Iker Barandiaran

Nahi adina

Kuadrillako lagun baten aitaren hiletatik etorri berri, zoritxarrez gero eta ohikoago bihurtzen dabilen tonikan. Segidan, duela urte batzuk fisikoki elkartzeko asmoarekin sortutako whatsapp taldean mezu bat, umore beltzean baina egiazkoa erabat: gu ere beste hauek bezalaxe hil aurretik, goazen behingoz bazkari baten bueltan elkartzera. Izan ere, gurea ez da inola ere euskal labela daukan kuadrilla horietako bat: bakoitzak bere bizimodua dauka –askotarikoa–, bere afizio, bere leku, kezka eta pasioak erabat desberdinak dira; ez gara ia inoiz elkartzen, baina badago zerbait –azaldu ezina– nerabezaroan batu gintuena eta hor nonbait modu erabat naturalean piztuta jarraitzen duena.

Bada, ditxosozko pandemia hau baino lehenago hasi ginen tarteka mahaiaren bueltan elkartzen eta horri esker elkarren berri izaten eta gozatzen. Baina garai luze honetan heriotzak bakarrik batu gaitu. Horregatik, mezu beltza, eta dagoeneko badugu data bat erabakita!

Gurasoak hiltzen hastearen hori eta bizitzako ‘batallita’ edo pasarteak oroitzean pasatu diren urteak sinesgaitz zenbatu eta harritzearena bizitza legea da. Ospatzekoa da bizi izan dugun guztia eta, jakina, oraindik asko bizitzeko moduan gaudela. Baina pasatu dira urte dezente, bete eta bizi izan ditugu; ondorioz, hotzean onartzea kostatzen bada ere, jada ez gara gazteak. Ja,ja, ja.

Pandemia aurretik makina bat alditan eztabaidatu genuen lagun batek eta biok dagoeneko ez garela gazteak, agian cuarentón baino cuarentañeroak garela –xuabeagoa ote–, eta badela ordua –noiz, bestela?– gazte ez garela aitortzeko. Dezente eztabaidatu ostean, ondorioztatu genuen gazte ez, baina gu bion kasuan pertsona aktiboak bagarela. Eta hori ez da gutxi, e!

Horren harira, gogoan daukat orain dela urte batzuk –izango dira aurreikusi baino gehiago seguruenik– Gaztetxean guk geuk antolatutako kontzertu baten ostean gaua ezohiko eran luzatuta, orduko Gaztetxeko asanbladako kide batzuek –haiek bai gazteak– ziria jo nahian galdetu zidatela ea nik zer egiten nuen han. Bada, nik bat-batean erantzun nien ea haietako zeintzuk egongo ziren han gauzak antolatzen nire adinean. Isilik gelditu ziren, eta beste gogoeta bat zabaldu nuen, antza. Badira, esaterako, jende nagusiagoa ere modu aktiboan aritzen den guneari «gaztetxea» ordez beste modu batean deitzeko saiakerak egin dituzten herriak. Niretzat eztabaida horrek ez dauka garrantzirik.

Izan ere, oso-oso ohikoa da tamalez, adina (ez bakarrik) dela medio jendea apoltronatzea edo bestelako ardurek zailduta, nagikeria nagusitu eta, guztiaren ondorioz, kale presentzia eta aktibitatea desagertzea. Hori da, bada, saihestu behar dena. Eta aktibo jarraituz gero, oso presente izan behar da espazio bakoitzean nork izan behar duen protagonismoa; hori ere zaindu behar da bai gaztetxeetan, bai eragile desberdinetan, bai testuinguru jakinetan… adinari zein generoari erreparatuta, besteak beste.

Bitxikeria gisa, orain gutxi bazkaria eta parranda egin genuen punka oinarri Arrasateren historia zati bat azalera ekarri genuen lagunok. Esperientzia ederra izan da oroimen historikoko lan hori eta prozesua bera, eta jardunean genbiltzala behin eta berriro azpimarratu genuen belaunaldi desberdinak –hor ere modu naturalean– batu izanaren aberastasuna, beste esparru askotan ikusten ez dena. Ba, hor ere mahaiaren bueltan –edo agian gerora tabernazuloren batean– konturatu ginen batutako gazteenaren eta nagusienaren artean 28 urteko aldea zegoela!! •