilduma txundigarria iruditu zait. Telesaila jada ikusi baduzu, osagarri modura jakin Farmazia Beltza argitaletxeak euskarara itzuli zuela “Macerie Prime” komikia bi liburukitan: “Hondamuinean” (2018) eta “Hondamuinean 2”, sei hilabete geroago(2019).

Zerocalcare komikigilearen bizipenetan oinarritzen den helduentzako animaziozko telesaila da. Erromako marrazkilari gazte bat, gizarte kontzientzia oso sakonekoa, eta armadilo erraldoi bat kontzientziatzat duela –ongi irakurri duzu, bai–, tartean pertsonaia desberdinak sartzen diren bitartean, bere bizitza ibilbideaz eta maitasunaz hausnartzen ari da hiritik kanpo bidaiatzen ari den bitartean.

Animazioa mezu garrantzitsuak zabaltzeko erreminta oso eraginkorra izan daitekeela frogatzen duen telesaila da. Umorea helduleku gisa erabiliz, ekoizpen oso irudimentsua izateaz gain, erabat lur jota utzi nauen amaiera horren bidez, beharrezkoa den mezu oso bortitza plazaratzen duelako. Guztia ez baitira barreak, telesailak hunkiberatasunerako tartea ere eskaintzen duelako, urre hutsa diren gogoeta sorta batekin. Maisuki eta era oso originalean belaunaldi jakin baten erretratu oso zehatza eta gordina egin duela uste dut. Animazio estilo aldetik jariatzen duen sinpletasun horrek mezu nagusiari garrantzi handia ematen laguntzen dio, eta gidoia edozein pertsona identifikatuta sentitzeko moduko egoerez beteta dago, umore oso garaikidea eta narrazio azkarra txertatuz.

4 • The White Lotus

HBO MAX | 6 ATAL

Urteko telesaila ez, baina 2021eko udako fenomenoa izan zela ezin ukatu. Tira, eta batez ere inortxok ere ez –ezta Hbo-k berak ere– espero ez zuen telesail arrakastatsua. Iraun zituen sei asteetan sare sozialak ekoizpen honi buruzko txio, aipamen eta memez josi baitziren, bertan azaltzen diren pertsonaiak ia ikono bilakatu arte.

“Succession” zoragarriarekin gertatzen den moduan, pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak. Umore beltzak gainezka egiten duen gidoi biribila eta elkarrizketa ironiko eta zorrotzez hornituriko trama oso entretenigarria. Astebetez, luxuzko resort tropikal batean erlaxatzeko intentzioz ari diren pertsona aberats jakin batzuen oporrak erretratatzen ditu telesailak. Atalak igaro ahala ordea, guztia korapilatzen eta iluntzen joango da azken traka apoteosiko batera iritsi arte. Osagarri horiekin guztiekin, modu satirikoan jorratzen ditu gizarte klaseen arteko desberdintasunak eta horren erruz izaten dituzten identitate krisiak. Ikusi. Ez zara damutuko.

3 • Maid

NETFLIX | 10 ATAL

Aurten Netflix ez zebilen oso fin telesailen kalitateari dagokionez, baina badirudi azken boladan berpiztu egin dela apur bat. Horren adierazle, harribitxia iruditu zaidan “Maid” telesail bikaina. Bizitza berregiten saiatzen den ama gazte baten zailtasunetan zentratzen da, tartean abusu emozionalek uzten dituzten orbain sakonak bistaratuz. Lehen atalek istorio berri eta fresko bat aurkezten dute, gogorra eta latza hori bai, Alex protagonistaren bitartez, zeinarekin lehen kapitulutik azkenera arte sekulako enpatia maila lortzen den. Gidoiak indar handia du, ez baita denborarekin mugitzen, pertsonaiek beraiek sortzen baitute gidoi dinamiko eta erakargarri horren erregaia. Margaret Qualley protagonistaren eta Andie MacDowell-en arteko kimika eta bien antzezpen erakustaldia ere sekulakoa iruditu zait. Zuzenean, 2021eko telesail onenen zerrendara.

