Antton Izagirre

Hausterreak

Hasi eta buka, joan dira aurtengo inauteriak. Hausterre egunak amaiera eman die maskara, txantxo eta identitate eraldatuei.

Garai batean, liturgia kristauak ezarria zuen egun hura Aste Santua bitarteko Garizuma aroaren hasiera markatzeko. Elizak, inauteriak berekin zituen gehiegikeria eta arau hauste guztiei amaiera emanez, barau, ordena eta fede giroan sartzeko erritu modura ospatzen zuen. Eliz giroan, fededunen kopetetan errautsez marrazturiko gurutzeak aratusteko bidegabekeriak zuzentasunera ekarri izanaren sinbolismo osoa hartzen zuen. Pandemiaren ondorengo lehen inauteri hauen biharamunean Hausterre egunak bestelako sinbolismoa izan duelakoan nago. Oso luze eta gogor jo du, derrigor maskara jantzita eraman beharrak, lagunarteko distantzia behartuak, besarkadarik eman ezinak, bakartuak izateak...

Aurtengoak mendekua hartzeko festak bihurtu dira. Ia-ia ezustean. Mendekua ordena estuari, agintekeriei, derrigortasunari. Inauteriek berez duten inprobisazioak goia jo du eta leherketa izan da. Parentesia luzeegia izan dugu. Esan liteke birus batek gure artera ekarri dituen debeku, min, tristezia eta zurruntasun guztiak inauterien eztandaz gainditu ditugula. Jasandako errepresioa energia bilakatu, norberaren mugak ertzeraino eraman, orekak hautsi, barne haserrea askatu, erru usteak baztertu.

Egindakoaz eta bizitakoaz damurik ez. Hala bizi izan dute askok. Inoiz izatekotan, aurtengoak askatzaileenak izan direla pentsa genezake.

Amaieran, Hausterre egunean, fedearen morrontzatik salbu, inork gutxik joko zuen elizara, errautsez egindako markaren eskean. Garizuma ilunegia da.

Hala ere, ezin ahaztu, indarkeria matxistek eta urruti gabe, egun eta ordu berean, gerraren suak utzi dituzten bestelako hausterreak. •