MAR. 19 2022 Egia, gerra garaian biktima, eta gerraostean borrero? Ramon Sola Oraindik gazteak ginela eta kazetaritzaren lanbidean hasi berriak ginela Irak inbaditu zuten Ameriketako Estatu Batuetako tropek. Lehen leherketekin batera ohartarazi ziguten adi-adi egotea komeni zela, hura izango baitzen telebistaz zuzenean etxerako salara ekarritako historiako lehen gerra. Zalantzarik baldin bazegoen, laster ikasi genuen telebistan ematea ez zela gardentasunaren pareko, kontrakoa baizik. Kameren eta estudioen beste aldean zeudenek guk ikustea nahi zutena ikusiko genuen, ez besterik. Hala ere, garai hartan egia orain baino gehiago baloratzen zelakoan nago. Bonba hotsak orain zertxobait iparralderagotik heldu zaizkigunean, Ukrainatik, hasieratik argi genuen alde bateko eta besteko gerrako jauntxoak gezurretan lehiatuko zirela. Eta horrela gertatuko da gerra amaitu arte; zenbat eta lehenago, hobe, jakina. Egia ez da bakarrik horrelako gatazka baten biktima naturala, gero eta gutxiago interesatzen duen zerbait baizik. Ez da ikusteko, entzuteko, jakiteko... garai bateko grinarik antzematen. Eta gezur atseginak edozein egia deserosok baino arrakasta handiagoa izango duela ari gara egiaztatzen, egunero. Kazetaria naiz, baina ez dut gerra kazetaritzaren apologiarik egingo. Horren atzean inpotentzia handia eta zenbaitetan faltsukeria pittin bat ere badagoela irudikatzen dut. Adibide negargarri bat ikusi dut pasa den igandean espainiar telebista kate batean, Donbass aldean grabaturik, ikuskizun hutsa, lotsagarri. Tiroketa eta bonbardaketen zurrunbiloan gutxi jakin eta gutxiago konta daitekeela sumatzen dut. Golkoko gerra hartan bezala, norbaitek sarrera eta irteera eman behar dizu. Erreportajeen eta kroniken kazetaritzan sinesten dut, hitz egin ezin dutenei ahotsa ematen dienean; baita analisian ere, errealitateari testuingurua eta zentzua jartzen dionean. Baina egia, egitateak, garrantzitsuegiak dira berriemaile gutxi batzuen eskuetan uzteko, oso ausartak izan arren. Hori nazioarteko erakunde handien erantzukizuna izan behar da, tresna egokiekin, independentziaz jokatuz, baldintzarik gabe, bizia galtzeko arriskurik hartu behar izan barik. Nazio Batuentzako lana da, adibidez. Nola jakingo dugu zer ari den gertatzen Mariupolen, oraindik ez badakigu zer jazo zen Groznin duela bi hamarkada? Ezta Moskuko Dubrovka antzokian edo Beslango eskolan ere, non zenbait egunez zuzeneko jarraipen informatibo handia izan zen. New Yorken irailaren 11n edo Madrilen martxoaren 11n ere ez, jakina. Ez bota errua polizia lerro baten atzean den kazetariari. Egia da gerra baten lehen biktima, nola ez. Eta baita gerraoste batena ere. Txetxenian izan zen eta Euskal Herrian ere bai. Aipatu dugu NBE behatzaile ezin hobea izan litekeela Ukrainan gertatzen ari dena kontatzeko, ezta? Baina ez Madrilen; Segurtasun Kontseiluaren 1530 Ebazpenak indarrean jarraitzen du, eta aho batez egozten dio ETAri duela 18 urteko sarraskia. Euskal mugarria da NBEko instantzia gorena halako akats historiko batera behartu izana, bai horixe. Egiaren fede-emaile izan beharko lukeen beste erakunde bat Europako Legebiltzarra da. Baina datorren hilean, ustekaberik ezean, euskal kasuari buruzko hiru gezurren txostena onartuko du: ETAren indarkeria ez da bakarra izan, honen kideek ez dute zigorgabetasunik (kontrakoa baizik) eta haien aurkako jazarpena ez da amaitu. Oso txarra da, bai, egia gerra baten biktima izatea, baina saihestezina da. Gerraostean okerragoa. • La ONU sería un observador adecuado para contar lo que está pasando en Ucrania, pero no en Madrid; todavía está en vigor la Resolución 1530 que aprobó el 11M de 2004