2 • It’s a Sin

HBO MAX | 5 ATAL

Ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko telesail bikaina. Bere aurreko lanetan (“Years and Years”, “A Very English Scandal”, “Queer as Folk”, besteak beste) Russell T. Davies gidoilari eta sortzaileak frogatu zuen zer-nolako abilezia duen gizatasunez eta nortasun handiko pertsonaia berdingabez osaturiko istorio bizi eta entretenigarriak osatzeko. Baina baita, drama zein umorearen artean nabigatzen duen bitartean eta gizarte kritika inteligentea zabaltzeko duen behar hori erabiliz, hausnartzeko parada ematen duten ekoizpenak sortzeko duen trebetasuna ere. Hori guztia, gainera, miniserie formatuan eta ireki eta ixten den istorio mamitsua jorratuz. Pet Shop Boys talde mitikoaren izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion “It's a Sin” (Bekatua da) telesaila estreinatu berri du HBO plataforman. Oraingoan ere aurreko lanetan funtzionatzen zuten tekla berak zanpatu eta telesail bikaina gauzatzea lortu du.

Londres, 80ko hamarkada. Hirian elkar ezagutzen duten hiru gazte homosexualen istorioa kontatzen da, hiesaren eragilea den (GIB) giza immunoeskasiaren birusaren kalteak ezagutzen hasi den gizarte atzerakoi batean –“gay minbizia” etiketa jarri zioten gaixotasunari; beraz, pentsa–. Bost ataletan, 1981ean hasi eta hamar urtez luzatzen da fikzioa. Hamarkada igaro ahala eta hiesaren itzala gero eta gertuago sentitu, hazten eta heltzen ikusiko ditugu, inoiz baino indar gehiagoz eta maitasun irmoagoz bizitzeko helburuz. Beren sexualitatea aztertzea, aktore izatearen ametsa gauzatzea, lana lortzea eta, noski, dibertitzea, hamarkada liluragarri honen testuinguruan. Desinformazioak, ezjakintasunak eta homosexualitatea oraindik begi onez ikusten ez zuen gizarte atzerakoi eta apur bat ozpinduaren atzaparrek ordea, bide hori maldatsua, bidegabea eta gogorra bilakatuko dute.

Lotsa da telesailak jorratzen duen beste elementu narratibo bat, eta azpimarratzekoa iruditzen zait. Hau Ritchie Tozer pertsonaiaren eta bere familiaren bitartez ikusten dugu bereziki, pertsonaia guztiek protagonismo orekatua duten telesail koral bat den arren, nire ustez, pertsonaia horren istorioa baita argigarriena.

Hamarkada liluragarria aipatu dut, pertsonaia magnetiko eta berezi horiez gain, telesaila maisuki girotua dagoelako. 80ko hamarkadako estetika berezi hori oso ongi pantailaratzea lortu dute, estetikoki agerikoak diren elementuak erabiltzeaz gain (jantzitegia, argiztapena…) hein handi batean soinu banda bikain baten laguntza alboan izan dutelako: Enola Gay, Pet Shop Boys –noski–, Kelly Marie, Patrick Cowley edo Eurythmics, besteak beste.

Dibertigarria da, baina batez ere gogorra. Liluragarria eta aldi berean urratzailea. Russell T. Daviesen obrarik pertsonalena dela esango nuke. Ikuslearen bihotzera zuzenean doan telesail paregabea. Ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko kronika bikaina. Urtean zehar telesail gutxi ikusten dituen horietakoa bazara, hau da aukeratu behar duzunetako bat.

1 • Mare of Easttown

HBO MAX | 7 ATAL

Telesaila premisa nahiko sinple eta konbentzional batetik abiatzen da, Pennsylvaniako Easttown izeneko herri txiki batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertu da. Nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan (Kate Winslet) polizia bertaratu da gertatutakoa argitzeko. Ama helduak, ama oso gazteak, ama bakartiak, sufritzen duten amak dira Easttown herri endogamikoan gertatzen den polizia drama indartsu honen protagonista nagusiak, eta Mare poliziaren paperean Kate Winslet, sekulako erakustaldia eskaintzen. Telesail honek bere tonuagatik, protagonistagatik eta ustekabeko umore distirak oparitzen dizkigulako “Happy Valley” gogora ekartzen du hasiera batean. Baina atalak igaro ahala, “Broadchurch”, “True Detective”, “Sharp Objects” edo zergatik ez “Twin Peaks”-en zantzuak ere antzeman ditut. Kate Winsleten lana eta bere pertsonaia aipatzeko idatzi propioa sortuko nuke. Ordu luzez hitz egin nezake hemen eskaintzen duen lana goraipatzeko. Azken hamarkadetako aktorerik onenetakoak pisu handia du telesailean. Langile klasekoa da, AEBetako herri txiki galdu bateko polizia. Bere semearen suizidioak, familia kargek eta oraindik gainditu ez duen dibortzioak zauritu dute. Motxila zamatsu horrekin, herriko neska gazteen bahiketa eta hilketa batzuei aurre egin beharko die. Harribitxia.