Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
LIBIAN HARRAPATUTA

Migrazio gaietarako Libiarekin duen akordioa etetea eskatu dio MSFk Italiari

Bost urte bete berri dira Italiak eta Libiak, Europar Batasunaren onarpenarekin, migrazio hitzarmena sinatu zutenetik. Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Erromari eta Bruselari eskatu die laguntza gehiagorik ez ematea Libiari etorkinak eta babes eskatzaileak atxilotzeko eta itzularazteko.

Duela bost urteko otsailaren 2an, Italiak eta Libiak memorandum bat sinatu zuten etorkinen eta babes eskatzaileen mugimendu eskubidea murrizteko. 2020an hitzarmena beste hiru urtez berritu zuten bi herrialdeek, Europar Batasunaren oniritziarekin. 2017tik hona, Italiak Libiako kostazainei laguntzeko nazioarteko misioetarako 32,6 milioi euro eman ditu, horietatik 10,5 milioi iaz. Europar Batasunak (EB) Afrikako herrialde horri 445 milioi eurotik gora eman dizkio migrazioa geldiarazteko eta etorkinak nahiz babes eskatzaileak deportatzeko behin atxilotu ostean. Mugak kudeatzen dituzten agintari libiarrek 57 milioi euro jaso dituzte. Soilik 2021ean, Libiako kostazainek 32.425 pertsona, horien artean 1.309 adin txikikoak, atzeman zituzten itsasoan eta beraien borondatearen kontra Libiara itzularazi zituzten. 2020arekin alderatuta, kopurua ia hiru aldiz handiagoa da. Memoranduma sinatu zutenetik hona, 83.000tik gora pertsona gelditu dituzte Libiako kostazainek. Bost urte hauetan, 8.063 pertsona hil dira Mediterraneoan. 2020an, 999 pertsona hil edo desagertu ziren itsasoan; iaz, berriz, 1.553.

Nazioarteko Migrazio Erakundeak (IOM) kaleratu berri dituen datuen arabera, 2022ko lehen sei asteetan, 1.721 pertsona itzularazi dituzte herrialde afrikarrera nahiz eta leku segurua ez izan. «Italiak eta EBk Libiari ematen dioten aholkularitza eta laguntza ekonomiko, militar eta teknikoa etorkinen eta errefuxiatuen giza eskubideen kontura da. Lankidetzarako memorandumak migratzaileen kontrako esplotazio, estortsio eta abusu sistema besterik ez du indartzen. 2021eko urriaren 4an, Nazio Batuetako ikerketa batzorde batek Libiara egindako bisitaren ostean etorkinek bertan pairatzen dituzten eskubide urraketak gizateriaren kontrako krimentzat jo daitezkeela ondorioztatu zuen. Urtarrilean, Associated Press albiste agentziak EBren sekretupeko txosten militar baten berri eman zuen. Libiako agintarien aldetik indarraren gehiegizko erabilera aitortzen du», nabarmendu du Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak, Libiak eta Italiak sinatu zuten memorandumaren bosgarren urteurrenaren harira plazaratu duen prentsa agirian.

NBEko ikerketa batzordeak salatu zuenez, «etorkinek, asilo eskatzaileek eta errefuxiatuek etengabeko giza eskubide urraketak sufritzen dituzte, bai itsasoan, bai Libiako atxiloketa guneetan, baita pertsona trafikatzaileen eskuetan ere. Migratzaileen giza eskubideen kontrako urraketak maila zabalean eta orokortuan gertatzen dira. Urraketa horien arduradunak estatu mailako eta bestelako eragileak dira, baina betiere Estatuaren babesarekin, antolaketa maila oso altua baita. Estatuaren esku-hartzea kontuan hartuta, gizateriaren kontrako krimentzat jo daitezke migratzaileen giza eskubideen bortxaketak».

Nazio Batuetako idazkari nagusiak berak, Antonio Guterresek, migratzaileak «itsasoan atzemateko eta Libiara derrigorrez itzultzeko politikak berrikusteko» deia egin zien herrialde guztiei.

