GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

MERCEDES DE MIGUEL

«Ilusioa benetako luxua da» lelopean, modaren munduan 50 urtetik gorako emakumeei oraindik ukatzen zaien ikusgarritasunaren aldeko urrats berria egin du bizkaitar diseinatzaile honek, udaberri-udako bilduma erakusteko modelo «errealak» hautatu dituelako. Modan eta sareetan zerbait aldatzen ari da?


Modaren etxe handien (Dior, Chanel, Versace...) Paris edo Milaneko pasareletan zein “low cost” marketako “lookbooks” edo katalogoetan, azkenaldian emakume helduen presentzia gorantz doala suma daiteke. Sare sozialetako “influencer”-en artean ere, gehiengoa nabarmen gaztea den arren, 40 eta 50 urtetik gorako emakume dexente aurkituko ditugu. Gaur egungo “it girls” berriak bihurtu dira; eta moda, zorionez, horretaz jabetu da.

Sareetatik datorren aldarria hor dago: heldutasunera iristean, norberaren estilo propioaren izpirik ez dela zertan galdu. “Instagramer” berri hauek geure buruaren bertsiorik onena izateko motibatu nahi gaituztela diote, eta harro erakusten dituzte euren zimurrak, ile urdin dotoreak, gorputzaren neurri desberdinak –ados, gehienak argalak dira oso, baina ez guztiak–...

Batzuk garaiak dira, beste batzuk txikiagoak. Badaude ehun urte bete dituztenak, Iris Apfel newyorktarra legez (aurten 101 beteko ditu, 2,1 milioi jarraitzaile ditu Instagramen eta dokumentalak eta guzti egin dizkiote), edo 59 urte betetzean bat-batean ospetsu bihurtu direnak.... esaterako, Carmen Gimeno irakasle bilbotarra. Bai, 229.000 jarraitzailerekin, estatu espainoleko influencer nabarmenen artean kokatu da Carmen Gimeno. Ile urdina –«duela urte dexente tinteen esklabotzatik askatu nintzen eta, nire ilearekin askoz naturalagoa ikusten dut nire burua», dio–, gehienetan kirol oinetakoekin eta eroso jantzita azaltzen da Carmen Gimeno Instagramen. Beste adierazgarri bat: ez da bere bizitza pribatuari buruz sekula mintzatuko; look-a erakutsi eta kito: «Gero eta gehiago gara perfekzioaren esklabotasunetik ihes egiten dugun 50 urtetik gorako instagramerrak: naturaltasuna ikur bihurtu dugu, estereotipoak alde batera utzi eta eroso sentitu nahi dugu, baina estiloari uko egin gabe. Uste dut hortik datorrela, hein handi batean, gure jarraitzaileen aintzatespena eta leialtasuna», zioen orain gutxi.

Mercedesen emakumeak

Agian norbaiti hau guztia fribolitate hutsa irudituko zaio. Moda gizarteen balio moral eta estetiko nagusien isla da, ordea. Ukaezina da gizarte modernoetan duen eragina, eta mendez mende moldatuz doa gizakiok gure burua ikusteko modua. Beraz, modak erreferenteak sortzen ditu; zenbat eta errealagoak eta naturalagoak hobe.

«Bikainak zarete. Gu ordezkatzen gaituzue; kaleko emakumea ordezkatzen duzue eta hori da behar duguna». Horrela mintzo da Mercedes de Miguel diseinatzailea. Bilboko Carlton hotelean gaude, udaberri-udako bere kolekzio berriaren aurkezpenean, arropa dotoreak, berak duen xarma ukitu ukaezin horrekin, kolorez betetako geometria anitzeko jantziak daude... eta modeloak ez dira ohikoak, 50 urtetik gorako emakumeak direlako, neurri, adin eta garaiera askotakoak. Mercedes de Miguelek horrela erabaki duelako: modaren munduko enpresa gehienek zabaltzen dituzten edertasun kanonetatik urruntzea erabaki eta konplexurik gabeko emakumeen aldeko apustua egin du.

Burgosen jaioa, 15 urte zituela Bilbora etorri zen Mercedes de Miguel eta 80ko hamarkadaren bukaeratik euskal diseinuaren giltzarri izan da. Frantsesek charme-a duela esango lukete. Inma Shara orkestra zuzendaria eta Ainhoa Arteta sopranoa bezalako artistak janzten ditu. Kasu berezietan, Juan Mari Arzak bezalako gizonen jantziez arduratu da. Haren jantziak irudimenezko mundu baten emaitza dira.

Batez ere arteaz, bidaiez eta bere bizipenez elikatzen da aurten 66 urte beteko dituen egilea. Bere bildumak 500 saltoki baino gehiagotan banatzen dira eta era guztietako herrialdeetara iristen dira: Estatu frantsesera, Japoniara, Portugal, Belgika, Hong Kong, Taiwan, Txina edo Espainiara. «Gu marka heldua gara, nirekin batera eboluzionatu duena. Badira hogeita hamar urtetik hona erosten diguten bezeroak, bide honetan lagundu digutenak. Hasi ginenean, 30 eta 35 urte bitarteko emakumeak janzten genituen, eta orain, markarekin eboluzionatu duten emakumeak. Baina beti esaten dut nik adinik gabeko emakumeak, espiritu gaztekoak, ikusten ditudala».

