MAY. 07 2022 OSTIRALA, EZ GOAZ LANERA Lau eguneko lan astea gero eta gehiago hedatzen ari da munduan Lan malgua, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka handiagoa ahalbidetuko duena, eta osasun mentala izango dira datozen urteetan enpresek eta lan merkatuak izango dituzten erronka nagusietako bi. Paradigma tradizionala zalantzan dagoen unean gaude. Eta, besteak beste, pandemiak ere eragin du hori. Telelana izan daiteke aldaketa horren egungo eredu nabarmenena, baina beste bat kozinatzen ari da munduan barna: lau eguneko lan astea. Telelana ohiko bihurtu zuen pandemiak. (GETTY IMAGES) Aitor Agirrezabal Bartzelonako La Canadiense enpresa elektrikoko beharginek greba entzutetsua egin zuten 1919an, 44 egunez luzatu zena eta garai hartako espainiar Gobernuak egunean 8 ordu eta astean 40 ordu lan egitea legez arautzea eragin zuena. 103 urte igaro dira eta neurri hark bere horretan jarraitzen du. Hori aldatzeko tenorean, baina, gero eta ikerlari, langile, enpresa eta ekimen gehiago daude. Ez dago eredu jakin bat, baina dagoeneko herrialde asko dira bide horretan jarri direnak, proiektu pilotu ezberdinekin. Manel Fernandez Jaria, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Ekonomia eta Enpresa Ikasketen irakasle laguntzailearen iritziz, laneko «paradigma tradizionala zalantzan dagoen une batean gaude». Enpresak lan egiteko modu berriak aztertzen ari dira. Valentzian, adibidez, proba pilotuak egiteko baliabideak bideratzen ari dira, lan astea lau egunera murrizteko, zortzi orduko lanaldia eta bost eguneko soldata mantenduz. «Eredu hori ezarri duten enpresek produktibitatea handitu dute», aipatu du Fernandezek, nahiz eta onartu «ikerketek denboran luzeagoak» izan behar dutela oraindik ere. Islandiak eredu bat probatu zuen 2015 eta 2019 artean, orain arteko esperimenturik handiena. Lan astea 40 ordutik 35era murriztu zuen, eta soldatei eutsi zien. 2.500 lagunek parte hartu zuten probaldian, guztiak funtzionarioak. Probak izandako arrakastaren ondorioz, herrialdeko langileen %86 lau eguneko lan astera aldatu dira. Lau eguneko lan astea babesten dutenen argudio nagusietako bat produktibitatea handitzen dela da. «Ebidentzia batzuen arabera, azken 150 urteotan produktibitateak %2.000 egin du gora eta langileek enpresei zerbitzu ematen emandako orduak %40 inguru murriztu dira. Beste era batera esanda, langileek lan gutxiago eginez askoz gehiago ekoiztea lortu dute», zehaztu du Valentziako Unibertsitateko Lan Zuzenbideko irakasle Fernando Trujillo Ponsek. «Murrizketa horrekin, denbora gehiago eman dezakete langileek sozializatzen, asebetetzen dituzten planak egiten edo etxeko lanak hobeto antolatzen. Eta ez dira hain estresatuta sentitzen, baizik eta energia gehiagorekin». Izan ere, produktibitateaz gain, lan baldintzak ere kontuan izan behar dira. «Japoniak edo Zeelanda Berriak, 2018tik, lau egunera murriztu dute lan astea, eta, gainera, enpresek irabazi handiak izan dituzte produktibitate handiagoari esker, baita estresa eta nekea murriztu direlako ere. Baieztapen hori ikerketa garrantzitsuetan berresten da, astean lau egunez lan egitearen onurak erakusten baitituzte: burnout gutxiago, kontziliazio handiagoa eta produktibitate berdina». Islandiako emaitzei so eginez, gainera, laneko bajak nabarmen gutxitu direla ikus daiteke. «Lan istripuak