Joxean Agirre

Hezkuntza ispilu

Gogora dezagun «Buesa legearen» garaia. Ikastolek prestigioa zuten: Euskal Herri mailako egitura bat, ikasmaterial propioak zituzten eta euskararen erabilerari zegokionez edo aisialdia edo ingelesa, edo heziketa fisikoa bezalako arloetan proiektu oso interesgarriak garatzen ari ziren. Eta, garrantzitsua dena, diru funts propioa zuten beharrean ziren ikastolei laguntzeko. Prestigio horri esker bereziki Gipuzkoako herri batzuetan eskola publikoak irenstera iritsi ziren.

Garaiko zurrumurruen arabera, Madrilen alarmak piztu ziren. Hamar bat urteren buruan lurralde honetan ikastolen sarea jaun eta jabe izatera irits zitekeela ikusten omen zuten eta beldur ziren horrek arraste efekturen bat ekarriko ote zuen beste lurraldeetan. Fernando Buesa sailburuak hartu zuen bere gain egoera hori iraultzeko konpromisoa. Horrela jaio zen Euskal Eskola Publikoaren Legea, euskal gizartean elkarbizitzari sekulako kalteak eragin zizkiona, eta zauri sendaezinak utzi zituena. Ikastola andana bat publifikatu zen. Horretarako, irakasleei funtzionario izateko aukera eskaini zitzaien eta titulu gabeei erraztasun guztiak eman zitzaizkien egoera normalizatzeko.

Modu sinple batean esateko, bi estrategien arteko talka izan zen: euskal eraikuntza nazionalarena batetik eta espainiar estatuaren kohesioarena bestetik. Badakit lege berriarekin ez dela horrelakorik gertatuko. Badakit eraikuntza nazionalean sare publikoak ere parte hartu behar duela, baina harrigarria egiten zait nola sektoreko sindikatu batzuek eta ezkerreko alderdi zenbaitek garaiko mamu berekin edo bertsuekin jarraitzen duten.

Hezkuntza ispilu bat da, non sindikatu eta alderdiek naziotasunari buruzko irudia islatzen duten. Zer gertatuko zen baldin eta 91ko legeak bilakaera eten ez balu? Sare hori ez ote zen izango Elkarrekin Ahal Duguk proposatzen duen sarea bezain publikoa? Edo publikoa izateko derrigor estatala izan behar du? Edo ezin da titularitate partekaturik onartu?

Eskola baten indarra komunitatean eta inplikazioan baitago eta inplikatzeko zer hoberik proiektuan partaidetza zuzena izatea baino?

Hitz batean: ezin zaie XXI. mendeko erronkei XIX. mendeko mitoekin erantzun. •