Maddi Txintxurreta Agirregabiria
ABORTUA EKUADORREN

Bortxaketen biktimek abortatu dezakete Lassok galarazten ez duen bitartean

Otsailaren 17an Ekuadorren onartu zen lege berri baten arabera, bortxaketa baten ondorioz haurdun geratu diren emakumeek 12 astera arte eten ahal izango dute haurdunaldia. Salbuespen gisa, abortatzeko epea 18 astera luzatuko da haurren, nerabeen eta emakume indigenen eta landa eremukoen kasuan.

Ekuadorren abortua debekatu zuen lehenengo legeak ez zuen haurduna zigortzen, abortua eragin edo aholkatzen zuten medikuak, zirujauak edo emaginak baizik. 1837an ondutako Ekuadorreko lehenengo Zigor Kodeaz ari gara. Bertan, aipamena egiten zitzaion amaren baimenari: haurdunaldia eteteko baimena eman bazuen, abortua eragin zion profesionalak urtebete eta lau urte bitarteko zigorra jasoko zuen; baimenik ez bazen tarteko, bi eta sei urte artekoa.

Herrialdean abortua zigortzeko aurrerantzean erabiliko zen harroina, ordea, 1872ko Zigor Kodeak ezarri zuen; aurreko legedia baino kontserbadoreagoa, eliztarragoa, moralistagoa, autoritarioagoa: berariaz adierazi zuen babeserako ondasun juridikoa «moral publikoa eta familia» zela eta zigortu egingo zituen abortatzen zuten emakumeak. Bekatua delitu izatera igaro zen. Emakumeen sufragioaren aldeko mugimendua AEBetako mugez landa zabaltzen ari zen bien bitartean.

1938ko Kodeak aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen abortuaren gaian. Hasteko, babeserako ondasun juridikoa jada ez zen «moral publikoa eta familia», baizik eta «bizitza». Bestalde, honako kasuetan despenalizatu zen haurdunaldia etetea: emakumearen osasuna edo bizitza arriskuan zegoenean eta adimen desgaitasuna zuten emakumeen –«demente» eta «idiota» gisa zeuden jasota Kodean– bortxaketaren ondoriozko haurdunaldien kasuan.

Ia 80 urte igaro behar izan ziren Hego Amerikako herrialdeak Zigor Kode berria ontzeko. II. Mundu Gerra igaro zen, baita Peru eta Ekuadorren artekoa ere, emakumeek botoa emateko eta hauteskundeetara aurkezteko eskubidea erdietsi zuten, irauli zen teknologia, aldatu zuen mundua Internetek. Bada, 2014ko Ekuadorreko Zigor Kodeak ez zuen ezein aldaketarik egin emakumeen sexu eta ugaltze eskubideen arloan. Esaldi bat aldatu zuen soilik. «Demente» eta «idiota» adjektiboen ordez «ezgaitasuna duen emakumea» adierazpena jaso zuen.

Otsailaren 17ko Batzarra

«Presidentearen jarrera betoaren bidez adieraziko da, Konstituzioak agintzen duen bezala. Nik bizitza errespetatzen dut sortzetik», agertu zuen Guillermo Lasso Ekuadorreko presidenteak Los Rios probintziara egindako bisita batean. Otsailaren 17an, bortxaketa kasuetan abortua arautzen duen legea onartu zen Ekuadorreko Batzar Nazionalean, 1938tik ukitu gabe dagoen legedi atzerakoia aldaraziz. Hurrengo egunean egin zituen adierazpenok presidente eskuindarrak.

Legebiltzarrak onetsitako arau berriari esker, bortxaketen biktima diren andrazkoek haurdunaldia eten ahal izango dute 12 astera arte; eta salbuespen gisa 18 astera arte, haurren, nerabeen, emakume indigenen eta landa eremukoen kasuan. Orain arte, bortxaketen biktima ziren pertsonek debekatuta zuten abortatzea desgaitasunik ez bazuten aitortuta.

Arau berria Legebiltzarreko 75 batzarkideren aldeko botoei esker onartu zen. 41ek eman zuten kontrako botoa eta 14 abstenitu ziren.

«Gaur Osoko Bilkurak gehiengoaren erabakia hartu du, nesken, nerabeen eta emakumeen orainean eta etorkizunean garrantzi handia duen lege proiektu bati buruzko eztabaida parte-hartzaile, laiko eta demokratiko zabal baten ondoren», adierazi zuen legea onartu berritan Guadalupe Llori Batzar Nazionaleko presidenteak.

