APR. 02 2022 Nasak, Kitxuak eta euskaldunak, minez eta itxaropenez, elkarri begira Kolonbiako nasak, Ekuadorreko kitxuak eta euskaldunak. Hizkuntzaren, kulturaren, lurraren gaineko hiru begirada desberdin eta antzeko, elkarrengandik zer ikasi badutenak. Garabidek antolatuta, Kolonbiako Toribio herrian zuten hitzordua, elkarrekin ikasten segitzeko. Miller Correa Toribioko autoritate nasaren erailketak ilundu zuen hitzordua. Minez, baina argia ikusten jarraitzen dute han, bidearen segidan. Julen Larrañaga eta Rosa Elizburu - GARABIDEko kideak Urduri esnatu gara martxoaren 14ko goizean. Garabidetarrak Kolonbiako nasa lurraldeko Toribio herrian gara, nasekin batera. Ekuadorreko kitxua herriko 30 kidez osatutako komitiba bat Toribio bidean dago esnatu garenerako. Autobusean 18 orduko ibilbidea dute kitxuek Toribioraino iristeko. Gertu daude geografikoki bi herriak. Euren hizkuntzak biziberritzeko lanetan, elkarlana eta batasuna dute helburu. Azken hamarkadan hainbat formazio eta proiektu gauzatu dira nasa yuwe hizkuntza biziberritzeko asmoz, Garabide elkarteak nasa erakundeekin batera antolatuta eta Gipuzkoako Aldundiak eta Durangoko Udalak lagunduta, besteak beste. Kitxuekin ere –kitxua hizkuntza biziberritzeko prozesua sendotzea oinarri– formazio sakon bat antolatu zuen iaz Garabide elkarteak kitxua elkarteekin Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hauspotuta. Formazio horren testuinguruan, kitxua aktibistek hizkuntza eta kulturaren aldeko proiektu ezberdinak jarri dituzte martxan. Proiektu hauetan lanean ibili diren kide eta autoritateak datoz Toribiora, nasa lurraldean azken hamarkadan izaten ari den biziberritze prozesua bertatik bertara ezagutzera. Asko hazi da nasa yuwe hizkuntzaren biziberritze prozesua azken urteetan. Nasen aurkako bortizkeria testuinguru baten erdian, nasa yuwe hizkuntzan oinarritutako murgiltze ereduko hainbat eskola zabaldu, helduen irakaskuntza eta alfabetatzean trebatu, paisaia linguistikoa landu, itzulpen eta interpretazioari ekin eta hainbat eta hainbat material kultural eta didaktiko sortu dituzte nasek, beste hainbat ekimenen artean. Prozesu hori ezagutu eta haiena konpartitzera datoz kitxuak Toribiora. Urduri gaude, nasek pairatzen duten bortizkeria dela-eta, kitxuak egun argiz iristea komeni delako, mugan arazo asko izan baitituzte. CRIC erakunde indigenako bizitzaren eta giza eskubideen defentsako bulegoaren arabera, 2022. urtean pasatutako hilabete eskas hauetan 24 kide erail dituzte Cauca departamenduan, eta horietatik 14 Ipar Cauca eskualdean, Toribio dagoen lurraldean alegia. Ekuadorrek Kolonbiarekin duen mugan izandako arazoak tarteko, asko berandutu da kitxua kideen iritsiera ordua; gaua izango da nasa lurraldean sartzen direnerako. Dena den, aurretik adostu moduan, kitxuak nasen lurraldean seguru sartu daitezen nasa autoritate eta guardia indigenako kideak eskolta lanak egitera abiatu dira nasen lurraldean sartu direnean. Bidaiaren azken txanpa besterik geratzen ez zaiela, kitxuen autobusa, ez aurrera ez atzera, mugitu ezinik geratu da. Zubi baten sarreran dago autobusa kateaturik, azken egunetan izandako euriteek eragindako luizi baten ondorioz. Gaueko hamabiak pasatu diren arren, azkar antolatu dute nasek 30 kitxuak Toribiora igotzeko modua. Ez daude prest lehen eragozpenean bi herrien artean eraikitzen ari diren zubi hau bertan behera geratzeko. Hiru lau kotxe lortu dituzte eta abiatu dira bidearen prekaritateak mugitu ezinik utzi dituen kideen bila. Goizaldeko hirurak dira azken kitxuak geletan sartu direnerako. Martxoaren 15a kolpe latz batekin esnatu da. Miller Correa, Toribioko autoritate nasa eta ACIN elkarte indigena probintzialeko kontseilaria, erail dute Popayan hirian goizaldean. Aguilas