Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Interview
AITOR ARITZETA
EHU-KO IRAKASLEA

«Pandemiak buru osasunean utzi duen aztarna ikaragarria da eta icebergaren punta ikusten ari gara»

Pandemiak utzi digun arrastoa ez da nolanahikoa, eta bereziki sakona izaten ari da esparru psikologikoan, Aitor Aritzeta EHUko irakasleak nabarmentzen duenez.

EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea da Aitor Aritzeta, Gizarte Psikologian aditua eta gai honen inguruan hedabideetan askotan aritua. Ez du arrotza, beraz, elkarrizketarako proposatu diogun gaia: covidaren pandemiak euskal gizartean psikologikoki utzi dituen ondorioak, eta, zehazki, noraino aldatu gaituen. Zalantzarik ez dauka: honek guztiak arrasto handia utzi digu, eta, gainera, litekeena da orain ikusten ari garena sakonean dagoenaren zati txikia baino ez izatea. Informazioa emateko orduan, haur edo nerabeen gisan tratatu gaituztela uste du, eta nabarmentzen du kalteak handiagoak izan direla pandemia baino lehenagotik egoera larrian zeudenen artean. Aurrera begira, dena den, itxaropenerako tartea ikusten du, pairatutako trauma kolektibo honek gizarte enpatikoagoa utz dezakeela uste baitu.

Azkenaldian asko hitz egin da neke pandemikoaz; zer da zehazki? Zerk ezaugarritzen du?

Neke pandemikoa ondo ulertzeko bi dimentsio kontuan hartu behar ditugu; alde batetik, energia, norbanako bakoitzak daukagun energia mugatua da. Eta bestetik, estresa. Energia eta estresaren artean desoreka gertatzen denean nekea sortzen da. Denboran zehar estres egoera bati aurre egiten baldin bazaude, pixkanaka-pixkanaka baliabide energetikoak galtzen joaten zara, eta desoreka sortzen den unea iristen da. Nekatu egiten zara, ezin duzu gehiago.

Burnout edo erredura sindromearekin lotu izan da; lanean estresatzen zaituzten elementu asko dituzunean eta gehiago ezin duzunean sortzen den erreduraren sintomekin. Desmotibatu egiten zara; ez daukazu lan egiteko gogorik, errealizazio falta daukazu, pertsonak objektuak bezala tratatzen dituzu… Eta gizarte mailan gertatu dena da kolektiboki nekatu egin garela; nekatu gara murrizketez, nekatu gara askatasun mugatuez, nekatu gara beldurra sentitzeaz..., eta horrek defentsa mekanismoak aktibatu eta autozaintza jokabideak gutxiarazi ditu.

Bestetik, neke pandemikoa agertzean pertsona batzuek sintomatologia bat garatu dute: lotarako arazoak, buruko mina, larritasun sintomak, depresioa, etxean gatazka gehiago izaten dira. Neke pandemikoarekin batera sintomatologia espezifiko bat ere etorri da, desoreka gertatzen delako energiaren eta tentsio edo estresaren artean.

Eramaten zailena ezjakintasuna da? Etorkizunak zer ekarriko digun ez jakiteak?

Ezjakintasunaren kudeaketa seguruenik gizaki batek ikasi behar duen gaitasun zailenetariko bat da, eta ezjakintasunaren aurrean jendeak, askotan, jokabide desegokiak edo adikzioak garatzen ditu, edo larritasun sentimendu bat garatzen du. Gainera, ezjakintasunaren aurrean, gure burmuinak, milaka urtetan horrela funtzionatu duelako, pentsamendu negatiboekin bonbardatzen gaitu, horrela ikasi dugulako, eta horrela transmititu digutelako: «Gaizki pentsatu eta asmatu egingo duzu».

Gure burua prestatuago dago emozio negatiboetarako eta arriskurako, emozio positibo eta konfiantzarako baino. Eta, zentzu honetan, birtrebatu behar dugu, landu behar dugu. Ezjakintasunean bizitzea oso zaila da; horregatik erlijioak garatzen dira, horregatik ideologiak garatzen dira, horregatik munduaren azalpen bat garatzen dugu.

Normalean gizaki batek nahiago izaten du gauzentzat azalpen bat izatea, nahiz eta gezurra izan, azalpenik gabe bizitzea baino. Horregatik, pandemiaren hasieran, «hau gripe bat besterik ez da, berehala pasatuko da», esan ziguten. Horregatik, nahiago izan da batzuetan jakin gabe gizarteari azalpen bat eman, nahiz eta gero zuzendu behar izan duten. Hein horretan, nire ustez, nerabe edo umeak bezala tratatu gaituzte.

Perspektiba falta izan zaigu eta jendea nekatu da, berehala pasatu behar zuen egoera bat pasatzen ez zela ikusita. Hasieratik administrazioak, politikariek, honek bi, bost urte, iraungo zuela esan izan baligute, ikuspegi desberdinarekin hartuko zatekeen; hasieran gogorra da, baina gero badakizu non kokatu. Gaixotasun batekin bezala gertatzen da; zuri medikuak esaten baldin badizu «berehala pasatuko da», eta bi urte beranduago gaixotasunak hor jarraitzen badu, larritasun handiagoarekin biziko duzu.

