MAR. 12 2022 FRUITU LEHORRAK, AUKERA Oskoldun fruta arbolak, euskal nekazaritzarako aukera bideragarria Oskoldun fruitu lehorrak euskal lurraldeetan ezartzeko potentziala eta bideragarritasuna aztertzeko, Neiker Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, Añanako Landa Garapenerako Elkarteak eta UAGAk lursail esperimental bat abiatu zuten. Emaitza ezin argiagoa da: fruitu horiek euskal nekazaritzarako aukera handia dira. Xabier Izaga Euskal Herrian gero eta fruitu lehor gehiago kontsumitzen da. 2020an, lau kilo inguru pertsonako. Hala ere, haien ekoizpena eskaria baino askoz txikiagoa da. EAEn kontsumitzen denaren %20 baino ez da ekoizten. Laboreen dibertsifikazioa eta merkatu berrietara irekitzea helburu, abian da UTG Nogal lankidetza proiektua, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak gidatua. Neiker Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta Añanako Landa Garapeneko Elkarteak 2019ko otsailean hainbat intxaurrondo landatu zituzten Zanbranako (Araba) lursail esperimental batean, EAEn bideragarriak diren aztertzeko. Joan den hilean “Euskadi, fruitu lehorretarako aukera” informazio saioa antolatu zuten, oskoldun fruta arbolek, batez ere intxaurrondoek, lehen sektorerako duten potentziala erakusteko. Mota horretako laboreak landatzeak eskaintzen duen aukera horretan interesa duten 30 bat nekazarik parte hartu zuten ekitaldian. Lursail esperimentala Proiektuaren koordinazio teknikoaz Neiker arduratu da, eta zentro teknologiko horretako Landare Ekoizpen eta Babeseko Departamentuko arduradun Amaia Ortizek azaldu dizkio GAUR8ri proiektuaren nondik norakoak, bere poztasuna disimulatu gabe. Duela sei urte hasi ziren lanean, oskoldun fruituak ekoitzi nahi zituen euskal enpresa baten eskaera zela-eta. Neikerrek artean ez zuen esperientziarik oskoldun fruta arbolen laborantzan; beraz, hasieratik ekin zioten prozesuari. Lehenengo ikerketan, EAEko ezaugarri agroklimatikoen balorazio sakona egin zuten, azken 40 urteetako datuak erabiliz, eta labore mota horietarako egokitasun mapa bat atera zitzaien. Lurraldeko inguru bakoitzeko arriskua baloratu zuten, uzta galtzeko eta espeziearen produkzio potentzialera ez iristeko arriskua, alegia, eta oskoldun fruta arboletarako daturik hoberenak dituen ingurua Arabako hegoaldea dela ikusi zuten, Zanbrana ingurua, hain zuzen. Horregatik, hantxe hasi ziren barietate ebaluaziorako lanak egiten. Orduan Añana Landa Garapenerako Elkartearekin, udalekin eta Zanbranako Administrazio Batzarrarekin bat egin eta han lursail esperimental bat jarri zuten, hiru fruta arbolaren produkzio ahala xehekiago aztertzeko: intxaurrondoarena, hurritzarena eta almendrondoarena. Fruta arbola horiekin lotutako merkatuaren azterketa bat ere egin zuten, eta oso aldeko baldintzak daudela ikusi zuten. Izan ere, Estatu espainoleko estatistiken arabera, urtean lau kilo inguru kontsumitzen dira pertsonako, horietatik kilo bat intxaur. Gutxi eman lezakeela dio Amaia Ortizek, baina zenbaki horiekin ere, kontsumoaren %80 inportatu egiten dela. Euskal Herrian portzentaje bera dago. EAEn %20 ekoizten da, baina ez da merkaturatzen, funtsean autokontsumorako baita: «Oso kantitate txikia ateratzen da merkatura hemen, oso-oso txikia». Horrenbestez, oso aukera handia dago fruitu hauen ekoizpenerako profesionalen lursailak jartzeko. Gainera, kontsumoak etengabe egiten du gora: %5 hazten da urtero. Hazkunde horretan nabarmena da argitaratu diren zientzia artikuluen eta dibulgazio albisteen eragina, fruitu lehorrak osasunarentzat onuragarriak direla azaltzen baitute artikulu horiek: arazo kardiobaskularrak, kolesterolekoak eta gisakoak dituztenentzat. «Horrek kontsumo handiagoa bultzatu du eta aukera ikaragarri handia zabaldu da; gainera, oso baldintza agroklimatiko onak ditugu eta aprobetxatu egin behar da», dio Ortizek. UAGA elkartearen bidez, nekazari talde batekin elkartu ziren, oskoldun fruta arbolak landatzeko interesa baitzuten. Euskal Herritik kanpoko beste lursail batzuk bisitatu zituzten, lursail horien baldintzak, beharrak… ikusteko. Hasieratik euren ezaguera eta emaitzak transferitu dituzte. Horixe da, hain zuzen ere, Neikerren apustua eta, Ortizi entzunda, baita grina ere: «Nik esan ohi dut gogoa ere transferitu dugula». Hiru intxaur barietate Orain Zanbranako hektarea bat baino gehiagoko sail esperimentalean ari dira. Bertan hiru intxaurrondo barietate jarri zituzten, inguruaren baldintza klimatikoak aintzat hartuta aukeratuak; hau da, izotzaldiak, laborearen egoera fenologikoa, ureztatzea, haren dosiak eta momentuak… eta egokitu beharreko inausketa mota: «Arbola nola gidatuko dugun oso garrantzitsua da, inausteko eskulan handia behar