Negras talde paramilitarrak sinatutako mehatxuzko panfleto batean agertu zen bere izena joan den astean. Ezaguna zen Miller garabidetarrontzat, 2018 eta 2020 urte bitartean Toribioko Nasa Proiektua Bizi Planaren koordinatzaile nagusia izan zenean, Garabide elkarteko kideekin batera hainbat batzarretan elkarrekin egonak baikinen. Borrokan segitzeko irmotasuna Berriak eragin duen paisaia mingarria da. Nasa adiskideen gorputzaldia ikusteak samina eragiten du, noraezean dabiltza hainbeste basakeria nola digeritu ez dakitela. Kitxuak eta euskaldunak ere nola jokatu ez dakigula gaude, bihotza uzkurtzerainoko amorrua sentituz eta nasa adiskideei lagundu nahi eta ezinak sortutako inpotentzia gainetik kendu ezinik. Hala ere, harritzekoa da nasekin hitz egiterakoan borrokan segitzeko erakusten duten irmotasuna. Egoeraz honela mintzo da Echi Teran nasa hiztuna –kronika honetan parte hartu duten nasek izen faltsu bat erabili edo ez dute izenik agertzea nahi izan horrek dakarren arriskuagatik–: «Gure prozesuari asko eragingo dio. Baina ez du esan nahi geldi geratuko garenik, ezta gutxiagorik ere. Borrokak beti jarraituko du, hizkuntza eta kultura babestuz, baina baita lurraldea eta bizitza ere. Herri indigena bezala markatzen gaituzten egoerak dira. Kitxua senideak asko harritu dira testuinguru hau ikusita. Zer pentsatu handia ematen du, lanean segitzeko asko dago. Samina eta mina sentitu arren, indar gehiagorekin jarraitzen dugu prozesu hau aurrera ateratzeko». Gosaldu aurretik autoritate nasekin hitz egiteko aukera izan dugu. Kitxua eta nasen arteko esperientzia trukaketak bertan behera geratu beharra dauka eta kitxuek nasa lurraldetik atera behar dute berandu baino lehen. Komunitate osoa Millerren gorpua jaso eta bere lurperatzean inplikatuko da eta halako egoera batean zentzu askorik ez du aste osorako genuen agendarekin segitzeak. Horrez gain, egoerak zer norabide hartuko duen ez daude ziur agintari nasak. Aurreko igandean izan ziren Kolonbiako hauteskundeetan uribismoaren gainbehera sumatu daiteke eta agertoki berria zein izango den ez dago argi oraindik. «Este gobierno va a morir en estas elecciones. Pero va a morir matando», diosku Toribioko nasa lagun batek. Testuinguru honetan 30 kitxua Toribion mantentzea ez da segurua eta kitxuak bertatik ateratzeko erabakia hartu dugu nasa, euskaldun eta kitxuen artean. Bihar aterako dira kitxuak, helmuga zein duten oso garbi ez badaukagu ere. Hala ere, Toribion pasatuko duten eguna aprobetxatzeko erabakia hartu dugu eta nasen eta kitxuen arteko topaketa mantenduko da, egun bakarrekoa izango bada ere. Lan handia zegoen proiektu honen atzean eta baita ilusioa ere. Topaketa hauek antolatzeko lanetan ibili den nasetako batek, Lena Mezkisuk, adierazi du zegoen itxaropena: «Topaketaren zain geunden, garrantzitsua zen guretzat. Senidetze horretan lanean ari ginen iaztik, eta kitxua senideak hemen edukitzeko prestatzen ari ginen. Itxaropen handia genuen kitxuek dituzten esperientziak partekatzeko, eta guk ere nola lan egiten dugun haiei erakusteko. Kitxua herria hizkuntza galtzeko arazo eta kezka berberak dituen herria da». Galera eta kolpea prozesurako Urgentziazko bilera bat antolatu eta egunean zehar landuko dugun agenda antolatu dugu denon artean. Bitartean, eskolak bertan behera utzi dituzte nasek –topaketa hezkuntza erakunde batean dago antolatuta– eta ikasle guztiak areto nagusirantz doaz. Hamaikagarren aldiz kontatu beharko diete haurrei haietako bat eraila izan dela; komunitateko liderra izateagatik eta izandako konpromisoagatik beste kide bat galdu dutela. Millerrek egindako lanarekin segitzeko irmotasunezko oihuak entzuten dira aretotik, irakasle eta ikasleen partetik. Aretotik datozen oihuen irakurketa berdina egiten