Erreskatatuen lekukotasuna

«23 urteko Kouassi gazteak Boli Kostatik, bere jaioterritik, ihes egin zuen. Harrapatua izan ostean, pertsona trafikatzaileei saldua izan zen Libian. Mugarik Gabeko Medikuek Mediterraneoan duten erreskate ontziak, «Geo Barents»-ek, noraezean zebilen itsasontzi batean aurkitu eta erreskatatu zuen. Aljeriatik muga zeharkatu ostean, 2020an Libian hiru hilabetez atxilotuta egon zela esan zion MSFko erreskate taldeari», gogoratu du gobernuz kanpoko erakundeak.

Hau da Kouassiren lekukotasuna: «Orkatilak eta eskumuturrak girgiluekin lotu zizkiguten. Orkatiletan orbain asko ditut. Hiru hilabete egon nintzen girgiluekin. Egurrezko eta metalezko barrekin kolpatzen gintuzten. Bizkarrean labanaz egin zizkidaten ebakien zauriak ditut oraindik ere. Basamortuan zegoen kartzela bat zen, oraindik eraikitzen bukatu gabeko etxe bat, zehatzago esanda. Ni nengoen logelan hamar pertsona geunden. Hainbat logela zeuden. Soinean generaman guztia kendu ziguten hara iristean. Gurasoei 800 bat euro eskatu zizkieten gu libre uzteko».

Jarraian, «Geo Barents»-ek erreskatatu zuen Kamerungo migratzaile emakume baten bizipenak: «Libiako kostazainek itsasoan harrapatu eta espetxera eraman gintuzten. Estatuko kartzela bat zen. Neska eta emakume asko geunden bertan. Erabat giltzapetuta geunden, ezin genuen kanpoaldea ikusi. Emakumeentzako atxiloketa zentro bat zenez, bertan zeuden poliziek eta guardiek neskak bortxatzen zituzten beti. ‘Nirekin oheratzen bazara, kartzelatik aterako zaitut’, esaten ziguten. Ihes egiten saiatzen ginen bakoitzean, kalaxnikovekin jotzen gintuzten. Ikusi nire eskuak, zauriz beteta daude. Zauri dexente ditut gorputzean. Kalaxnikovekin jotzen gintuzten haurdun egon edo ez, umetxo txiki bat besoetan izan edo ez. Argi izpirik ikus ez genezan atea ixtearekin eta gu betirako giltzaperatuko gintuztela esanez mehatxatu egiten gintuzten».

Namadu biolentziaren eta tiroketa baten lekuko izan zen. «Atxiloketa zentroan ez zegoen inolako garbitasunik, den-dena oso zikina zegoen, baita ura ere. Ez zegoen janaririk. Gizon batzuk atea apurtzen eta ihes egiten saiatu ziren. Guardiak gu guztion kontra tiro egiten hasi ziren. Bi gizon tirokatuta hil ziren. Beste batzuk gogor kolpatu zituzten. Bati baino gehiagori kaskezurra armekin puskatu zioten. Asko jipoitu ninduten».

«Jende guztiak ez du Europara joan nahi, baina tortura Libian jasanezina da. Askoz zailagoa da Libiatik ateratzea sartzea baino. Jendeak nahiago du itsasoan hil, Libian egon baino. Basamortuan kartzela sekretuak daude, atxilotze zentroak gainezka daudenean, hara eramaten gaituzte. Libian pertsonen arima hiltzen dute. Itsasoari baino beldur gehiago diot Libiari. Itsasoak dituen arriskuei aurre egitea Libian geratzea baino hobea zen», nabarmendu du erreskatatutako migratzaile batek.

«Gure aurrean zegoen Maltako itsasontziak Libiako kostazainei deitu zien. Etorri zirenerako, gutxienez bost lagun hilda zeuden. Libiako kostazainek gure ontzia zulatu zuten. Albo batean zeuden pertsona guztiak itsasora erori eta hil egin ziren. Gutxienez 30 pertsona. Ontzian 16 bat haur zeuden, horietatik 11 hil ziren. Lau umetxo zeuden, hiru hil ziren. Egia esaten ari naiz. Ez zuten gu salbatzeko saiakerarik egin. Ez zegoen salbamendu jakarik». «Geo Barents» ontziak erreskatatu zuen etorkin honek azaldutako tragedia 2021eko otsailaren amaieran gertatu zen.

