GAUR8 - mila leiho zabalik
ERA.EUS ATARI NAFARRA

Euskaldunentzat nahiz erdaldunentzat, euskaraz hezteko baliabideen portua

Hamabi urte arteko haurrak euskaraz hezteko egin beharreko bidaiak baliabideak eta inspirazioa behar ditu askotan, kantatzeko, jolasteko, irakurtzearekin gozatzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko… Hizkuntzaren transmisioaren ibilbide horretan, Nafarroak badauka familiei laguntza emateko kai digitala: «Era.eus».


Hamabi urte arteko haurren familiei zuzenduta, Era.eus euskaraz bizitzeko eta euskal kulturan murgiltzeko uneak sortzen laguntzen dituzten baliabide ezberdinak eskaintzen dituen atari digitala da. Familien eskura jarritako tresna, halere, harago doan ekimena ere bada. Ez da proposamen ezberdinen erakusleiho hutsa izatera mugatzen. Asteroko artikuluek, aholkuek, ahots ezberdinen mezuek… proposamen dibertsoago bat osatzen dute, euskara eta haurren mundua ardatz dituen plataforma zabal bat eratuz. Adinaren arabera edo egoera eta testuinguru ezberdinetan jarrita, baliabide bakoitzak euskararen transmisioan laguntzeko jokatzen duen papera azaltzen du webguneak, eta hori ere azpimarragarria da, euskara ohiko hizkuntza ez duten etxeetan laguntza osatuago bat ematen duelako.

Erabiltzaile euskaldunentzat eta ez-euskaldunentzat pentsatuta, euskaraz kantatu, jolastu, irakurri... eta beste hainbat jarduera egiteko eskaintza zabala du webgune nafarrak. Horietako asko erabilera une zehatz horien gaineko hausnarketa txiki batekin aurkezten dira, erabilera horien gakoak kokatzeko hausnarketak, argibideak eta gomendioak eskainiz.

Adibide bat jartzearren, “Solasean” euskara indartzeko artikuluan, finean euskararekin harreman mugatua duten familiei zuzendutako programa azaltzen da, euskara entzun eta praktikatzeko aukerak eskaintzen dituzten proposamenekin, baina horren erabilgarritasunaren inguruko azalpen osatuagoa ere ematen du.

Norbera ikasten ari den «hizkuntza horretan aritzeko ahalik eta aukera gehien edukitzeak» ikaskuntza «asko errazten» duela azaltzen dute, adibidez. «Etxean eta ingurune hurbilean euskarak presentzia urria duenean, haurrek euskararekin harreman mugatua izaten dute. Hortaz, bigarren hizkuntza bat ikasterakoan, bakoitzaren erraztasuna edo zailtasuna desberdina denez, fokua haurren familiaren jatorrian jarri beharrean, haurrek euskara eskolaz kanpo praktikatzeko aukeretan zentratu beharko litzateke», eransten dute.

Balioa azalduta

Askotan euskara sustatzeko edukiak proposatzen dituzten plataforma ezberdinek era aseptiko batean eskaintzen dituzte, zeintzuk diren eta bakoitza zertan datzan aipatu edo zerrendatu, eta kito. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Euskaltzaleen Topagunearen laguntzarekin sortutako baliabide honen kasuan, etxetik egin daitezkeen keinu horiek zer balio duten nabarmentzen dute, euskaraz murgiltzeko baliabideek hizkuntza indartzeko ematen duten aukera gogoratuz.

Beste gako bat plazaratzen dute testuinguru horretan: «funtsezkoa» dela norbanakoen eta eragile ezberdinen aktibazioa, auzolan moduko baten bidez hizkuntza erabiltzeko guneak eta uneak eskaintzeko.

Antzeko hausnarketak partekatzen dira“Gurasoentzako aholkuak” izeneko atalean. Euskaraz hazteko aholkuak dira, jaioberrien inguruko bideo aholkuen bidez edo hizkuntza-familia-eskola triangelu horren barruko harremanetan sakontzeko. Besteak beste, Paula Casares, Iñaki Eizmendi, Nerea Mendizabal edo Julen Linazasoro bezalako erreferentziazko ahotsak eskura daitezke klik batean, bideoz jasotako hitzaldiak berreskuratuz; eta horien ondoan familientzako interesgarriak izan daitezkeen artikuluak eskaintzen dira.

Euskara zerbitzuek sortua

Era.eus-en ibilbidea ez da oso luzea; hiru urte baino ez ditu. Sarrera datuek, halere, erabilgarritasun maila handia erakusten dute; «sekulakoak» izan ziren datuak konfinamenduak iraun zuen bitartean, nabarmendu dutenez.

