Antton Izagirre Gorostegi

Izan ala jardun

Aurtengo maiatzean euskalgintzak jarri digu zeresana; baita aurrera begirako zer pentsatua ere. Iruñean eta Donostian egin diren manifestaldi jendetsuek, Soziolinguistika Klusterrak ezagutzera eman dituen azterketek eta udazkenerako iragarri zaigun Euskaraldiak ikusgarritasuna eman diote euskarari.

Milaka euskaldun eta euskaltzale kalera ateratzeak balio handia du euskal komunitatea trinkotu eta euskara ardatz modura hartuta egituratze bidean.

Hala ere, sentimendu gazi-gozoak eta gorputzaldi hotza utzi digu errealitatearen gordinak. Manifestaldian ibili garen bitartean komunitatearen osagaiak bizirik diren usteak indartu zaizkigu. Behin elkarrekin egindako kalez kaleko ibilaldia amaitutakoan, gutxi iraun du usteak. Asmo beraren atzean ordu pare batez elkarrekin joandakoengan sortutako zirrarak ez du jarraipenik izaten luzaro. Behin barreiatutakoan sortzen zaizkigun sentipenak bestelakoak izan ohi dira.

Oraingoan ere, barreiatzearekin batera komunitatea hauskorra den pertzepzioak gaina hartu zuen gure iruditerian. Dagoeneko euskaraz ia oso gutxi entzuten zen inguruan. Aldi batean sortu genuen burbuila hura hustu eta beste errealitate bat genuen begi-belarrien aurrean.

Errealitate hori bera irudikatu berri digu Klusterraren analisiak: badela itxaropenerako motiborik, nahiz eta amildegiaren ertzean urte luzez iraun, edo alderantziz, amildegiaren ertzean gaudela jakinaren gainean, itxaropena piztu behar dugula.

Euskal komunitateko kide izateko erak anitzak izan behar omen dira, oso komunitate zabala dugun ustea hedatua dago geure artean. Hala ere, aldea dago izatetik izatera. “Izate” hutsa ez dugu nahikoa. “Pertenentzia” ezaugarria, kidetza kontziente modura ulertua, geureganatu beharra dugu eta ezinbestean, euskaratik egin beharko dugu.

Modu horretan ulertzen dugu komunitatea eta ekimen kontziente horren lekuko beharko luke izan Euskaraldiak.

Euskal ereduaz ere asko hitz egingo den honetan, euskararen erabileran eraginkor jardun duen komunitateak eraiki beharko du. Prest al gaude? •