MAY. 07 2022 Software berdea, guztion erronka Maider Azanza Sese Donostiako UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea Nazio Batuek definitutako garapen jasangarrirako hamazazpi helburuen barruan, hamabigarrena kontsumo eta ekoizpen jasangarria bermatzea da. Ba ote du loturarik horrek softwarearekin? Azken finean softwarea ez da fisikoa den zerbait. Bere ekoizpen eta kontsumo jasangarria kontuan hartu beharko genituzke? Erantzuna baiezkoa da, noski. Egunero erabiltzen dugun softwarea exekutatzen duten gailuek energia kontsumitzen dute. Asko. Software eta informazio teknologien erabilera etengabe hazten ari dira, gure gizartea martxan mantentzeko eta gure bizitza kudeatzeko. Baina hazten doazen neurrian energia eskaria ere lehertzen ari da. 2030erako, datu zentroek bakarrik mundu mailako elektrizitatearen %10 kontsumituko dute. Horri Internet, telekomunikazioak eta sistema txertatuak gehitzen badizkiogu, energia kontsumoa mundu mailako eskariaren herena izango da. Argi dago bide hori ez dela jasangarria. Zer egin dezakegu? Berehalako ekintza energia berriztagarriagoa erabiltzea da. Energia kontsumo altuko enpresak, Microsoft, Google eta Amazon esaterako, ur, eguzki edo haize energietan inbertitzen ari dira, adibidez, datu zentroak hozteko. Baina energia berriztagarriak erabiltzeak sintomak besterik ez ditu sendatzen. Ez du konpontzen energia murriztu beharra. Erabiltzaileek guk eskaintzen duguna kontsumitzen dutela jakinda, lehen ardura softwarea ekoizten dugunona da, softwarea garatzen duen komunitatearena. Ardura ekologikoak gure lanaren oinarri nagusi bihurtu behar du. Garatzen dugun kode lerro bakoitza hemendik urte askotara milaka prozesadore desberdinetan exekuta daiteke, energia kontsumituz eta klima aldaketara lagunduz. Software berde edo Green IT delakoak, software garapenaren inguruko paradigma aldaketa proposatzen du. Horri jarraituz software ingeniariak, garatzaileak eta software garapenarekin lotutako gainontzekoak beraien soluzioak eta zerbitzuak efizienteagoak egiten saiatzen dira energia kontsumoaren aldetik. Hori lortzeko erabiltzen diren neurrien adibide dira softwarea hodeira eramatea, hardware ekologikoagoa erabiltzea, softwarearen aztarna ekologikoa diseinatzen dugun momentutik kontuan hartzea eta softwarea bere testuinguruaz jabetzeko gai izateko sortzea, bere energia kontsumoa doitzeko gai izan dadin. Eta softwarea garatzen ez dugunok, zer egin dezakegu? Azken finean guk beste batek egindako softwarea kontsumitzen dugu. Kasu honetan softwarea erabiltzeko ditugun gailuetan dago gako nagusia. Gailu berri bat erosteko orduan benetan behar ote dugun edo zaharra erabiltzen jarrai dezakegun pentsa dezakegu. Eta erostea erabakiz gero, fabrikazio prozesuan birziklatutako edo gutxi degradatzen diren materialak erabiltzen diren edota energia kontsumoa begira ditzakegu. Gailuen erabilerari dagokionez, erabili behar ez ditugunean itzali edo deskonektatzea gogora dezakegu. Aldiz, gailuak jada gure beharrak betetzen ez dituenean, ondo badago, beste norbaitentzat erabilgarria izan daitekeen pentsa dezakegu, eta, ez badago, era egokienean nola eta non bota ikertu dezakegu. •