Bashir, somaliarra eta 17 urtekoa, urtebete egon zen isolatuta argirik gabeko ziega estu batean Kufran, atxiloketa zentro ez-ofizial batean. «Torturatu ninduten. Jainkoari nire arima eraman zezala eskatu nion. Guardiek erreta zegoen plastiko zati bat hartu zuten eta nire gorputz gainean jarri zuten. Gela txiki batean nengoen. Eserita egon behar nuen. Leihorik gabe, iluntasunean eman nuen urte osoa. Askatu nindutenean, ez nintzen ibiltzeko gai, belaunak ezin nituen luzatu ere egin eta ezin nuen deus ere ikusi».

Mustafaren hitzetan, egun Libiak bizi duen egoera «katastrofikoa» da. «Atzerritar bat diamante bat bezalakoa da, odolezko diamante bat. Diruaren truke bahitu zaitzakete. Eta behin askatasunaren truke eskatzen dizuten dirua ordainduta, berriro bahitu zaitzakete. Migratzaile batzuk kartzelan hiltzen dira eta hori gertatzen denean, animaliak izango balira bezala botatzen dituzte eta kitto. Haien familiak ez du jakingo non lurperatu dituzten. Europak soilik sufrimendua eragiten duen sistema hau elikatzen du». Mustafa Malikoa da eta zenbait urte daramatza Libian bizitzen. «Geo Barents» ontziko tripulazioak bildutako lekukotasun hauek «migratzaile hutsak izateagatik milaka emakumek, haurrek eta gizonek Libian pairatzen duten errealitatearen isla dira».

«Migratzaileak izategatik trataren biktima izan daitezke, torturatuak izan daitezke, arrazoirik gabe atxilotuak izan daitezke eta xantaiaren biktima izan daitezke. Miliziek edo beste talde armatu batzuek migratzaileak bahitu egiten dituzte Libiara iristen direnean. Trafikatzaileak nahiz kontrabandistak migratzaileez baliatu egiten dira beraien mesederako. Hirietan bizi diren migratzaileak diskriminatu egiten dituzte eta jazarpena pairatzen dute. Atxiloketa arbitrarioen eta sarekaden mehatxupean bizi dira», nabarmendu du MSFk.

«Libiako kostazainek atzematen dituzten etorkin ia gehienak espetxeratu egiten dituzte. Italiaren eta Libiaren arteko akordioak indartu baino ez du egiten migratzaileak harrapatzen dituen esplotazio eta abusuzko sistema eta ziklo hori. Libiatik ateratzeko modu legalik ez dutenez, ezta bide segururik ere, gelditzen zaien irtenbide bakarra itsasoratzea da, nahiz eta jakin badakiten oso arriskutsua dela, eta migratzaile gehien hiltzen diren migrazio bidea izan. Mediterraneoa gurutzatzen dutenek ez dute beste aukerarik. Gobernu europarrek migrazio politikak erabakitzeko boterea dute baina hori egin beharrean mugen segurtasuna indartu dute. Pertsonen bizitza babestu beharrean eta giza eskubideak bermatu beharrean, disuasio politikak indarrean jarri dituzte», plazaratu du Matias Gilek, MSFko bilaketa eta erreskate lanen koordinatzaileak.

«Mediterraneoa gurutzatzeko modu legalak eta seguruak sortu beharrean, Europar Batasunak eta Italiak Libia migratzaileentzat eta asilo eskatzaileentzat euste horma bat izatea erabaki dute. Beste alde batera begiratzen duen aldi berean, Europak esplotazioa eta giza eskubideen etengabeko urraketa ahalbidetzen duen sistema anker eta krudel hori finantziatu egiten du», salatu du GKEak. Horregatik, hitzarmenaren bosgarren urteurrenean, Italiako Gobernuari eta Europar Batasuneko erakundeei hots egin die Libiari zuzendutako laguntza oro –materiala, ekonomikoa edo politikoa– bertan behera utz dezaten.

Kriminalizazioa

Era berean, MSFk erreskate lanak ekiditeko ipinitako oztopoak eta kriminalizazio saiakerak gaitzetsi ditu. 2021eko urtarriletik ekaina bitarte, erreskate operazioen kontrako bederatzi prozedura judizial abian ipini zirela gogoratu du. Bilaketa eta erreskate lanean jarduten duten ontzien blokeoak edo itxaronaldiak era gehitu egin ziren: 2020an 22 izan ziren, eta 2021ean 28.