GAUR8
IKUSMIRA

Kolonbian, aldaketaren norabidea airean

Kolonbiarrek aldaketaren alde bozkatu zuten maiatzaren 29an. Aldaketa horren norabidea ez dago argi, ordea. Itun Historikoa koalizioaren hautagai Gustavo Petrok irabazi zuen arren, ez zuen boto nahikorik lortu (%50) lehen itzulian presidente izateko eta ekainaren 19an bigarren itzulian Rodolfo Hernandez populistaren aurka neurtuko da. Federico «Fico» Gutierrez eskuineko hautagaia hirugarren gelditu zen, bost miliotik gora boto lortuta. Emaitzak jakin ahala, Hernandezen alde bozkatzera deitu zuen: «Kolonbiari Petro ez zaio komeni» eta Bogotako alkate ohiak irabaziz gero «gure familiak eta seme-alabak arriskuan egongo dira», argudiatu zuen. Momentuz, «TikTok-en erregea» den Hernandezek matematikak bere alde ditu. Uribismoaren ordezkari esanguratsuek sostengua adierazi diote «Trump kolonbiarrari». Petrok gutxienez milioi bat boto gehiago beharko ditu Kolonbiako lehenengo presidente ezkertiarra bilakatu ahal izateko. Adituen hitzetan, Hernandezek Petrok baino aukera gehiago ditu hautesleen esparrua zabaltzeko, nahiz eta proiektu politiko sendorik ez eduki eta ahobero hutsa izan. Aldaketak hartuko duen joera zehazteko zeresan handia izango dute gazteek eta emakumeek, zalantzati daudenek eta lehenengo itzulian abstenitu egin zirenek. Parte-hartzea 70eko hamarkadatik egon den handiena izan bazen ere, 21 milioi pertsonak bozkatu zuten, 38 milioi kolonbiar deituta zeudenean. Ainara Lertxundi