GAUR8 - mila leiho zabalik

Nire titiak eta nire mantrak


Orain arte territorio libre bat izan da beretzat; mugarik gabeko gerizpea, mugak sentitu izan dituenean. Niri, berriz, bizitza zati bat joan zait, bizitza zati bat eman dut, bizitza zati bat eman nahi izan dut eta eman ahal izan dut, nire titiak besterenduta. Ia bi urteotan, ederra izan da aterpe horretan neroni ere babestuta sentitzea, nire gorputza modu jakin batean irakurtzea, eta ez ikusiarena egitea etor litezkeen kezka handiagoei. Baina heldu da zikloa ixteko garaia; hala esan didate sabelak eta begi zuloek.

Egun batetik bestera, “Aldapeko sagarraren” bilakatu da gure etxeko soinu banda. Kantatzea aukeratu baitut, titia kentzen hasteko haurrarekin egin behar omen den hitzarmen horretarako; haurrari ulertarazteko bere amak bestelako bizitza zatiak bizitzen ere hasi nahi duela, bera maitatzeari utzi gabe. Horrela, kantatzeari uzten diodanean maite-maite egiten dio bularrari, eta pixkana azal bidezko kontaktuak ordezkatuko du orain arteko edoskitzea; hori da ideia. Eta, nahiz eta “Aldapeko sagarraren” anekdota txiki bat izan, ziur nahiz abesti horrek zatitxo bat okupatuko duela gure txikiaren territorio emozionalean. Kantutan konta baitezakegu bizitza.

Inoiz terapian aritu den edonori suertatzen zaio ezagun biografia batek gure jokatzeko eta sentitzeko moduetan omen duen eragina. Bizitzak irakurri behar direla, alegia, bizimoduak eta haiek iraultzen dituzten pasioak ondo ulertzeko. Bada, aste honetan, bizikleta estatikoaren gainean errepasatu dut nire biografia.

Nire zorion eta euforiarako, ziklineko irakasleak Korrikako abestiekin osatu ditu klaseak eta, ai ama, maskarapeko izerdiarekin nahastu zaizkit negar malkoak, oroitzapenen joan-etorri horretan. “Bizi ganoraz”: ikastolan, paperezko dortsalean bederatzi bat dirudien logotipoa nahieran margotzen. Gasteizko campusean, euskaltzale bezain parrandazale: “Ongi etorri, lagun!”. “Big Beñat” abestiaren letra buruz ikasten, musikako gelan. Herri eta hizkuntza honetara jaio izanaren zirrara nire gorputza zeharkatzen: “Gero bat gaurdanik”. Furgonetaren talaia zoragarrian kazetari: “Denok korrikara”. Lekukoa eskuan, dantza taldeko lagunekin, zoriontsu: “Zirkorrika”. “Euskalakari” zioen sudadera gorria online erosten. “Klika Korrika”, edo aldapan gora esprintean, Korrika bide ertzetik aurreratzen, argazki eder baten bila. Aje-gorputzaldiari eutsiz, Iruñean, Joseba Sarrionandiaren mezua hunkituta entzuten.

Hark behin batez idatzia da beti burutazioen artera bueltatzen zaidan mantra moduko bat: “Euskara da gure territorio libre bakarra”. Zaila da hobeto –eta ederrago– esaten. Zaila da egokiago adierazten, zenbateraino zaigun hizkuntza eta unibertso txiki hau, haurrari bularra nola, mugarik gabeko gerizpe. Baita mugaz josi nahi gaituztenean ere. Ez baita maparik gorputza zeharkatzen digun hizkuntza honentzat; balekoak ditu koordenatu guztiak. Balekoak, territorio horretan idatzi diren eta idazteko dauden biografia emozional guztiak. •