Mercedes de Miguel pandemiaren aurretik elkarrizketatu genuen, eta orain biziberritua ikusi dugu bi urteren bueltan. Seme-alabak negozioan sartu dira, eta agian horregatik norbaitek pentsatuko luke Carltoneko aurkezpenean entzun ditugun zenbait kontzeptu hortik zetozkiola –«emakumeen ahalduntzea» nahi du kolekzioak, esan du–. Agian bai, baina diseinatzaile hau oso aurreratua izan da beti; emakume aske bat da. «Guk moda konplexurik gabe, alaitasunez eta ilusioz erakutsi nahi dugu», dio orain. Aldizkarien azaletan gutxitan agertzen diren edo oso gutxitan agertzen diren emakumeak, eta are gutxiago pasareletara igotzen direnak, aukeratu ditu inspirazio iturri.

Udaberri-udako bilduma erakutsiko dutenak, beraz, emakume errealak dira, bere bezeroak bezala.

«Instagramer»-en kuadrilla

«Emakume gehienak gu bezalakoak dira. Normalean guretzat egiten diren jantziak, ordea, 25 urteko neska batek erakusten ditu, eta 1,85 metroko garaierakoa da eta 45 kilokoa. Eta zuk, aldiz, 44 bat duzu edo gehiago, eta ezin duzu ezta imajinatu ere egin jantzi hori nola geratuko zaizun. Hori da errealitatea. Egia da Mercedesek beti mota guztietako neurriak egin dituela, baina aldaketa orain zera da, modeloak benetakoak garela. Mercedesek beste marka askok ekin behar dioten bideari ekin dio». Horrela mintzatzen dena Gloria da. Asturiarra, blogaria eta instagramerra da, baita Power Woman Style taldeko partaidea (47 a 59 bitartekoa Instagram talde bat). «Instagramen, ni ordezkatzen nauen moda bilatzen dut, gure adineko jendearentzako egiten den moda. Eta gauza bat, duela urte batzuk gu bezalako emakumeak Instagramen erakustea pentsaezina zen. Baina, benetan, arropa guri gelditzen zaigun bezala gelditzen da eta jendeak begiratzen gaituenean hauxe pentsa dezake: ‘Niri horrela geldituko zait’».

Emakume gehienak ikusezinak badira diseinuaren industrian, urrats honekin Mercedes de Miguel markak hauxe lortu nahi du: «Edertasun kanon nagusietatik urrundu nahi dugu. Moda mundu guztiarentzat da, eta emakume guztiei dei egiten diegu beren edertasun ahalmena ezagutzera, seguru sentiarazten dituzten jantzien bidez».

Power Woman Style izeneko Instagram taldeak –kuadrilla bat bezala irudikatzen dugu guk– estatuko toki desberdinetako zazpi influencer batzen ditu. Haien artean Miren Gonzalez Mendialdu bilbotarra dago, eta esker ona agertu du horrelako enpresa batek beraiei erreparatu dielako. «Aspalditik janzten dugu marka hau, eta gustuko dugu oso», dio Mirenek. Kanpainako irudi izateko proposamena iritsi zitzaienean ez zuten bi aldiz pentsatu: «Shock-ean geratu ginen eta ez da ahaztu behar erantzukizun handia dela, modu profesionalean ez baitugu sekula lan egin». Euskal markaren aurpegi berri hauek argi dute, modaren bitartez eta konplexurik gabe, tabuak eta estereotipoak apurtu beharrean daudela. «Ez duzu 34 neurria izan behar soineko bat edo galtza bat janzteko», aldarrikatzen dute. Mirenez eta Gloriaz gain, kanpainaren modelo berri hauek Caceresko Nuria, Sevillako Maria, Bartzelonako Rouse, Valentziako Rosa eta Asturiasko Ana dira.

«Moda ez ezik, emakume helduak kultura sektorea sustatzen dugu, gu baikara kultur ekitaldietara goazenak. Gu gara moda kontsumitzen dugunak, gazteek baino erosteko ahalmen handiagoa dugulako. Bizitzaren aurrean ere heldutasun handiagoa dugu, zuk badakizulako benetan zer nahi duzun, zer egiten duzun, zer egitea gustatzen zaizun, zer transmititu nahi duzun eta zer ez duzun nahi. Eta jendeak ikusi behar du edozer jantzi dezakegula, ez dugula oinarrizko lau gauzetara mugatu behar... Horiek ere gustuko ditugu, baina modan bizitza gehiago dago. Modarekin dibertitzea da kontua», gehitu du Gloriak.

Rosa valentziarrari aholkua eskatu diogu: «Gutxiago eta kalitate onekoa erostea ere adinak egiten du. Gaztea zarenean, 15.000 gauza erosten dituzu, eta berdin zaizu. Nik nahiago dut bost jantzi on izatea, eta ondo egotea, ezertarako balio ez duten hogei izatea baino».