MAR. 12 2022 BIZIA JOKOAN DAGOENEAN Europa berdeak eragiten dituen sakrifizio eremuetako urraketen ahotsak Bilbon Munduko alde honetan krisi klimatikoaz hitz egiten dugun bitartean, planetaren beste muturrean enpresa transnazionalek eragiten dituzten inpaktuen aurreko borroketan ohikoak dira mehatxuak, jazarpena eta eskubideen urraketa. Euren lurraldeak babesteagatik bizitza arriskuan jartzen duten horiek Bilbon hitz egin dute. Nerea Goti Sei urte bete dira Berta Caceres hondurastarra enpresa baten interesen aurrean lurraldea (edo bizitza) defendatzeagatik tiroz hil zutenetik. Lenca herri indigenako buruzagi eta ingurumenaren aldeko ekintzaile feminista 2015. eta 2019. urteen artean eraildako 1.323 aktibistetako bat izan zen. DESA enpresako goi kargudun bat haren hilketaren arduradunetakotzat jo dute. Bilbon egin berri den “Bizitza jokoan” kongresuan haren oroimena hauspotu dute. Pentsa daiteke milaka kilometrora gertatutako heriotza horiek munduko alde pribilegiatu honekin zerikusirik ez dutela, beste testuinguru batzuetako errealitateen ondorio direla, baina sistema harrapariaren logika gaiztoak urrun kolpatzen du irabaziak hona ekartzeko, eta praktika ezaguna da. Hemen totem bat den trantsizio ekologikoaren diskurtsoak beste aurpegi batzuk erakusten ditu kanpoan, eta horren berri eman duten ahotsak entzun dira Bilbon, urrutikoen eta hemengoen ahotik. Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta, krisi klimatikoaren eta giza eskubideen arteko harremanean sakondu dute topaketa horiek, muinean dagoen auzia ondo deskribatzen duen izenburuaren pean. Gobernuz kanpoko erakundeak berak nabarmendu zuenez, krisi klimatikoaz eta ekintzara pasatzearen beharraz hainbeste hitz egiten den honetan, ekintzara pasatzea biziarekin ordaintzeraino hel daiteke. Horregatik, klima larrialdiaz hitz egiten den bakoitzean gogoan izan beharreko kanpoko inpaktuak mahaigaineratu eta lehen pertsonan bizitza defendatzeagatik bizia jokoan jartzen dutenei eman die ahotsa, esperientzia eta ikuspegi ezberdinetara hurbilduz: alderdi politikoenak eta erakundeenak, megaproiektuen makineria administratiboari aurre egiten dioten ekintzaileenak, eta enpresa handiei aurre egin eta lurraldea defendatzeagatik mehatxupean bizi direnenak. Beltza, feminista eta aktibista Itzul gaitezen Berta Caceresen Honduras maitera, eta mintza gaitezen bertan krisi klimatikoaren inguruan duten esperientziaz. Yessica Trinidad Hondurasko Defendatzaileen Sareko kidea da. Azaldu zuenez, beltza da –eta horrek berez badakartza ezberdintasunak–, eta feminista; eta beltza eta feminista izatea «ez da batere erraza etengabe emakumeak hiltzen dituen herrialde batean», baina gaineratu zuen, horrez gain, «eskubideen defendatzailea izatea» bururatu zitzaiola, «eta hori oso arriskutsua da». Defendatzaileen Sarea 2010ean jaio zen eta bere mandatua lurralde ezberdinetan giza eskubideak defendatzen bizirik atera diren emakumeak babestea da, erauzketa enpresei aurre egiten dietenak eta indarkeria matxistaren biktima direnak. Horietako asko nekazariak dira. Yessica Trinidad ez da nekazaria, baina nabarmendu zuenez, «lur jabeei aurre egiten dieten emakume nekazarien arriskuak» bizi ditu gertutik. Milaka kilometrora dagoen errealitate horrek lotura argiak ditu Mendebaldeko ongizatearekin, bizimoduarekin, Trinidadek berak gogorarazi zuenez. Kontatu zuen kontinente honetara bidaiatu duen bakoitzean pentsatu izan duela «zein polita den Europa, zenbat baso dauzkan, zer garbi daukan dena», baina zera erantsi zuen: «Hori gure herrialdeetan bizi dugunaren kontura da, zeren hemen ez dago Hondurasko erauzketa enpresarik, baina Hondurasen enpresa kanadarrak, estatubatuarrak, europarrak... daude eta han bizi garenok enpresa horien indarkeriari egin behar diogu aurre: xaxatzeari, etengabeko jazarpenari