Nafarroako toki erakundeetako euskara zerbitzuek sortua, “Era”-k 2017an egin zituen lehen urratsak. Proiektua abian jarri zuen lantalde horren kide birekin hitz egin du GAUR8k. Marta Chamorro eta Alfredo Dufur Iruñeko Udalean eta Irantzu Mankomunitatean (Lizarraldea) dira euskara teknikariak, hurrenez hurren. Biek azaldu dute hiru urteko bidaia hau nola sortu zen eta nola elikatzen duten familientzat ahalik eta erabilgarrien egiteko.

Hasierako une haietara itzulita, gogora ekarri dute hausnarketa prozesu batek marraztu zuela zer izan behar zuen Era.eus atariak. Haur eta Lehen Hezkuntzan haurrak dituzten familiei zuzenduta erakunde eta zerbitzu ezberdinek antolatuta edo sortuta zeuden edukiak ikusita, eduki eta proposamen horiek guztiak bildu eta era bateratuan eta formatu ahalik eta eraginkorrenean eskaintzea izan zen planteamenduetako bat. Lehen bultzada horrekin, «Era.eus ideia eta marka» jaio zen, eta ondoren proiektuaren garapena etorriko zen, proposamen berriekin.

Txapel bat euskararentzat

«Gogoeta prozesu horretan, ordura arte landutako hainbat gauza beste modu batean landu behar genuela ikusi genuen», aipatu du Chamorrok. «Hizkuntzaren sozializazioan ari ginen baina era konpartimentatu batean, eta ezin da konpartimentatu; batetik eskola, familia... bereizten, eta beste alde batetik aisialdia, plaza… bizitzan hori dena konektatuta dago. Txapel beraren azpian jarri nahi genuen dena, modu interkonektatu batean aurkeztuz», zehaztu du.

Txapel horrek estetika marko bat ere eskaini die eduki ezberdinei, proposamen ezberdinei lotura bisual bat emanez. Dufurren ustez, horrek laguntzen du markoaren eta jasotzen duen informazioaren identifikazioan.

Ikasketa prozesuan laguntzea

Kontuan hartutako beste faktore bat erabiltzaileen profila zen, familien izaera askotarikoei zuzendutako baliabidea sortzeko, atari digitala guraso euskaldun nahiz erdaldunentzat, zerbait dakitenentzat zein ikasten ari direnentzat pentsatuta baitago.

Asmoa, bultzatzaileek azaldu dutenez, ez zen bakarrik euskarara edo euskal kulturara hurbiltzea. «Euskararen normalizazioaren eta sustapenaren testuinguru zabalean kokatuta, haurren ikasketa prozesua osatzen eta biribiltzen laguntzea» helburu nagusietako bat izan da sorreratik.

Euskarri fisikoetatik digitaletara jauzi egitea Era.eus-ekin etorri zen beste aldaketetako bat izan zen. Beste formatu batzuetan egiteko pentsatuak izan ziren jarduerak erakusleiho digitalean bizi dira orain.

«Era.eus-ek proiektu osoari enbor komun bat emateko aukera eskaini digu, gai ezberdinen lanketarako adar guztiak nondik atera eta nondik abiatu izan dezaten, eta ‘Era’ eta bere inguruko sare sozial eta bestelako komunikazio tresnak enbor horri lotuta daude. Adarrak genituen eta enborra falta zitzaigun, sinbolikoki azaltzeko», gaineratu dute.

Konparazioarekin jarraituz, enborra eduki ezberdinekin elikatzen joan dira. Dufurrek aipatzen duenez, “Baliabideak” atalean «gauza pilo bat» dago. Bertan klikatuta, eskolaz kanpoko jardueren informazioa eskura daiteke, baita musikarekin lotutako edukiak ere, aplikazio ezberdinen gainekoak eta jostailuei buruzkoak, edo filmak eta marrazki bizidunak eskuratzeko sistema ezberdinak.

Era horretara, gurasoek maileguan, online edo erosteko orduan dauden aukera ezberdinak aurkitzen dituzte zehaztuta. Ipuinei eskainitako leiho bat ere zabaldu dute, eta bertan eskaintza ugaria da, bideo ipuinak, ipuin interaktiboak, audio ipuinak edo ipuin-paseoak bezalako proposamenekin hornituta. Ondoan, beste proposamen pare bat: literaturaren eta ipuinen inguruko artikuluak, eta horien artean «etxean irakurzaletasuna sustatzeko ideiak», haurrentzat komikiak irakurtzeak dituen abantailen gaineko testua, irakurtzearen plazera elikatzeari buruzko lerro batzuk, irakurzaletasunaren inguruko gida bat...

Erabiltzaileen profilari begiratuta, aipatzen dute euskara ikasten ari diren guraso asko dagoela eta horientzako mezua ez dela «ikasi, ikasi eta ikasi», badaudela aukera ezberdinak, eta dakienari «esan nahi diogu dakizun hori probestu, praktikan jarri umeekin une jakin batzuetan, aukeratu zuek zein, eta une gozo bat izan dadila, lasai egotekoa, gozatzekoa».

