Juantxo EGAÑA

Nazionalkatolizismoaren zutabeetako bat

ALBERTO SCHOMMER KOCH. ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAREN AGIRITEGIA
ALBERTO SCHOMMER KOCH. ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAREN AGIRITEGIA

1939an, Erantzukizun Politikoen Legea aldarrikatu zenean, Gobernu frankista ofizialki hasi zen maisu-maistren purgak egiten, nahiz eta haietako askori lege horren aurretik errepresioa, erbestea eta kartzela pairatzea egokitu zitzaien, eta batzuk fusilatu egin zituzten. Sistema berriak, nazionalkatolizismoak, hezkuntza zuen bere zutabeetako bat. Elizak aurreko mendeetan hezkuntzan izan zuen papera berreskuratu zuen. Bizkaian, 1937ko iraileko araudi batek eskola guztietan gurutzea jartzeko eskatu zien udalerri guztiei: «Beharrezkoa da Bizkai osasuntsu, kristau eta espainiar honek jainkogabeak eta aberrigabeak garbitu, Kristori hartutako zorra ordaindu eta, solemnitate osoz, bere altzora Espainiako hainbat seme-alabaren odolean blai eginda itzuli den gurutze hori berreskuratzea». 1945ean, legerik atzerakoienetako batzuek honela zioten: «Espainiako hezkuntzak, bere garai onenetako tradizioarekin bat etorriz, katolikoa izan behar du, eta dogma eta moral katolikoaren printzipioei eta indarrean dagoen zuzenbide kanonigoaren xedapenei lotuko zaie». Artikulua ilustratzen duen argazkia 1959an egina da, Gasteizko Elurretako Andre Mariaren babes etxean.