ohikoagoak dira lanaldi luzeekin, lan nekeak eraginda arretak behera egiten baitu». Eskozia ere lau eguneko lan astea probatzen ari da egun, eta Estatuak 10 milioi liberako (12 milioi euro inguru) laguntza ematen die enpresa parte hartzaileei. Bestalde, Suedian, 2015ean, lau eguneko astea probatu zuten, soldata berdinarekin, eta emaitzak desberdinak izan ziren. Enpresa batzuek bakarrik erabaki zuten lau eguneko lanaldia mantentzea. Lituaniak ere lau egun eta 32 orduko lan astea arautu berri du, soldata murriztu gabe. Hori bai, kolektibo jakin batentzat egin du: hiru urtetik beherako seme alabak dituzten funtzionarioentzat. Belgikako «tranpa» Azken berriak Belgikatik heldu dira. Bertan ere lau eguneko lan astea indarrean jarriko dute hala eskatzen dutenentzat, baina, aldiz, langileek ez dute lan gutxiago egingo. Lau egunetan banatutako 32 lanorduko aste baten aldeko apustua egin beharrean (orain arteko esperimentu gehienetan egin bezala), Belgikako planak 40 ordu lau egunetan banatuta lan egitea proposatzen du. Hau da, lanorduak egun gutxiagotan pilatuko dituzte langileek, hala nahi badute. Proposamenak honakoa ere jasotzen du: langileek malgutasunez erabaki ahal izango dute astean lau edo bost egunez lan egin nahi duten. «Tranpa» UOCeko irakaslearen arabera. «Lau egun lan eta lan aritu eta bosgarrena parrandan emateak ez du zentzurik. 10-12 orduko lanaldiek ez dute inolako produktibitaterik. Belgikak egin duena ez da bultzatu beharreko ideia». Trujillo ere ez dator bat Belgikako egitasmoarekin. «Orduak kontzentratzeak ez du balio lan arriskuak saihesteko, ez eta lana eta familia uztartzeko edo langileen bizi kalitatea hobetzeko ere. Egunean 10 ordu lanari eskaintzeak ondorio kaltegarriak izan ditzake langileengan, osasun fisiko eta mentalaren ikuspegitik, bai eta enpresetan ere, errendimenduaren, produktibitatearen eta absentismo mailen ikuspegitik. Langileei mesede egiteko, gutxiago lan egitea lortu beharko litzateke, inolaz ere ez egunean ordu gehiago egitea». Zeelanda Berriko Perpetual Guardian enpresa fiduziarioa izan zen lan agenda berria ezarri zuen lehenetakoa. Enpresak egindako eta Aucklandeko Unibertsitate Teknologikoak monitorizatutako azterlan baten arabera, langileen konpromisoa eta ahalduntzea areagotu egin ziren. Estres mailak %45etik %38ra jaitsi ziren, eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko aukerari emandako puntuazioa %54tik %78ra igo zen. «Esperientziek erakusten dute produktibitatea eta ongizate indizeak handitzen direla lanean. Gertatzen ari diren aldaketetara irekitako leihoa da», uste du Fernandez Jariak. Espainiar Estatuan, 2020. urtearen amaieran, Mas Pais alderdiak soldatak murriztuko ez dituen 32 orduko lanaldia defendatzeko zuzenketa-proposamena aurkeztu zuen. Urtebete geroago, Pedro Sanchezen Gobernuak plan pilotu bat adostu zuen 50 milioi eurorekin, iragan martxoan zehaztu zena. Parte hartzen duten enpresek dirulaguntza bat lortu ahal izango dute langileen lanaldi murrizketek eragindako gastuak konpentsatzeko, bai langile berriak kontratatzeko, bai plantillaren prestakuntzarako, bai makina edo material informatiko berriak erosteko. Espainiar Gobernuaren plana «Aipatutako zuzenketa aspalditik datorren eztabaidaren emaitza da», azaldu du Trujillok. «Espainian asteko 40 orduko mugan ezarritako lanaldia