Xabier Mikel Errekondo

Maitasuna

Behin xaman mexikar bati entzun nion maitatu edonor maita genezakeela, baina maitemindu amarekin baino ez. Ez da nire asmoa maitasun mota posibleen tesia osatzea, ezta hurrik ere; ulertzen dut ezberdinak garen aldetik norberak baino ezin duela deskribatu sentitzen duen maitasuna. Nik nireari baino ez diot heldu nahi.

Nork ez du maite ama? Muturreko salbuespen batzuk aparte eta arrisku handirik hartu gabe, esango nuke edozein etxetan amak bereak eta besteen lanak erruz dituela egin, eguna joan eguna etorri, aitortu gabeak gainera gehienetan. Maite dut ama. Amarengan pentsatzen dudan bakoitzean konturatzen naiz indar osoz maite dudala eta, hala ere, gogoan dut zenbat kosta zitzaidan aurrez aurre adieraztea, hain justu, 28 urte nituela senideen etxea utzi eta itzuli nintzenean, muxu bat eta besarkada batez. Nago, orokorrean sentimenduak ezkutatu zale garela, ezkutua erantsita goazela geure burua zurituz: «Berak badaki maite dudala, zertarako adieraziko diot ba…». Martxoaren 8an agian, no comment…

Nork ez du maite aita? Maitatzea eta maitatzea ez dira gauza bera, eta maite dut aita, nire aita… indartsu bezain hauskor, etxekoon zaindari, orain alai orain egoskor, jakintsu eta emankor, pilotazale amorratua, errebote eta joko garbi jokalari zubietar, naturaren eta musaren maitale. Gaztetatik txapela buruan, nork maite nor, biak elkarren behar bailiran, biak bat eta bakar, totema, etxean baino eranzten ez zuena.

Agian sarritan gertatzen da urruntzeak erakustea bertatik ikusi gabekoa. Agian urruntzeak erakutsi dit ausardia izaten edo behintzat ezarri ezkutua alboratzen, arriskatzen eta sentitutakoak besterik gabe adierazten. Agian ariketarik osasuntsuena izan zait. Benetan sentitutako muxuek, bostekoek eta besarkadek ezkutua hautsi zidaten betirako eta konturatu nintzen jasotzea bezainbeste behar nuela ematea. Muxutxo bana, maiteak. •