GAUR8 - mila leiho zabalik
10 ESZENATOKI

AEB-Txinaren arteko talka, gerrak, gerra hotsak, mapa politikoen birak...

Etxe Zurian Joe Bidenen gainbehera AEBen krisi inperialaren metafora da eta munduaren erdigune bilakatzen ari den Xi Jinpingen Txina da kontrapuntua. Afrikan, gerran da berriz ere Etiopia gaixoa eta beste gerra hots batzuk ere entzuten dira. Ukrainan ere sumatzen da harrabotsik. Europan, gugandik gertu, ultraeskuina. Latinoamerikan ezkerra.


Inoiz ez da samurra munduan zehar urte osoan gertatu denaren laburpena egitea. Beti geratzen dira kontuak jaso gabe, ahaztuak, eta badira beti agertzen direnak, aurretiko eskubidea balute bezala.

Hautua are zailagoa da covid-19a gogor astintzen ari den urte amaiera honetan. Tragedia bakoitza bakana da: izurritearen eragina hasieran nahiko aise igaro zuten herrialde batzuk egun hauetan gogotik pairatzen ari dira; eta alderantziz.

Horrela, bada, munduan zehar pandemiaren nondik norakoak albo batera uztea erabaki dugu, baina ezin da ahaztu, osasun eta, beraz, giza arazoa dela kontuan hartuta, eragin zuzena duela ondoren aipatuko ditugun herrialdeen eta eskualdeen norabidean.

Goazen, bada.

1• Bidenen gainbehera

Sekulako garaipena lortu zuen Joe Biden demokratak 2020ko azaroan 80 milioi boz eskuratuz Donald Trumpen aurka (ezin da ahaztu honek 75 milioi jaso zituela). Presidente berriaren izendapenean, urtarrilaren 6an, jendetza Kapitolioan indarrez sartu zenean sumatu zen batzuek New Yorkeko magnatea azkarregi lurperatu zutela.

Halere, lehen 100 egunak oparoak izan ziren Bidenentzat. Covidaren aurkako txertaketa kanpainari sekulako astindua eman zion eta ongizate eta azpiegituren arloan bilioika dolarreko proiektuak aurkeztu zituen.

Kongresuan onartzeko orduan hasi ziren arazoak, ordea, batez ere demokraten barnean eskuineko sektoreen aldetik.

Gauzak horrela, diru kopurua murriztu beharrean aurkitu da, ezkerreko sektoreengan atsekabea eta haserrea eraginez.

Demokratek Virginiako gobernadorea hautatzeko bozetan pairatu duten porrotak datorren urteko agintaldi erdiko hauteskundeetan Bidenek Kongresuan duen gehiengo estua gal dezakeela iragartzen du.

2• Ezkerrak gora, baina...

Perun, Hondurasen, Txilen.. gobernu ezkertiarrak jarri dira martxan aurten hauteskundeetan irabazi eta gero. Indigenen Boliviak estatu-kolpe instituzionala gainditu eta 2020an bozak irabaziz zabaldu zuen bidea.

Halere, Argentinan eta El Salvadorren ikusten ari garen bezala, askotan populismoak (peronismoa populismoaren aitzindaria da) ezker eta eskuinaren arteko lerroak nahasten ditu.

Bestalde, eta epe luzera kezkagarriagoa, Nikaraguan eta Venezuelan ezker ofizialaren garaipenek ezin dute eredu horietan nabaria den krisia ezkutatu. Kuban sumatu diren protestak ez al dira izango eredu osoa agortuta dagoen seinale...

3• Zemmour denen ahotan

Urte osoa 2022aren erdialdean izango diren presidentetzarako hauteskundeei begira eman dute Estatu frantsesean.

Eta Eric Zemmour idazle ultra eta azken momentuko hautagaia izan da protagonista.

Dagoeneko Marine Le Pen garai bateko FNko hautagaiaren parean dago inkestetan.

Eskuin homologatuan ere izan du eragina eta primarioetan Valerie Pecressek «moderatuen» babesarekin irabazi badu ere, bere lehiakideak, Eric Ciottik, LR alderdi gaulista artean eskuinerantz lerratzea lortu du. Ezkerrari dagokionez, zazpi hautagai daude, eta guztiak batuta ere bozen %30 baino ez lukete eskuratuko.

Gauzak horrela, Emmanuel Macron presidenteak ultraeskuinaren aurka, dela Le Pen, dela Zemmour, hautagai bakarra izango dela espero du, 2017an bezala.

Bitartean, eskuin hegala ere zaintzen du. Galdetu, bestela, Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatzen ari diren etorkinei.

4• Ayuso versus Diaz

PSOEko Gobernu espainolak OPA bat asmatu zuen Murtzian PPren kontra Ciudadanos erabiliz. Saiakerak porrot egin zuen eta Riveraren alderdi neoliberalaren heriotza politikoaz gain, Madrilen hauteskundeak aurreratzea eragin zuen.

Isabel Diaz Ayuso Madrilen PPko agintari denak izugarrizko garaipena lortu zuen kanpaina populistarekin eta, Vox-eko ultraeskuinaren hazkundearen haritik, PPko Alberto Casado hautagaia are gehiago ahuldu du. Bitartean, ezkerrari sekulako jipoia eman badio ere, paradoxak, Pablo Iglesias UPko buruzagia etxera bidali du eta Yolanda Diaz presidenteordearen hautagaitzari bidea zabaldu dio. Jatorriz Galiziakoa den ezkerreko politikari eta sindikalista itzal egiten ari zaio Pedro Sanchez presidenteari.

