Gezurra ez, baizik tontotzat hartzea gorroto dugulako
Bizi dugun garai ziniko honetan denok dakigula gezurrean instalatuta gaudela eta ezjakinaren plantak egiten ditugula aipatu zidan aurreko batean lagun filosofoak. Ordenak menderatzea eskatzen duela eta bikote horren ume txikia gezurra zela, gezurrik gabe ez dagoelako menderatzerik. Herenegun egin nuen ikastolako lagunarekin topo, urteak elkar ikusi gabe, eta psikologo jarduten duela aipatu zidan. Kontu kontari kafea hartzen ginela, errepasatu berri duen ikerketa baten berri ere eman zidan. Gezurra esateko abilidadea gure adimenaren seinale ondradu bat dela ziostan. Alegia, besteak inpresionatzea, egia edo esanahia kontuan hartu gabe, sarritan gezur deliranteak esanez, sistema sozialetan eraginkor nabigatzeko gure adimena naturalki orientatuta dagoela frogatzen duen zientziaren ebidentzia dela. Broma gutxi.
Gezurra esatea sortze berekoa dugula, hori ulertu nion. Umeek ez dutela gezurrik esaten? Ez dela egia ziostan. Eta bai, hor arrazoia eman nion, ni esanda nagoelako nireari 1,40 metroko altuera zuela esateko atrakzio batean sartu ahal izateko; eta beste atrakzio batean, ez zituen urteak zituela esateko, horrela sarrera ez genuelako ordaindu behar. Eta bai, arazorik gabe esan zituen gezur horiek. Gazte, zahar, eme eta ar, denok esaten ditugu gezurrak. Batzuk behartuak dira, beste batzuek engainatzen dute, ustelak ere badira eta beste batzuk oso arriskutsuak.
Are, gure gezurrak kodifikatzen ditugu. Sentimenduak ez zauritzeko gezur errukiorrak daude: «Argalduta ikusten zaitut, kristoren itxura ona daukazu» esateko gai gara azkenekoz ikusi genuenetik ia 30 kilo irabazi dituenari. Estualditik ateratzeko gezur grisak ere badaude, automobilean goazela semaforoa gorriz pasatu eta udaltzainari laranja kolorean zegoela esaten diogu, beti-beti. Edo gezur beltzak, iruzur totala egin nahian: automobilak kristoren kolpea zuen kontzesionariotik hartu nuenerako. Gezur gorriak ere badira, mendekatiak. Egun, bistan da, gezurraren inguruan gezurra esatera iritsi gara; eta desinformazioa deitzen diogu, edo faltsutasuna, edo «fake news» neologismoa.
Egia esaten ez duten politikariak badira, hau esan eta hori izan, gezurtiak ez diren plantak egiteke dabiltzanak gainera. Gezurti zintzoak egon daitezke? Ohituta gaude haien gezurretara, baina, nago, gezurra esatea ez, baizik gu tontotzat hartzea gorrotatzen dugula. Publikoari gezurra esaten diote beren benetako ikuspuntuen inguruan, eta jendea horrela engainatzea ez da sorpresa bat. Gezurraren parte utilitarista aipatuko dizute, gezurra esan behar dela, bai ala bai, akordioak, negoziazioak eta maniobra diplomatikoak errazteko.
Ezjakintasun publikoa manipulatzen dute abantaila ateratzeko, eskrupulurik gabeko estrategia da, ohitura egina, ohiko ustelkeria. Politikari horiek, 007 agenteak hiltzeko bezala, gezurra esateko lizentzia hartu dute. Baina gezurra esateko lizentzia, egiazki, hiltzeko lizentzia bat da: herriaren konfiantza hiltzeko, botoa emateko motibazioak, etorkizun hobe batean esperantza, zintzotasun eta integritate guztiak hiltzeko lizentzia.
Zeinek erabakitzen du zer den egia? Gobernuak? Egiaren Ministerio orwelldar batek? Inolaz ere. Besteei gezurra esaten badiozu engainagarria zara, zeure buruari gezurretan ari bazara delirante bat. Mark Twainek esan zuen egia esaten baduzu ez daukazula gogoratzeko ezer. Eta, niretzat, hori ez da gezurra. •