eta prestigioa kentzeko kanpainei. Horren adibide dugu Bertaren bizitza». Hilketa da defendatzaileen bizitzarekin egiten duten azken gauza, baina «horren aurretik askoz indarkeria gehiago jasan behar dugu, eta horiei guztiei aurre egin behar izan zien Bertak». Trinidaden esanetan, «nekagarria» da politikariei aurrerapausoak ematen ari direla entzutea eta sinistea politika publikoenganako eskatzen duten konfiantza horretan, «legeak egitearekin ez delako nahikoa». «Kontsumoarekin zerikusia duten eta ondo ez dauden gauzak aldatzen joan behar dira; nola kontsumitzen dugun, errespetuz, pentsatuz mundua ez dela soilik aurrean duguna eta beste mundu batzuk ere badaudela, pentsatuz beste leku batzuetan Europaren kontsumoari aurre egiten diogun beste pertsona batzuk daudela», gaineratu zuen. Enpresen behatokiari ezetza Hondurastarrak minutu batzuk lehenago euskal politikariek aipatutako gai bati heldu zion. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi zuen enpresak nazioartekotzeko politikak ez duela giza eskubideen logikan eragiten. Horregatik, hemengo enpresek kanpoan zer egiten duten zaintzeko gizarte mugimenduek eskatzen duten enpresen eta giza eskubideen behatokia sortzeko proposamena egin dutela gogora ekarri zuen Oterok, baita alderdi batzuk horren aurka agertu direla ere. Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategiren ustez, tresna eraginkorra izan daiteke behatoki hori; Unai Grajales EAJko biltzarkidearen ustez, aldiz, indarrean dauden nazioartekotze planak badaude jada gizarte erantzukizuneko esparru berri batekin lerrokatuta: gauzak ez doaz nahi genukeen abiaduran baina kontzientzia berri bat dago eta enpresen artean gero eta barneratuago ikusten du kontzientzia hori. Oterok zera erantzun zuen, ordea, «barra librea dago nazioarteko kapital finantzarioarentzat» eta «ez dago argi abusuzko praktikei muga jar dakiekeenik». Gizarte erantzukizuna barneratuta ez duten enpresa asko dago munduan, eta horien aurreko esperientzia kontatu zuen Trinidadek. Esan zuenez, milaka eraso erregistratu dituzte azken urteetan, eta bistan da ez dituztela gertatzen diren guztiak jaso, ezin dutelako lurralde guztietan egon. Itxaropen handiak piztu ditu Xiomara Castro Hondurasko lehen emakume presidenteak. Trinidadek aipatu zuenez, Gobernuak iragarri du ez dela aire zabaleko meatzaritza jarduera gehiagorik egongo. Albiste ona da, baina herrialdeak beste arazo handi bat daukala esan zuen ekintzaileak, batzuetan Hondurasen zaila delako «ezberdintzea droga trafikatzaileen, politikarien eta enpresarien artean», eta arazoa funtzionarioenganaino heltzen delako. Hondurasko Defendatzaileen Sareak bezala, emakume aurpegia du Kolonbiako La Guajirako Cerrejoneko aire zabaleko ikatz meategiaren aurkako wayu herriaren erresistentziak. «Enpresa transnazionalak bizitza suntsitzen ari dira gure lurraldeetan», esan zuen Jackeline Romero wayu herriko buruzagiak. Politikarien diskurtsoa hartu zuen hizpide Romerok ere: «Koherentzia politikoaz hitz egiten dutenean, esaten duguna entzun beharko lukete». Deskarbonizazioaz hitz egiten denean, burura etortzen zaio Cerrejoneko enpresak urtero ateratzen dituen 40 milioi tona inguru horiek. «Enpresa hauek erraztasun guztiekin heltzen dira eta arauen hauskortasunaz baliatzen dira». Gutxi batzuei mesede egiteko Enpresa horiek sortzen duten aberastasuna, gainera, ez da lurraldean geratzen. Oso zerga txikiak ordaintzen dituzte eta bistakoa da negozioak kalteak baino ez dituela ekartzen hango bizilagunentzat, eremu pobreen artean baitaude meatzaritza proiektuak hartzen dituzten lurrak. Azaldu zuenez, handik irteten den ikatz preziatua «odolez zikinduta» dago, eta logika zital baten ondorioz, gurean isurketak murrizten diren bitartean, han behartuta daude euren lurrak «sakrifizio eremu» deituriko horietako