Azalpen kontrajarri horiek eragin dute jende batek beste informazio iturri batzuk, beste helduleku batzuk bilatzea?

Bai, eta deskonfiantza ere aktibatu du. Eta deskonfiantza aktibatzen denean, beste azalpen bat bilatu behar duzu, eta horrela elikatzen da «negazionismoaren» hazia, txertoaren aurkako jarrera, ezarritako arauen kontrako jokabideak… Horrek badu, gainera, beste ondorio kaxkar bat: jende bat hasten dela zientziarekiko mesfidatia izaten. Azkenean, gauzak zergatik gertatzen diren jakin behar dugu, eta ezin dugunez azalpenik gabe bizi, batzuek nahiago dute, adibidez, teoria konspiranoikoak sinestu. Nik uste dut oso ona dela politikatik edo zientziatik etortzen dena zalantzan jartzea, baina zerbait zalantzan jartzen baduzu informazio fidagarriarekin izan dadila, ez dadila astoak bezala izan. Informatu zaitez, irakurri eta posizio bat har ezazu.

Pandemia heldu zenean, logikoa denez, lehen gauza haren ondorio fisikoei erantzutea izan zen, eta duela gutxi hasi gara ondorio psikologikoei begiratzen. Berandu agian?

Sekula ez da berandu... Baina bai, bada garaia osasun mentalari daukan lekua emateko. Datuek garden hitz egiten dute: depresio kasuak eta antsietate larrien kasuak %14-17 bitartean igo dira; suizidio kasuek %8 egin dute gora; lo egiteko arazoak %25 inguru. Pandemia honek buru osasunean utzi duen aztarna ikaragarria da, eta nik uste dut icebergaren punta bakarrik ikusten ari garela, askoz gehiago dagoela gordeta. Izan ere, osasun mentala oraindik oso estigmatizatuta dago, eta gainera osasun publikoa ez dago prestatuta, ez dauka baliabide nahikorik, buru osasunean agertzen diren arazo eta larritasun guztiak behar bezala kudeatzeko. Buru osasunak pribilegio bat izaten jarraitzen du; psikologo pribatu bat ordaintzeko duzun gaitasunaren araberakoa. Zure larritasuna, depresioa, ongizate maila minimo bat mantendu ahal izatea, diruaren pean geratzen da. Dena den, sentsibilizazioa gero eta handiagoa da, eta espero dut pandemia honek utzi dituen datuak eta egoera zein den ikusita, buru osasunarentzat baliabide gehiago jarriko direla mahai gainean. Zeren eta ez da posible orkatila bihurritzeagatik baja bat hartzea normaltasunez, eta astebete lo egin gabe ematen duzunean, depresioak jota zaudenean edo ideia suizidak dituzunean, lanera joan behar izatea. Horrek ez dauka zentzurik.

Pandemiak utzi duen arrasto psikologikoa handia dela diozu; luzerako geratuko da?

Birus honek buru osasunean izan duen inpaktua oso nabarmena da pandemiaren aurretik egoera larrian zeuden pertsonen artean, eta egoera sozioekonomiko zailean zeudenen artean. Izan ere, ez du berdin jo klase ekonomiko desberdinetan; beheko klase ekonomikoan, pobreziaren mailatik urrun ez dagoen horretan, farmakoen, depresioaren eta ondorio psikologikoen prebalentzia bikoitza edo kasu batzuetan hirukoitza da, besteekin alderatuta.

Dena den, pandemiak sortu dituen jokabideak, beldurrak eta bestelakoak gainditzen joango gara, eta horri buelta ematen badiogu, etorkizunean gizarte solidarioagoa, enpatikoagoa sortzeko gaitasuna izango dugula uste dut. Izan ere, gizakiok trauma bat, galera bat, sufritzen dugunean, eta galera hori gainditzen dugunean, enpatikoagoak bihurtzen gara, edo behintzat minaren kontzientzia handiagokoak. Eta ikuspegi sistemiko batetik, gizarte mailako trauma honek ere gizartea bera sentiberagoa bihurtuko duela pentsatzen dut. Azken finean, familia askok beren aitona-amonak galdu dituzte bidean, familia askok hurbileko norbait izan dute gaixo, ingresatuta, giza mailako trauma bat bizi izan dugu.

Epe labur eta ertainera oraindik goiz izango da hori ikusteko, baina epe luzera hala izango dela pentsatzen dut. Adibidez, hau bizi izan duten nerabeak eta gazteak, helduagoak bihurtzen direnean enpatikoagoak izango direla uste dut.

Epe labur eta ertain horretan, gerta daiteke gizartearen zati bat kateatuta geratzea, besteak normaltasunera itzultzen ari direla eta beraiek ezintasunean daudela ikusten dutenak?

