GAUR8 - mila leiho zabalik

Ekoizua


Lan kontuak direla-eta Andaluzian egotea egokitu zait azken bero boladan. Bertan udara gero eta goizago dator, eta aurten udaberriak nekez izan du aukera burua ateratzeko. Aldaketa klimatikoak eraginda, telesail distopikoen lehenengo hari narratiboetan sartuak gara, eta errealitatea fikzioari goititzeko bidean dago.

43 °C graduak gela zeharkatzen saiatzen dira pertsianen zirrikituetatik. Barruan itzal lubaki bat eraiki arren, bunker ilun honetatik antzeman daiteke kanpoko sua. Aire egokituen bidez merkaturatu dute modu bat errealitate gordin hori ez sentitzeko, baina teknologiarik perfektuenak ezin du eragotzi ekoantsietateak mentalki jazartzea. Baliteke hori kontzeptu potoloegia izatea une honetan sentitzen dudan horretarako, baina inoiz ez bezala sutzar klimatiko honekin jota nago. Ez da soilik gorputza indarrik gabe sentitzea, hankak burdinazko kateekin arrastaka eraman beharko banitu bezala. Zerbait mentalagoa da. Basokada ur bata bestearen atzetik edateak ez du inola ere buruko egarria asetzen.

Ekoizu ataka honetatik irteteko gelako pantaila erraldoian Islandiako paisaia baten bideo bat bilatu eta «loop» gisa utzi dut. Fantasiari tiraka, irudi horiek errealitate birtualaren itxura hartzen dute. Siglufjördurren barrena hotz artikoaren zaplaztekoek oinezkoen aurpegiak estutzen dituzte.

«Zein ondo zaudeten hemen», esan diot “Ófærð” telesaileko poliziari. «Ez dakizu zer den sutan erre eta kiskaltzea hegoaldeko herrialdeetan».

«Ez pentsa –erantzun dit Andri Ólafsson bizardunak–. Hemen hotza ez da garai batekoa. Hegoaldetu egin gara eta askok gustuko dute hori ere».

Hinrika Kristjánsdóttir polizia eszenan sartu denean izerditan esnatu naiz. Pantaila, elur malutaz beterik, islandieraren soinu zaharrak botatzen ari da Kordobako “caló”-aren kontra. Ordubetean gaua etorriko da eta auskalo amesgaizto klimatikoaren tankerak hartuko dituen: ia airerik ez, ingurugiro geldoa, ia solidoa, insomnioa egunaren bokalea izateraino.

Bat-batean mendebal haizea etorri zaigu dantzan. Leihoak ireki, haizea aurpegian dastatu, eta irribarre bat bota diogu terrazako bugainbileari. Pixkanaka-pixkanaka jendez bete da kalea. Gu ere aterako gara arnasa hartzera. Atera aurretik, ordenagailua itzali eta hauxe idatzi dut hozkailuan itsatsita dagoen paperean: «Gaur libratu gara. Bihar bai ala bai ‘googleatu’ ekodepresioa, ekoamorrua, ingurumen kolapsoarekiko beldur kronikoa…’ •