bat izatea onartzera. «Ezin da sakrifizio eremurik izan gutxi batzuei mesede egiteko», azpimarratu zuen. Ikatz meategiarekin gutxi ez eta, lehenengo parke eolikoa inauguratu dute, eta 2030. urtera arteko proiekzioa halako beste askoz josita dagoela zehaztu zuen Romerok. «Energia berdea izango da, baina ez bidezkoa», ohartarazi zuen. Proiektu horiek energia ekoizteko forma berriez hitz egiten iristen dira hara, klima aldaketaren aurreko diskurtso berri batekin, baina «guretzat gauza bera da». Wayu herriko liderrak zehaztu zuenez, ondo ezaguna da enpresa horien jarduerak daukan inpaktu handia, ur horniduraren gabezian, lurraren erabileraren aldaketan, hazi tradizionalen eta lurren galeran... eta Europako herrialde batzuek euren ikatza ekoizteari uztea erabaki dute, baina bitartean Guajirakoa erosten jarraitzen dute: «Herrialdeen diskurtsoen hipokrisiara itzultzen gara; ez dago herrialdeen garapen politikek benetan eragiten duten klima aldaketaren aitormen zintzorik». Jakinduria eta zaintza Romerok eta Trinidadek ordezkatu dituzten espoliazioaren aurkako esperientziak bat datoz herri indigenen jakinduriari eta emakumeen arteko sareei emandako garrantzian. Arbasoen legatuak lurraren zaintzaz eta erroez hitz egiten du, eta erasoen aurreko errezeta bakarra komunitatean eraikitako babesa da. Yessica Trinidadek aipatu zuenez, Hondurasen proiektu politikoa indartzen ari dira. Herrialdetik hilabetero karabanak irteten diren arren, «guk argi daukagu bertan geratu nahi dugula». Argi dute, halaber, aurrera egiteko gakoetako bi «jakinduria berreskuratu eta zaintza erdigunean jartzea» direla: «Zuretzako ni, eta zu niretzako, argi daukagu bakarrik ezin dugula egin». Onartu zuen, halere, beldurra ez dela desagertzen, eta horri aurre egiteko moduetako bat sareak jostea dela, «emakumeok elkar babestuz, geure burua sakrifikatu behar izatearen eta emakume perfektuak izatearen kultura horretatik askatuz, baina batez ere barre asko eginez». «Emakumeok errautsetatik tximeletak ateratzeko botere hori daukagu», erantsi zuen Jackeline Romerok borrokan jarraitzearen moduaz. Gogora ekarri zuenez, wayu emakumeek argi ikusi zuten elkartzearen beharra: «Senideak ginen emakumeak, indar publikoak bortxatuak, sarraskituak, gatazka armatuaren esparruan desplazatuak, geure burua defendatzeko eta geure artean zaintzeko lehen erresistentzia ariketa gisa elkartzea erabaki genuen». Ingurumenaren eta giza eskubideen aldeko aktibismoan aritzen diren emakumeak politikoki heztearen garrantzia onartu zuen Romerok, «gizonen sistemaren aurrean birkokatzeko». Gaineratu zuen kanpotik datorren indarkeriaz gain antolakundeen barruan gertatzen diren biolentziak ere badaudela, eta kritika eraikitzaile baten barruan errealitate horri erantzuten saiatzen direla, emakumeen ekarpenak, protagonismoak ez direlako beti ongi hartuak. Horren ondoan, gero eta indar gehiago hartzen ari den estrategia juridikoak erne egotera behartzen dituela azaldu zuen. Indarren beste zati bat komunikaziora bideratu behar dute. Kolonbiako eta Hondurasko hizlariek nabarmendu zutenez, garrantzi handia du eta eskura dauden tresna guztiak erabiltzen dituzte. Informatzea funtsezkoa dela deritzote, gertatzen diren eraso eta urraketa guztien berri emateko, bai komunitate barruan eta bai kanpora begira. Horrek, gainera, lurralde ezberdinen arteko borrokak harremanetan jartzen laguntzen du. Kanpotik zelan lagundu daitekeen galdetuta, argi dute informazioa zabaltzea eta horri oihartzuna ematea ezinbestekoa dela isilarazi nahi diren bidegabekeriak ikusarazteko. Romerok gaineratu zuen enpresek ez dutela gustuko izaten eragiten dituzten egoerak plaza publikoan zabaltzea. Horregatik, bistaratzen laguntzeak duen garrantzia nabarmendu zuen. Gobernuen aurrean presioa egitea ere funtsezkotzat jo zuen. Hondurasen, Trinidadek