baita, eta guk lortu nahi dugu laugarren edo bosgarren urtetik aurrera hain eskulan handia eskatzen ez duen inausketa mota», azaldu du Ortizek. Hiru intxaurrondo motak inguru tradizionalaren desberdinak diren leku banatan daude jarrita: «Hemen intxaurrondo sailetan 10 metroko distantzia dago arbola batetik bestera, eta gu askoz arbola gehiago jartzen ari gara, ia bi halako, euren artean bost metroko distantzia, eta ilara artean, zazpi». Horretarako, ureztatzea eta inausketa oso ondo egokitu behar dira. Inausketa sistema bi dituzte, bat ardatz librekoa, arbolak luzeagoak izan daitezen, eta edalontzi itxurako inausketa, behean enbor sendoa eta goian hiruzpalau adar, edalontzi moduko bat osatzen dutenak. Ezberdintasun handia omen dago ekoizpenean inausketaren eta ureztatzearen arabera, eta horixe ikusten ari dira orain: «Hiru urte eskas joan dira landatu genituenetik eta hiru barietateek ematen dituzte intxaurrak, eta inausketa sistema baten eta bestearen arteko desberdintasunak ikusten hasi gara dagoeneko», azaldu du Neikerreko arduradunak. Ureztatzeari dagokionez, oso garrantzitsua dela dio, momentu kritikoetan arbolak ez baitu estres hidrikoan egon behar. Intxaurrondoak ur asko eskatzen du, baina ez da nahikoa inguru euritsu batean jartzea; izan ere, ur kantitate hori momentu aproposean behar du, intxaurrak handitzen ari direnean, hain zuzen; beraz, ureztatzeak eskatzen duenaren araberakoa izan behar du. Arreta handiz ikertzen ari dira ureztatzeko sistemak: tantakakoa, gomak lurrean zehar zabalduta dituena edo mikroihinztagailuz altxatua, eta lur azpiko ureztatzea, azken sailetan jarri dutena. Horietan uraren erabilera efizientea maximoa omen da. Ura noraino iristen den jakiteko sentsoreak ere jarri dituzte, ondoren nekazariei eskaintzeko datu ugari ematen dizkietenak. Merkaturatzeko ekimena Labore horien bideragarritasunari dagokionez, ez dute zalantzarik batere, orain arte egindako ikerketa teoriko-praktikoen argitan. Eta «badira pauso sendo bat eman duten nekazariak». Duela aste bi bost hektarea landatu ziren, baina 27 plantazio profesionaletik gora nolabait kontrolatu edo babestu dituzte dagoeneko «lagunduz, jarraipena eginez…». Momentuz Arabako hegoalde horretan ari dira gehienbat; hala ere, badakite beste zenbait ingurutan ere jarri dutela intxaurrondoa. Proiektu honek Añanako nekazariei laguntzen die, bertan dituzte datuak eta ziurtasun handienak, baina Ortizek dioenez, eurek hor jarduteak ez du esan nahi beste leku batzuetan ez dagoela jartzerik. Merkaturatzeko ekimenen bat ere abiatzeko pausoa ematea erabaki dute zenbait nekazarik, modu pribatuan, beste batzuei eskaintzeko edo elkarteak osatzeko asmoz. Labore mota horrek uzta ondoko tratamendu fina behar du. Intxaurrak lurrera eroritakoan lehortu egin behar dira; tradizionalki eguzkitan lehortzen ziren, baina profesionalak direnean, oso ondo kontrolatu behar dira onddoak, besteak beste. Intxaurrak, esate baterako, uzta bibragailuz bota behar dira; beraz, makineria igaro eta lanak mekanizatu ahal izateko moduko landatze esparruak jarri behar dira. Intxaurrak lurrera erortzen direnean, batu, garbitu, 24 ordu pasatu baino lehenago lehortu eta neurtu egiten dira. Fruta arbola mota horretarako makinak berariazkoak dira eta nekazari txikientzat inbertsioa oso handia litzateke; beraz, nekazari talde bat sortzea da helburua, denek erabiltzeko makineria hori justifikatzeko moduko azalera izan dezaten, inbertsio horiei aurre egiteko. Dituzten datu gehienak intxaurrondoari dagozkio, baina hurritzarenak eta almendrondoarenak ere badituzte. Hurritzaren zortzi barietate ebaluatzen ari dira. Urte asko ez direla hurritza Araban ugari ekoizten zen, baina haren laborantza pixka bat alboratu zen eskulan handia eskatzen zuelako, hurritza erruz muskiltzen den zuhaixka izanda, behin eta berriz inausi behar baita. Barietate horiek patroi baten gainean txertatzen dituzte eta kimatze ugari hori eragozten dute. Zenbait gida sistema aztertzen ari dira, zuhaixka barik zuhaitz izan dadin, edo zuhaixka izanda, adar asko eduki ez ditzan eta uzta mekanizatu ahal izateko. Hurritzaren kasuan oraingoz ziurgabetasun handiagoa daukate, ez baitakite gida sistema horiekin nola eta zer kantitate ekoitziko den eta pare bat urte itxaron behar da. Edonola ere, uste osoa dute hurritza ere benetako alternatiba izango dela. Fruitu lehorren oso kantitate txikia ateratzen da merkatura hemen; horrenbestez, oso aukera handia dago fruitu hauen ekoizpenerako profesionalen lursailak jartzeko Nekazari txikientzat inbertsioa oso handia litzateke; beraz, nekazari talde bat sortzea da helburua, denek erabiltzeko makineria hori justifikatzeko moduko azalera izan dezaten