GAUR8 - mila leiho zabalik

Lapurra erretzen denean


Argia ustekabean amatatu da eta plastiko erre usain batek hartu du gela. Sarrik esango luke ustekabean amatatzen dela argia beti, baina hamaika gailu entxufaturik dituen erregletari erreparatuko bagenio, ikusiko genuke denbora bat daramala lapurrak animaleko tentsioa jasaten, eta halako batean, beroaren beroaz, plastikoa urtu eta kortozirkuitua gertatu dela azkenik. Hori bai, akzidentea jazo eta ustekabean ilunpetan gelditu garenean, ohartu gara gure ahalmen eta borondateak energiaren jaunen mende daudela, eta bi aste iragan direnerako, haur ukrainiarrak baino larriagoak dira gas, olio, gasolio eta argindarraren prezioak. Kuriosoa da, baina gure dependentzia energetikoa agerian gelditzen denean, inork ez du fokua dependentzian jartzen, eta are gutxiago seinalatzen, munduan barreiaturik diren hamaika gudei esker ari garela gozatzen gure kontsumo gaitasun animaleko eta nazkagarriaz.

Jakina, lapurrak ez gara gu, gure agintariak baizik. Japoniako Unibertsitatean egin berri den ikerketak agerian utzi du BP, Chevron, ExxonMobil eta Shell konpainiek ez dutela azken 12 urteotan energia berderako trantsiziorik egin. Atmosferara 1965etik isuri den karbono dioxidoaren %10 lau konpainia hauen ardura da, eta finantza datuek erakusten dutenez, haien negozioek erregai fosilen mende jarraitzen dute. Hemen ere, urtebetean 2.300 milioi euroko irabazi netoa zuen Muskizko enpresak 80 inbertitu nahi zituen lau urte luzetan, karbonoan neutroak izango ziren 50 barril/egun ekoizteko, Petronorrek 220.000 ekoizten dituenean, duela bi urte “Gaur da eguna” artikuluan azaltzen nuenez. Iruzurra agerikoa da, baina deabruek ekialdekoak izaten jarraitzen dute.

Ilunetan gabiltza, eta ez dakusagu alternatibarik. Duela 20 urte karreran nintzela, hiru aurrerapen teknologiko “iraultzaile” aipatzen zitzaizkigun: ordenagailu kuantikoa, giro-tenperaturako supereroaleak (bateria gisa) eta fusio nuklearra energia lortzeko. Lehen bietan nahiko aurrepauso ikusi izan ditut, nahiz eta arazoak oraindik nagusi diren, baina hirugarrena beti izan da panazea moduko bat. Teknikoki oso zaila omen fusioa emateko masa kritikoa biltzea, ez dut ukatzen, baina kapitalismoaren erdian, itsasoko urez elika daitekeen energia iturri handi, seguru eta garbia lortzea, nork demontre sustatu behar du? Jakina, badira ikerketak eta fusio erreaktore esperimental batzuk. Hain zuzen, horietako batek, Oxforden (Ingalaterran) dagoen JET erreaktoreak, fusio nuklearraz inoiz lortutako energia ekoizpenik handiena eskuratu du (59 megajulio). Ia hirukoiztu egin du aurreko marka eta 5 segundo luzez mantendu dute ekoizpen tasa. Orain arte, inongo erreaktorek ez du lortu sartutako energia baino gehiago ekoiztea, ezta honek ere, baina ITER delakoan lor daitekeela iradokitzen dute ikerlariek. Imajinatzen al duzue energia menpekotasun eta lapurreta gabeko mundurik?

[...]

Eskerrak ilunbeak ditugula, argirik

oraindik ez badugu.

Ilunbetan bizitzen ikasi arte ez dugu

argi bizitzen jakingo.

Joseba Sarrionandia (Iluntasuna Neurtzen). •