komentatu zuenez, txalekoak, sakelako telefonoak eta «izu-botoia» eskaintzen omen ditu Gobernuak balizko arrisku egoerei aurre egiteko. «Tragedia horietaz barre egiten dugu, emakume indigenen berezitasunen eta komunitate buruzagien babesa eraikitzen dugunon aurreko inkoherentzia horretaz». Argitu zuen barre besterik ezin dutela egin norbaitek planteatzen duenean izu-botoia sakatzea arrisku egoera batean, adibidez, arma batekin apuntatzen dizun horren aurrean. Komunitate indigenen lurraldeetan enpresek eragiten dituzten gehiegikeriak dokumentatzea lagungarria izan daitekeela aipatu zuten, baita egokitzat jo ere zenbait alderditako politikariak haien lurraldeak bisitatu, zer gertatzen den egiaztatu eta euren legebiltzarretara eramatea. Gogora ekarri zuten Ivan Duqueri ez zitzaiola batere gustatu Europako Parlamentuko sektore batek salatu izana Kolonbiako eskubideen urraketetan duen erantzukizuna. «TEILATUTIK HASI GARA ETXEA ERAIKITZEN» Testuinguru ezberdinak dira, baina trantsizio energetikoaren inkoherentzien artean bizitza kolokan jartzen duten proiektuen kontrako beste bi borroka izan ziren Latinoamerikako esperientzien ondoan. Paseko Haranen Defentsarako Plataformarena da bat, parke eoliko eta energia berriztagarrien eredua horren garbia eta jasangarria ote den auzitan jartzen duena; eta Caceresen baterien fabrikaziorako behar den litioa lortzeko meatzaritza proiektuaren kontrakoa, bestea. Mar Mayorren esanetan, parkeak baino gehiago «poligono eolikoak» dira, herritarrak informatu gabe heldu eta lurraldearentzat urraketa argiak dakartzate, tokiko biztanleen arteko kontsultarik gabe ezarri nahi izan dira, lurraldeko planifikazio energetiko falta argiaren erdian, eta inpaktu handia dute eremu babestuetan, biodibertsitatean zein akuiferoetan. Kantabriarrak nabarmendu zuen «klima larrialdiaren erabilera interesatua» egiten ari direla, energiaren ekoizpena kontsumo lekuetatik urrun kokatzen duen egungo eskemaren barruan. Gogoratu zuen aerosorgailu batek energia fosila behar duela (fabrikatzeko eta zimendatzeko). «Ez dauka zentzurik zentral eolikoak jartzeko lursailak birkalifikatzea, lurzoru babestuak industrialak bilakatuz». Mayoren ustez, esperpentikoa da egungo araudiarekin eremu babestuetako lursail horietan txabola bat jartzea debekatuta egotea eta proiektu hauek baimentzea. Bere esanetan, lehendabizi «zer herrialde eredu nahi dugun» aztertu beharko litzateke, «zenbat energia behar dugun» eta orduan erabaki zer energia mota eta non instalatuko den: «Teilatutik hasi gara etxea eraikitzen». Caceresko Salvemos la Montaña plataformako Alejandro Palomok esan zuenez, borroka luze baten ondoren lortu dute aire zabaleko meategiko proiektua bertan behera uztea, fronte informatiboa eta judiziala landuz. Yessica Trinidad giza eskubideak defendatu eta indarkeria matxistari nahiz erauzketa enpresen indarkeriari aurre egiten dieten emakumeak babesten dituen sareko kidea da Bere ustez, legeak egitearekin ez da nahikoa, errespetuz kontsumitu behar da, Europaren kontsumo horren ondorioak beste herrialde batzuek ordaintzen dituztela kontuan hartuz «Zer polita da Europa, zenbat baso... baina hau guztia guk gure lurraldeetan bizi dugunaren kontura da; hemen ez dago Hondurasko enpresarik, baina han europarrak bai» Jackline Romerok nabarmendu zuenez, kontua da deskarbonizazioaz hitz egiten dietela, baina hango legedia «atzerriko kapitala erakarri eta dugun guztia eraman dezan diseinatu dute» Meatzeez gain, orain lurraldea parke eolikoz josteko aurreikuspenak daude. Beste diskurtso bat baina «gauza bera»: ez justiziarik, ez inklusiorik, ezta etekinetan parte-hartzerik ere Lurraldeen jabe egitera doazen enpresen praktikak salatzea laguntzeko modu bat da. Hemengo ordezkariak hara joan eta hango errealitatea dokumentatzea ere lagungarria da