du Lenak: «Galera handia da, eta aldi berean kolpea prozesurako. Politikoki ahuldu egiten gaitu, oso pertsona garrantzitsu batek utzi gaitu. Miller orain gurekin ez dagoenez, irakaskuntza bat utzi digu, ikasgai bat, erresistentzia eta borroka bide honetan jarraitzeko oso garrantzitsua den irakaskuntza bat. Uste dut irakaskuntza hori batasunean lan egitea dela, ez zatitzea. Prozesu hori indartzeko aukerak bilatu behar ditugu eta nondik gatozen ez ahaztu». Ia eguerdiko 12.00ak dira topaketa hasi dugunerako. Ongietorri ofiziala eman digute nasek, kantuz. Zenbat gauza esan ditzakeen nasa yuwezko kantu bakar batek. Orduak pasatu ahala, topaketaren giroa aldatuz doala sentitzen dugu. Hasierako amorrua eta inpotentzia elkartrukeak aurrera egin ahala transformatuz doaz. Ez Millerren erailketa presente ez dagoelako areto honetan, baizik eta hasierako samin hori harrotasun eta konbentzimendu bilakatzen ari delako. Ekuadorreko proiektuaren arduraduna den Janeth Otavalok kitxuek nasekiko sentitu duten begirunea adierazi du: «Lurralde nasan, liderrak hil eta hala ere borrokan jarraitzen dutela ikusten dugu. Inpaktu handia izan du horrek guregan, eta indarra ematen digu jarraitzeko». Elkarri begira ari dira bi herriak, eta euren hizkuntza eta kultura biziberritzeko apustu sendo horretan segitzeko irmotasuna erakusten dute. Gustura ari gara elkartrukea bukatzen, giro onean, sentimenduak bor-bor daudela. Antzeko irakurketak egin dituzte elkartruke honi buruz Janeth Otavalok eta Echi Teranek. Harreman honekin segitzeko apustua egin du Janethek aurrerantzean ere: «Egon garen denbora urria izan arren, garrantzitsua izan da partekatze hori, eta batez ere presentzialki elkarrekin egotea eta herri senidea ezagutzea. Lotura estuagoa ematen digula uste dut, indarra ematen digu elkarrekin lanean jarraitzeko Ekuadorrera bueltatzen garenean». Antzeko hitzak darabiltza Echik eta egunak bi herrientzako izan duen garrantzia azpimarratu du: «Oso garrantzitsua izan da beste herriarekiko senidetzea. Senidetze honek ahalbidetu digu nola gauden aztertzen. Nasa herriarentzat esperientzia esanguratsua izan da, elkarren arteko antzekotasun asko baititugu. Nasa eta kitxua herriak sendotzen lagunduko digu, baina baita Kolonbiako gainerako herri indigenak ere. Gauza asko geratu zaizkigu zintzilik, baina prozesu honekin jarraitu beharra dago». Topaketa hauetan testigu pribilegiatuak sentitu gara garabidetarrak. Bi herrien arteko zubi honen eraikuntzaren lehen pausoen lekukoak. Millerren heriotzak markaturiko senidetze bat. Luz Maisa Chavez Cordovak, ume eta nerabeei begirako kitxua udalekuetako antolatzaileetako batek, hausnarketa hau utzi du: «Gertatu denak, nolabait, bide hau gehiago zabaltzen lagunduko digula sentitzen dut, haratago begiratzen lagunduko digu». Nasa eta kitxua herriek naturarekin harremana duten metafora ugari erabiltzen dituzte eguneroko mintzairan. Nasek ez dute Miller ehortziko, erein egingo dute. Azken ordura arte aprobetxatu nahi izan dugu eguna eta gaueko hamaikak dira lotara goazenerako, azken dantza eta kanten oihartzunak entzuten direla. Susmo batekin goaz lotara. Krisiari krisia gailenduko zaiola dirudien mende honetan, nor izaten segitzeko borrokan euskaldunok itsasoaren ertz honetan bakarrik egongo ez garen susmoa. Izan hazi, Miller. Gugan hazi. Hasierako amorrua eta inpotentzia eraldatuz doaz elkartrukeak aurrera egin ahala. Ez Millerren erailketa presente ez dagoelako, baizik eta hasierako samin hori harrotasun eta konbentzimendu bilakatzen ari delako «Senidetze horretan lanean ari ginen iaztik, eta kitxua senideak hemen edukitzeko prestatzen ari ginen. Itxaropen handia genuen kitxuek dituzten esperientziak partekatzeko eta guk ere nola lan egiten dugun erakusteko»