Xabier Mikel Errekondo

Maitasuna II

Hotz joan da azken astea herri maitagarri honetan. Haizeak berriz xirularen “Do iraunkor” zorrotzean urrats eta pentsamendu bakoitza zeharkatzen dizkigu eta azala olatu hotzez idortu zartatzeraino. Zartaduretatik hezurretaraino digu sartu hotza haizeak. Ez da atsegina hezurrak izoztea; beharrezkoa da, baina.

Elurrak zuriz janztea lurra euriak berdez nola, inguruak garbitzeko, osasuntzeko. Izan ere, koronabirus hilkorra galarazten duen haizeak ezin du horren kaltegarria izan.

Egutegiak udaberrira salto egin badu ere, nago negua agurtzeko azken kolpeak izan direla eta aurrerantzean eguzki izuaren epelak pittinka gaituela estaliko. Ernalduko zaizkigu pentsamendu atseginak. Hezurrek eskertuko dute. Gezurrei berdin zaie…

Egia, baina, da bakoitzak sentitzen duguna, inork lapurtu ezin diguna. Egia bedi sentitzen duguna sentitzen dugula, eta ezkutatu beharra ez dezagun senti euri zein elur, hotz zein bero egin. Formek ez bezate gailendu mamia, barrukoa. Kanporatu sentipenak airera, haizeak zenbat freskatzen duen konturatuko gara-eta aurpegi zurbilak argitzeraino.

Oraingoan neronek behar dizkiot kanporatu xistuari nota malenkoniatsuak, gure artean maite ditugunak gogoan, haize garbiari eta lur emankorrari lotuak eternitatean betirako maitasunean. Lur heze, lur berde. Lur eskertua, emandako halako hamar itzultzen diguna. Bere magalean biltzen gaituena. Gure lurra.

Eta garrasika esango nieke haizeari eta lurralde osoari gehien maite dituzten inguruetan ditugula zabalduko errauts maiteak. •