GAUR8 - mila leiho zabalik

Denbora(z) bizi


Ordu aldaketa izan dugu berriz ere. Lehen gure eskuetako behatzekin iratzargailuetan eta eskumuturreko erlojuetan aldatzen genuena, izan orratz erlojua edo digitala (nire belaunaldiko nork ez du izan Casio bat?), orain, magia truko bat izango balitz bezala, gure mugikorrek eta tresnek bakar-bakarrik egiten duten ekintza da.

Aurreko astean ordu bat “kendu” ziguten, hau da, 02.00tan 03.00ak ziren. Hori ere ez al da magia? Denboraren hutsaltasunaz edo inexistentziaz ohartu nintzen. Nora joan da nire bizitzako ordu hori?

Ba, ez dakit, baina ez nuen bizi izan eta ez dit inork azalpenik eman, zehatz azaltzen ez didaten bezala zergatik jarraitzen dugun urtean bitan orain ordu bat “kendu” eta orain ordu bat “eman” horretan.

Gauza da zer pentsatua ematen duela denboraren nozioa izateko eta denboraren balioa balioan jartzeko. Batzuetan, ordu bat oso luzea da egiten ari garena aspergarria delako, edo ez gaudelako nahi duguna egiten. Besteetan, azkarregi igarotzen da, gu konturatu gabe ia.

Ordulariari begira bizi garen gizarte honetan, orain hara eta gero ez dakit nora joan behar dugulako, beti azkar eta korrika, ez diogu kasu handirik egiten; okupatuegiak gaude denbora betetzen, egunak dituen ordu guztiak planifikatuta izaten errealizatuak sentitzeko. Kontraesan handi bat dugu: kasu egiten diogu denborari (ordulariari) baina era berean ez, ez garelako ohartzen, ez dugulako bizitzen den ordu hori, beti gaudelako pentsatzen «eta gero zer?». Horrela egun bat eta beste bat, oraina edo momentua sentitu ez eta aurrera begira.

Ordu bat “kendu” edo ordu bat “eman” berdin du, inporta duena da ordu hori “bizi” egin beharko genukeela. Ez baita berriro etorriko, hori ziur. Eta gero etortzen dira aieneak eta damuak. Berandu? •