aldatu gabe dago duela mende bat baino gehiagotik. Asteko gehienezko ordu kopurua aldatu eta 32 ordura igarotzekotan, soldata murriztu gabe eta egunean gehienez 9 lanordu eginez, langileen segurtasuna eta osasuna hobetuko litzateke, batez ere ikuspegi mental batetik». Espainiar Gobernuak aurreikusten du ekainean prest izango duela 32 orduko edo lau eguneko lan astea ezartzeko plan pilotua. Mas Pais alderdiarekin egindako akordioaren ondorioz, 2022ko aurrekontuetan 10 milioi euro bideratu dira, egitasmoa gutxienez beste urte bat luzatze aldera, eta alderdiak darabilen planaren zirriborroak langile bakoitzeko 2.000 eta 3.500 euro arteko laguntzak proposatzen dizkie bertara biltzen diren enpresei. Enpresen aparteko kostuak konpentsatzeko eta digitalizazioaren arloan beharrezkoak diren eraldaketei ekiteko laguntzak dira. Langile bakoitzeko 3.500 euroko laguntza bost eta 20 langile arteko enpresentzat izango litzateke, eta 2.000 eurokoa, berriz, 51 eta 250 langile arteko enpresentzat. Lanaldiaren murrizketak enpresaren produktibitatean eta kontziliazioaren eremuan dituen onurak aztertzeko plan pilotuaren iraupena gutxienez bi urtekoa izatea planteatzen da. Plan pilotua hainbat sektoretako 200 eta 400 enpresa arteko urkilan probatu nahi da, emaitzak lanaldiak murriztu ez dituzten antzeko beste konpainia batzuekin alderatzeko. Datu ofizialik ez bada ere, hainbat enpresak ezarri dute jada espainiar Estatuan lau eguneko lan astea. «Eta emaitza positiboekin», zehaztu du Trujillok Madrilgo Francachela enpresa aipatuz. 2020ko maiatzean eman zuen saltoa ostalaritzako enpresak. «Pandemiaren testuinguruan ezin genuen ezer gertatu ez balitz bezala jokatu. Ikasi dugu aldi berean lan egitea eta zaintzea ia ezinezkoa dela, harremanak izateko eta denbora antolatzeko modu berrietara ohitu behar dugula, pilaketak saihestu eta ingurumena eta bizitza gehiago zaindu behar ditugula», adierazi dute enpresatik. Orain, 2022ko maiatzean, duela bi urte baino 40 langile gehiago dituzte, lanorduak gutxitu eta soldatak mantenduta. Horretarako hainbat neurri hartu dituzte, tartean elaborazio handiegiko platerak kartatik kentzea, tokiko komertzioekin akordioak egitea edo Whatsapp bidezko eskariak indartzea. Beste batzuek, Telefonicak kasu, aukera eman diete langileei lau egunez lan egiteko, baina soldata %15 jaitsiz. Eraldaketa enpresen barne funtzionamendutik indartu behar dela iritzi du Trujillok. «Enpresek osasun mentaleko plan eraginkor bat izan behar dute, eta hori ezartzen adituak diren arduradunak izan behar dituzte. Enpresek jakin behar dute langileak ulertzen, haiekin enpatizatzen, tresnak eskaintzen, betiere muga batzuen barruan zerbitzuak eman ahal izan ditzaten». Pandemiak langileak indartu ditu. Behintzat langileek euren bizi kalitatearekin eta osasun mentalaren lotuta duten jarrera. Hori izan daiteke lan munduan aldaketa sakonak emateko motorra. Galga produktibitatearen inguruko zalantzak badira, gobernuei dagokie arriskuak gutxitzea. Osasun fisiko eta mentalaren ikuspegitik aurrerapauso bezala ikusten dute adituek lau eguneko lan astea, bai eta produktibitatearen eta absentismo mailen ikuspegitik ere Enpresek plan eraginkor bat izan behar dute, eta adituak diren arduradunen eskutik ezarri behar dute. Gobernuek, aldiz, aldaketak eragindako arriskuak murrizteko ardura dute