Hauteskunde giroa nabari da, gero eta gehiago
Amaitzera doa, urtebete baino gutxiago falta da. Hauteskunderik gabeko tartea amaitzera doa Hego Euskal Herrian. Halako tarteak ondo aprobetxatu behar direla esan ohi da, hauteskunde garaietan egin ezin dena egiteko eta gai potoloetan ahal bezainbeste aurreratzeko, baita norberaren alderdi edo mugimendu politikoa sendotzeko ere. Askotan, maizegi, ez dira aurrez egindako espektatibak betetzen eta hauteskunderik gabeko epea amaituta epe hori behar beste aprobetxatu ez delako ustea zabaltzen da. Politikaren errealitatea.
Jakina, Hego Euskal Herriaz ari gara, Iparraldean hauteskundeetan murgildurik baikaude bete-betean. Duela aste gutxi presidentzialak izan ziren, eta, espero bezala, Macronek irabazi zuen. Orain Frantziako legebiltzarreko hauteskundeak datoz. Aurreko aldian, Macronek lehen garaipen handi hura lortu ostean, presidente berriaren hautagaiak gailendu ziren Estatu osoan. Gehiengo oso zabala lortu zuen, nahiz eta bakarren batzuek ohiko alderdi egiturarik ez izateak kaltetuko zuela iragarri. Oraingoan litekeena da Macron estuago ibiltzea, higadura jasan du urteotan eta datozen hauteskunde hauetan hori nabarmenago ageriko da.
Estatu espainolean ere oraintxe badira hauteskundeak, eta, egia esan, euskal indar abertzaleek –eta batik bat EH Bilduk– Espainiako Gobernuak behar dituen gehiengoak lortzeko duten eragina hainbeste nabarmendu denetik, hauteskunde horiek egite hutsak ondorioak ditu gurean, eta ez oso onak. Izan ere, boz egunak hurbiltzen direnean euskal agendako gaiak gelditu ohi ditu Madrilgo Gobernuak, horietan sortzen den zalapartaren beldur delako PSOE, botoak galduko dituelakoan. Seguru asko, egun gutxitan izango diren Andaluziako hauteskundeek kontu bat edo beste geldiarazi edo mantsotu dute.
Bestalde, Sanchezen gobernuaren beraren egonkortasun hauskorra ere berriro azaleratu da gobernu sozioen arteko ika-miketan, Alberto Nuñez Feijoo buru duen PPren hautagaitza berriak eskuinaren –eta ultraeskuinaren– zikloa lehenbailehen iristea behartu nahi duen bitartean. Moncloa dago jokoan.
Nolanahi ere, udal eta foru hauteskundeen hitzordua jarrita dago datorren primaderarako, eta dagoeneko gurean hasi dira hautsak harrotzen lasterketa horretarako, direla inkestak, direla gobernuen barruko krisiak, direla hautagaitzen aurkezpenak...
Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan EH Bildu indar daiteke. Hori da behintzat inkestek diotena eta askoren ustea. Halere, tokian tokiko hausnarketa ere egin beharra dago. EH Bilduk ez ezik, EAJk ere gora egingo duela dio hainbatek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jelkideek indartsu segituko dutela dirudi; besteak beste, Euskal Herrian gainbehera egin duen eskuineko espainolismoaren boza leku askotan kapitalizatzea lortzen duelako.
Nafarroako egoerak piztuko du arreta berezia. Bi legealdi beteko dira UPN gobernutik kanpo geratu zenetik, nahiz eta bi legealdi horietako bakoitzean gobernu ezberdinak izan diren, Uxue Barkosen eskutik lehenengoan, eta Maria Chiviteren eskutik bigarrenean. Arazo asko izan dituen eskuina ez da berriro Nafarroako Gobernura erraz iritsiko, baina horretan beste indarren ardurak eta ausardiak –edo ardurarik ezak eta koldarkeriak– asko izango dute esateko, onerako edo txarrerako. •