GAUR8 - mila leiho zabalik
OSASUN IKASKUNTZA

Osasun profesionalen ikaskuntza birtuala, aintzatespenik gabe, geldiarazia

UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiaren ikerketa batek agerian utzi du osasun profesionalen prestakuntza XXI. mendeko errealitate teknologikora egokitu behar dela. Ikaskuntza teknologikoak, trebetasun teknikoez eta ezagutzaz gain, onura sozial eta psikologikoak ere dakartzan arren, osasun sistemak ez du sustatzen. Ikerketaren arabera, profesionalen prestakuntzan beharrezkoak dira «komunitate birtualak».


Osasun sistemak ezagutza eta gaitasun profesionalak eguneratzeko premia atzeraezina du. Osasun arloko kolektibo profesionalen artean belaunaldi arrakala dago IKTak erabiltzeko gaitasunetan», adierazi du Corpus Gomez UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Osasun Zientzietako Ikasketetako ikertzaileak. Corpus Gomez osasun kudeaketan eta giza baliabideetan aditua eta UOCen doktorea da, Hezkuntza eta IKTetako doktorego programaren barruan (E-learning). Eta irtenbide posible bat seinalatu du: «‘Komunitate birtualak’ direlakoek, hau da, Internet bidez helburu komun batekin borondatez elkartzen diren gizabanako taldeek, arazoak arinago konpontzen direla erakutsi dute; baita, beste lankide batzuekiko elkarreraginetik azaleratzen den ezagutza tazitu bat sortuz, erakundeen funtzionamendua hobetzen dela ere».

Corpus Gomezek, Deniako Marina Saludeko Giza Baliabideetako zuzendariak, duela gutxi defendatutako “Osasun-profesionalen esparruko Ikaskuntza-Komunitate Birtualak: online prestakuntza mediko jarraiturako eta garapen profesionalerako aukerak” tesian, hainbat esperientzia eta iritzi aztertu ditu: Espainiako Estatuko Osasun Sistema Nazionaleko zenbait profesionalenak, Antioquiako Unibertsitatearekin (Kolonbia) lotutako ikaskuntza-komunitate birtual bateko profesionalenak eta osasun eta hezkuntza arloetako hainbat aditurenak.

Tesiak metodologia misto kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartzen ditu, eta Francesc Saigik eta Sandra Sanzek zuzendu dute. Saigi UOCeko Osasun Zientzien Ikasketetako irakasle agregatu, UOCeko eHealth Centerreko kolaboratzaile eta Osasunaren Mundu Erakundearen osasun digitaleko zentro laguntzaileko zuzendaria da, eta Sanz, Informazio eta Komunikazio Zientzien Ikasketetako irakaslea.

Corpus Gomezek aztertutako komunitateen artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikaskuntza birtualeko proiektu berritzaileak, hala nola AnestesiaR –anestesiologoen etengabeko prestakuntzako komunitatea–; Antioquiako Unibertsitateko Oinarrizko Zientzia Biomedikoetako Graduondokoen Hazitegia, eta beste talde profesional batzuk, hala nola Madrilgo San Carlos Ospitale Klinikokoak, Deniako Osasun Saila, Tolosaldeko ESIa (Osakidetza) eta Euskosanidad Digital osasun digitaleko taldea –Twitterren ezagutzak partekatzen ditu–.

Adina eta generoa

Estatuko Osasun Sisteman milioi bat profesional sanitariok baino gehiagok egiten dute lan. Medikuen artean, 55 eta 64 urte bitarteko adin tartea da ugariena, teknologia berriak eta internet oso ezagunak ez dituen talde demografikoa. Sektorearen feminizazioa ere nabarmena da, osasungintzan lan egiten duten pertsonen % 77 baino gehiago emakumeak baitira. Ikerketak ondorioztatu duenez, hainbat baldintzatzaile daude ikaskuntza komunitate birtualetan parte hartzeko. Alde batetik, adina: profesional gazteenak komunitateetako lider dira, eta zaharrenak, berriz, lurker (parte hartzen ez duten txat edo komunitate bateko kideak), eta horrek mugatu egiten du ezagutzaren transmisioa maila handian. Generoa ere baldintzatzaile garrantzitsua da: zenbat eta handiagoa izan genero-desberdintasuna, orduan eta ahalegin handiagoak egiten dituzte profesionalek online prestakuntzaren bidez desberdintasun hori arintzeko. «Hezkuntza eta sarearen erabilera binomioa funtsezkoa da emakumearen garapen profesionalerako», ondorioztatu du Corpus Gomezek.

Pizgarririk eza

Gomezen tesiak kezkaz ohartarazten duenez, IKTen garrantziaz konbentzituta beren lanean erabiltzen dituzten profesionalek ere ez dutela sarea erabiltzen gaitasun profesionalak ikasteko edo hobetzeko. «Ikaskuntza ez-formalerako pizgarriak falta dira, eta sareko lan eta lankidetzako ikaskuntza kultura falta da, bai arlo indibidualean, bai antolaketa arloan», azaldu du ikertzaileak. Etengabeko prestakuntza medikoko planek ez dituzte prestakuntza metodologia horiek aintzat hartzen, eta ez dira karrera profesionaleko sistemetan sartzen. Izan ere, Gomezek erakutsi duen bezala, estatuko profesionalentzat garrantzitsuagoa da prestakuntza egiaztatzea ikastea bera edo gaitasunak eguneratzea baino.

Ondorioz, «beharrezkoa da prestakuntza metodologia horiek hartu eta horrelako ikaskuntzak formalki aintzatestea», esan du ikertzaileak. Erronka da profesionalei Internet ikasteko tresna gisa erabiltzen laguntzea eta lankidetzan oinarritutako eredu berri bat erabiltzea; hau da, Internet antzinako ikaskuntza eredu bera egiten den plataforma gisa soilik ez erabiltzea, baizik eta formatu eta eduki berriak sartzea.

Onura sozial eta psikologikoak

Bere ikerketan, Corpus Gomezek nabarmendu du ikaskuntza komunitate birtualek onura teknikoak eta akademikoak ez ezik, sozial eta psikologikoak ere ekartzen dituztela. «Dimentsio sozial horrek ikaskuntzari eta ezagutza partekatuari mesede egiten die. Aldagai erlazional horiek sortzen dute asebetetze handiena erabiltzaileen artean», esan du. Beraz, ezagutzaren kudeaketan ondorio positiboak izateaz gain, eredu horrek «eragin positiboa izango du beste lan eremu batzuetan ere: gizarte mailan, talde lanean, komunikazioan, antolaketa kohesioan eta zeharkako lanbide gaitasunen garapenean».

Laburbilduta, UOCen ikerketa honek agerian utzi du gaur egun osasungintzako profesionalek jasotzen duten etengabeko prestakuntza ez datorrela bat XXI. mendeko errealitate teknologikoak eskatzen dituen benetako beharrekin. Komunitate birtualetan ikastea etengabeko prestakuntzako metodo tradizionalen alternatiba baliagarria da osasun profesionalentzat, eta garapen profesionalerako funtsezkoa da. Estatuko Osasun Sistemak ez du behar beste sustatzen tresna horiek ikasteko elementu formal gisa erabiltzea, ez baitute ez aintzatespenik ez egiaztapenik, eta ez baitira sartzen erakundeen etengabeko prestakuntzako planetan, ezta karrera profesionalen sistemetan onartzen ere. Nahitaezkoa da profesionalen etengabeko prestakuntza medikoaren eredua birbideratzea.