5• Aljeria-Maroko mokoka

Saharar herria askatzeko Marokoren aurkako gerra berpiztu ondoren, Rabat eta Aljerren arteko tentsio areagotu egin da. Aljeriak harremanak apurtu ditu aurten, Maroko eta Israelen arteko ezkontza diplomatikoa, eta militarra, salatuz. Kamioilari aljeriarrak airetik bonbardatzea ere egotzi dio erreinu alauiaren Armadari eta gerra hotsak entzun dira. Oraingoz, Andaluziarako bidean Maroko zeharkatzen duen gasbidea itxi egin du Aljeriak, Estatu espainolaren kalterako.

6• Etiopian gerra

Gerra nagusitu da amaitu berri den urtean. 2020aren amaieran hasi zen. Urte luzeak Addis Abbeba hiriburuan boterean eman ondoren, Tigrayko gutxiengoa ordezkatzen duten politikariek gaizki hartu zuten baztertu izana eta Etiopiako Armadari egin zizkioten erasoen ondoren hasi zen egungo gerra.

Paradoxikoki, 2019an Eritrearen aurka hamarkadetan Etiopiak egin zuen gerraren amaiera lortzeagatik Bakearen Nobel saria eskuratu zuen Abiy Ahmed presidenteak deitu zuen tigraytarrei gerra egitera eta frontea zuzentzen ari da azken aste hauetan.

Tigray Askatzeko Herri Fronteak (TPLF) eta oromo etniaren Oromo Askatzeko Armadarekin (OLA) bat egin zuen, eta pintza eginez, Addis Abebara gerturatu ziren.

Abiy Ahmed presidentearen –bera ere oromoa– indarrek, ordea, amhara talde etnikoaren eta Eritreako Armadaren laguntzarekin pintza desegin eta matxinoak atzera egitera behartu ditu azken momentuan. Gerrak, tamalez, luze joko duela dirudi.

7• Bielorrusia-Polonia

Etorkinak arma politiko bezala erabiltzea ez da gaurko kontua. Recep Tayyip Erdogan turkiarra eta Mohamed VI. marokoarra iaioak dira horretan.

2020ko hauteskundeetan iruzurra egiteagatik Europar Batasunaren aldetik zigor diplomatikoak pairatzen ari den Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak gauza bera egitea erabaki du eta milaka errefuxiatu, gehienak kurduak, hegazkinetan ekarri eta Poloniako mugara bidali ditu.

Polonian garai onenak bizi ez dituen PiS alderdi eskuindar eta xenofoboak egoera aprobetxatu du errefuxiatuen aurkako errepresioaren kontura hautesleen gogoa berotzeko.

Bien artean, etorkinen eta errefuxiatuen inguruan politika zentzudunik ez duen Europar Batasuna.

8• Ukrainan gerra hotsa

Errusiako Armadak tropak mugiarazi ditu urte amaieran Ukrainako mugara.

Ukrainako Gobernuak ziurtatu duenez, Donetsk eta Lugansk eskualde matxinoetan hasiko den inbasioaren ataurrean leudeke.

Kieveko Exekutiboa babesten duten AEBetako eta NATOko aliatuak bat datoz Kremlini asmo maltzurrak egoztean.

Moskuk ez du tropen mugimendua baieztatu, ezta ukatu ere, baina bere mugetan nahi duena egiteko eskubidea duela gogoratu du. Aitzitik, eskualdera armak eramatea leporatu dio NATOri eta Ukraina Atlantikoko itun militarrean sartuko ez dela ziurtatzeko bermeak nahi ditu.

9• Afganistanetik alde

Afganistani eraso egin, inbaditu eta okupatu zutenetik 20 urte betetzear zirenean, eta Donald Trumpek aurreko urtean sinatutako akordioari jarraituz, AEBetako Armadak Kabuletik alde egin zuen. Arrapaladan eta ia atzera begiratu gabe. Okupatzaileekin kolaboratu zutenak eta talibanengandik ihes egin nahi zutenak azken momentuan ebakuatu zituen, ez guztiak gainera.

Bi hamarkadetan okupatzaileen aurka borrokatu ondoren berriro boterean dira «Koranaren ikasleak».

1996-2001ean ezarri zuten emirerrian egin zituzten gehiegikeriez eta akatsez ikasi dutela diote, baina zail dute nazioartea konbentzitzea. Mendebaldeak ez die lagunduko, eta Errusia eta Txina beldur dira islamiar rigoristen garaipenak ez ote dituen zipriztinduko Erdialdeko Asiako errepubliketan eta Xinjiangen.

10• Txinan da zentroa

Antzinatik –iragana izan baduelako– bere burua «Erdiguneko Inperio» izendatu du Txinak.

Egun inoiz baino hobeto dagokio deitura. AEBak hari begira daude, munduko potentzien lehen tokia noiz kenduko, eta Britainia Handiarekin eta Australiarekin sinatu berri dute AUKUS itun militarra, Txinaren Armadaren hazkundeari aurre egiteko.

Pandemia, 5-Ga, Neguko Olinpiar Jokoak Pekinen... edozer gai da aitzakia ona Txinari hortzak erakusteko.

Baina Txinak aspaldi galdu zuen beldurra eta Xi Jinping «Mao berriaren» agindu zorrotzari jarraitzen dio. Dagoeneko Hong Kong irentsi du eta Taiwani mehatxu militarra egin dio. Erdiguneko Inperioa eta erdigunean Xi. Kapitalismoa, komunismoa? Xi-jinpingismoa.