Bai. Eta badaude. Adibidez, azken urte honetan beste sintomatologia bat atera da, afefobia deitu izan zaiona, beste pertsona batzuekin kontaktua izateko beldurra. Lehen oso anekdotikoa zen eta orain esponentzialki igo da. Beste fobia batzuk ere igo dira; agorafobia, kalera ateratzeko beldurra, adibidez, eta pandemia aurretik estruktura psikologiko ahula zeukaten pertsonek, beste patologia batzuk zeuzkatenek, antsietatearekin bizi zirenek edo osasun egoera hauskorra zeukaten pertsonek, horiei bereziki eragin die pandemiak. Eta horiek agian epe ertain edo luzeago batean oraindik kateatuta geratuko dira. Nik ez nuke jakingo kuantifikatzen baina gizartearen parte bat kateatuta, helduta, geratuko da, bai.

Gazteak izan al dira egoera hau psikologikoki kudeatzen zailen izan dutenak?

Nik bi kolektibo azpimarratzen ditut beti: gure aitona-amonak, adineko jendea, gehien hil direnak izan direlako, arrisku handiena bizi izan dutenak izan direlako. Gainera, askok beste patologia batzuk zituzten, dementziak, alzheimerra eta fisikoak ziren beste patologiak. Eta bestetik, gazteak. Gazteak pandemia honek oso une zail batean harrapatu ditu. Identitatea eraikitzen ari diren une batean, ezinbestekoa dutenean bestearekin harremana edukitzea eta munduan leku bat topatzea.

Gazteek asko sufritu dute. Lanean zebiltzan askok, lana galdu dutelako; ikasten zebiltzanak, oztopo pila izan dituztelako; etxean geratu behar izan duten askok eta askok ez dutelako jakin egoera zail hori ondo kudeatzen. Egia da jokabide batzuk ez direla oso zibikoak izan, baina ulertu beharra dago ere gazteak garapen prozesu batean daudela, bizi diren gizartearen isla direla, eta oraindik modu inpultsiboan jokatzen dutela. Gainera, gure politikariek ez dute jakin pandemia honetan gazteen parte-hartzea kudeatzen, lehenago legislatu zen txakurren irteera kalera umeena baino...

Horrek zerbait esan behar digu, ezin dugu ahaztu etorkizunean izango ditugun medikuak, pilotuak, kazetariak eta psikologoak gaur egungo gazteak direla, eta zaindu behar ditugula.

Eta haurrak? Egoera berriei helduak baino hobeto moldatzen direla esan ohi da, baina ez dakit hori egia den edo haurrei eurei galdetzen ez diegulako esaten dugun...

Haurrez hitz egiten dugunean oso garrantzitsua da garapenaren ikuspegitik beraien adina kokatzea. 0-3 urte bitarteko haurrengan apenas izan du ondoriorik; hiru urtetik sei urtera eragin ertaina izan du, eragin hori bereziki ikusi da emozioen identifikazioan, hartu-emanetan, ez zekitela larritasun hori ondo kudeatzen... Baina adin horietan burmuina oso malgua da, plastizitate handia dauka, beraiek badoaz aurrera eta ez dute eragin handirik jasango etorkizunean, batez ere orainean bizi direlako. Eta hortik aurrera, 6-10/11 urte bitartean, familiaren egoeraren arabera izango da pandemiak eragindako kolpea.

Familiaren egoera aurretik kaskarra bazen, familia desegituratuetan, egoera sozioekonomiko txarrean zeudenetan, gatazka handiko familietan, pandemia egoera honek sufrimendu hori areagotzea ekarri du. Eta haur horiengan, nortasunaren eraikuntza prozesuan eragin bat izan du. Nik hiru sailkapen horiek egingo nituzke.

Lehen aipatu duzu, osasun mentalaren gaineko estigma hor egon da beti, honek guztiak behintzat estigma hori uxatzeko balio izan du?

Nik uste dut zentzu horretan komunikabideek sekulako garrantzia duzuela, sentsibilizazio prozesuan lanean jarraitzeko, buruaren gaixotasunez normaltasunez hitz egiteko, beste gaixotasunez hitz egiten dugun bezala. Depresioez, muturreko larritasun egoerez, fobiez, agertzen diren gaitz horietaz naturaltasunez hitz egin beharra dago, eta psikologoarengana hurbiltzeak jokabide natural bat izan behar du. Pandemia honek nabarmen utzi du buru osasunak gizartean duen garrantzia.

Alderdi politikoetan, komunikabideetan, posizio aldaketa bat ikusten ari dela uste dut, eta zentzu horretan gizartea pixkanaka-pixkanaka ari dela ulertzen, eta onartzen, buruko osasunarekin lotura duten arazoak. Zerbait gertatzen bazaizu eta ez baduzu gertatzen zaizun hori ulertzen, triste bazaude eta denbora asko badaramazu triste, eta ez badakizu zer egin, laguntza eskatzea ekintza normala eta naturala dela ulertu behar da. Eta laguntza eskatzen ez baduzu ez dela ezer aldatuko, baina eskatzen baduzu zerbait alda dezakezula. Laguntza eskatze hori naturaltasunez bizi behar da.