Johanna Moreira legegileak, lege proiektuaren txostenaren arduradunak, halaber, honako hau adierazi zuen: «Araudia Ekuadorreko herriaren eta sexu indarkeriaren biktimen errealitatera egokitzen da». «Emakume helduok herri honetan bortxaketa pairatu duten nesken alde sakrifikatuko gara», gaineratu zuen.

Ganberaren barruan, legegileek bi txosten aztertu zituzten: bata gehiengoarena eta bestea gutxiengoarena; besteak beste, abortua aplikatzeko epe desberdinak proposatzen zituzten. Lehenengo zirriborroak 16 astera arteko abortatzeko baimena jasotzen zuen adin nagusiko andrazkoen kasuan.

Bozketa otsailaren 17rako planifikatu zen, otsailaren 3an Batzar Nazionalaren Osoko Bilkurak bigarren eztabaida amaitu eta hartutako ondorioak azken testuan jasotzeko erabakia atzeratu ondoren.

Lege proiektu hau, beraz, lehen bozketa huts baten ondoren onartu zen. Bozketa horretan ez ziren lortu aurrera ateratzeko behar ziren 70 botoak, eta, beraz, Moreirak ordubeteko etenaldia eskatu zuen testuan aldaketak egiteko. 16 asteko epea 12ra jaitsi behar izan zuen azkenean, onartu ostean lehenengo proposatu zen epeak bere alderdiaren barruan ere desadostasunak sortu zituela. «Epeak aldatu behar izan ditugu, gure borondatearen aurka, adostasunei bide emateko», agertu zuen lege proiektuaren sustatzaileak.

Bigarren bozketan, beharrezko babesa lortu zuen testuak.

Bortxaketa kasuetan abortatzea despenalizatuta zegoen joan den urteko apiriletik, Konstituzio Gorteak hartutako erabaki baten ondorioz. Baina legea adostea behar zen horretarako baldintzak finkatzeko.

Alde eta kontra

Otsailaren 17ko Batzar Nazionalaren eztabaidak harrabotsa sortu zuen herrialdean. Abortuaren aldeko eta aurkako taldeak bozketa baino ordu batzuk lehenago agertu ziren kanpoaldean. Bi muturretako ahotsak entzuten ziren, kontrako mezuek elkarbanatu zuten espazioa. “Ez gehiengoa, ez gutxiengoa. Bizitzarekin ez da tratuan ibili behar”, zioen pankarta batek, eta beste batek, metro gutxira, honakoa: “Abortu klandestinoen ondoriozko heriotza bakoitza, bortxaketatik bizirik atera direnen amatasun behartu bakoitza, zuen erantzukizuna da, batzarkideak”.

Bien bitartean, lege honen aldarrikapena Ekuadorreko presidente Guillermo Lassoren esku dago. Hark 30 eguneko epea du Erregistro Ofizialean legeari osoko zuzenketa edo zuzenketa partziala aurkezteko eta jada iragarri du egingo duela. Berak deuseztatu dezake azken mendean Ekuadorren abortuaren gaiarekin erdietsi den aldaketa bakanetako bat.

 

Kolonbia, pauso bat aurrerago

Kolonbiako Konstituzio Gorteak 24. astera arte despenalizatu zuen abortua pasa den otsailaren 21ean, 1837tik Zigor Kodean jasota zegoen eta espetxe zigorrekin ordaintzen zen abortua legeztatuz. Epai berriak, gainera, haurdunaldia eteteko epe luzeenetako bat baimentzen duten herrialdeen artean sartu du Kolonbia, Herbehereak, Kanada, Erresuma Batua edo New Yorken pare.

Orain arte, Kolonbian hiru kasutan jasotzen zen abortatzeko eskubidea: bortxaketa kasuetan, fetuen malformazioa bizitzarekin bateraezina bazen eta haurdunarentzako osasun fisiko edo buru osasuneko arriskua bazegoen. 2006an zehaztu ziren kausal horiek eta, hiruretako bat betetzen ez bazen, debekatuta zegoen haurdunaldia etetea.

Otsailaren 21eko erabakiak Bogotako Gortearen inguruak bete zituen epaia pozez hartu zuten lagunekin: “Latinoamerika osoa feminista izango da!”.