Udalek, hedabideek, elkarteek edo ikastetxeek sortutako edukien ondoan, badaude “Era”-ko bultzatzaileek atarirako espresuki sortuak izan direnak. «‘Bideoak eta jolasak’ guk ekoitzia da, aukera sortu zaigulako edo materialean hutsuneren bat ikusi dugulako eta sortzeari ekin diogu», zehazten du Dufurrek. «Enpresa batekin hitz egin dugu eta berarekin elkarlanean ipuinak aukeratu ditugu, familiekin harremanetan jarri, grabazio lekuak adostu eta poliki-poliki hornitzen joan da proiektua», azaltzen du.

“Web interaktiboa” bultzatzaileek eurek sortutako beste leiho bat da. Kasu horretan, komunikazio enpresa baten laguntzarekin ipuin interaktiboak sortu dituzte familian gozatzeko, irudi, mugimendu eta interakzioan oinarrituta. “Era eskola” atalean hitzaldi telematikoak daude eskuragai. «Ahalik eta guraso gehienei egokituak, hamabost minutuko saioak dira, haien artean elkarri lotuta, hitzaldi osoa edo gai zehatz bat hartzeko moduko formatuan, eta kasu horretan, euskararen transmisio hori nola egin azaltzeko adituen aholkuak biltzen ditu», zehaztu dute.

«Familiei hizkuntzaren transmisioan laguntzeko Interneten zer dago?», etengabe buruan duten galdera da.

Behin edukiak aukeratuta, «antolatu, sistematizatu eta ahalik eta modurik intuitiboenean eskaintzea» bigarren urratsa da. Azpimarratu dutenez, «materialaren zati bat ez zen agian helburu horrekin jaio, baina guk optika horrekin begiratu diogu». Batzuk udalek sortuak dira, beste batzuk ikastetxeetan, familia baten Youtubeko kanalean… Aztertu egin ditugu, eta baloratu dugu merezi duela gurasoei helaraztea, eta horien erabilera eskaini dugu», aipatu du Dufurrek.

Chamorrok erantsi du adinari begiratzen diotela bereziki, baita kalitateari ere eta, materialaren arabera, genero perspektibari. Hizkuntza ezagutza mota ezberdinak dituzten gurasoentzako baliagarria izatea da kontuan hartu ohi duten beste faktore bat. Ahal den neurrian «mezua eta tresnaren erabilera gurasoen ezaugarrietara doitzen» saiatzen dira.

Sarrera datuei begiratuta, erraz jakin daiteke zein den erabilera gehien eta sarrera gehien izan duen edukia, baina datuak aldakorrak dira, diotenez. Batzuetan ematen du era nabarmenagoan direla gaztelaniaz hurbiltzen diren erabiltzaileak, beste batzuetan euskaldunak dira baliabide edo atal zehatz batean sartzen direnak. Orain arte ez dute zuzeneko kontrasterik izan, baina herrietan eta udalerrietan euskara teknikariei helarazitako iritziak jaso dituzte, baita modu ez-formalean, inguruko gurasoei galdetuta.

“Era” harremanetan dago, bestalde, hezkuntza munduarekin, eskola eta ikastolekin bereziki. Nabarmendu dute hezkuntza munduko komunitateekin eta eragileekin «sinergiak eta aliantzak» bultzatzea hasieratik markatutako zeregin bat izan dela, eta horretan sakontzeko asmoa daukatela.

Alfredo Dufurrek erantsi duenez, eskola munduarekin ez ezik, webguneak bere ibilbidea kalean, plazan dauden eragile batzuekin eta erakundeekin egiten jarraitu behar du, elkarlanean, kontrasteak eginez eta proiektuak partekatuz.

 

6.000 IKUSTALDI IZAN DITUEN EDUKIAK

Sarreren araberako datuek Era.eus atariak erabilera handia duela erakusten dute, eta hori, zalantzarik gabe, tresnak duen balioaren adierazle da. Datuak kontuan hartuta, “Jolasak eta solasak” atalaren bigarren edizioa aipatzen dute emaitza nabarmenetakoak jaso dituztenen artean. Familiei zuzendutako formula ezberdinak biltzen dituen sail horretan, edukietako bakoitzak 6.000 ikustaldi inguru izan zituen lehendabiziko asteetan. 2017. urtetik honako datuak begiratuta (2020. urtekoa kontuan izan gabe, eta orduko erabilera itzel igo zen itxialdian), erabiltzaile kopuruak ez dio handitzeari utzi. Hazkundea irakurritako orrien kopuruan ere izan da urtetik urtera %20-25eko gorakadarekin. Konfinamendukoa, halere, izugarria izan zen. Entretenimendua, familia giroko uneak sortzeko aukera... «gurasoak porturatzeko kai bat izan zen».