Xabier Izaga, Nerea Goti eta Amagoia Mujika
ERTZEKO EUSKALGINTZA

Euskara egoera ahulenean dagoen eskualdeetako erronkak eta jarduna

Euskararen irakaskuntzak lekuan lekuko oztopoei aurre egin behar die, geografiak baldintzaturiko egoeratik lege xedapenetaraino, baita administrazioen jarrera zabar edo epelari ere kasu askotan. Euskara egoera ahulenean dagoen zenbait bazterretako AEK-ko ordezkariek beren erronken, oztopoen eta pozen berri dakarte.

Euskal herrialdeen eta eskualdeen geografia, soziologia eta administrazio politikoak euskalgintzaren erronkak baldintzatzen ditu. Euskararekiko atxikimendua oro har sendoa da euskal lurralde guztietan, oztopoak oztopo. Izan ere, goian esandako faktoreek euskara ikasteko eta euskarazko harremanak izateko oztopo izaten dira maiz.

Korrikaren atarian, eta atxikimendu hori nabari den egunotan, Hego Euskal Herriko lau probintzietako AEK-ko zenbait ordezkarik eta Ipar Euskal Herriko batek «ertzetan» egiten duten lanaren eta bertatik bertara sumatzen dituzten arazoen berri eman diete GAUR8ko irakurleei.

Oro har herritarren jarrera euskararen aldekoa da eskualde guztietan, eta motibazioaz denaz bezainbatean, euskaltegira joateko arrazoi nagusia euskaraz komunikatzeko gaitasuna lortzea nahiz transmisioan laguntzea da. Euskararen lege estatusa eta administrazioen jarrera, ordea, ez datoz bat jarrera horrekin, ezta herri euskalgintzaren ahaleginarekin ere, eta nabarmena da zailtasunak gainditzeko baliabide falta.

Euskararen lege egoerak talka egiten du euskararekiko atxikimenduarekin, irakaskuntza publikoak euskarazko eredu eraginkorrik eskaintzen ez duen eskualdeetako euskara eskoletan gazteen presentzia handia izateak erakusten duen bezala.

Bestalde, euskara ikastea zama ekonomiko handia izan daiteke. Doakotasuna aspaldiko aldarrikapena da baina, lekuan lekuko laguntzak gorabehera, oraindik ez dago indarrean inongo administrazioren pean.

Oraintsu albiste izan dira UEMAko udalerrietako erabileraren gaineko datuak eta, kezka sorrarazten dutenak alde batera utzita, bada bat erabilerari dagokionez emakumeen jarreraren gainekoa, AEK-ko irakasle eta kudeatzaile hauek jakinarazitako datuekin bat datorrena: emakumeen euskararekiko jarrera aktiboagoa da. Arabako «ertzetako» taldeetan diharduten ikasleen artean emakumeak gizonak halako bi izatea lagin txiki bat baino ez da.