JUN. 18 2022 Bigarren aukera Gorka Elejabarrieta Maiatzaren 29an burutu zen Kolonbiako hauteskunde presidentzialen lehen itzulia. Ezkerrak inoiz lorturiko emaitzarik hoberena eskuratu zuen, bozen %40, bigarren hautagai bozkatuenak baino 12 puntu gehiago. Bada pozik egoteko eta ospatzeko motiborik, ezkerrak azkeneko urteetan Kolonbian egin duen aurrerapausoa nekez irudika baitzitekeen duela urte gutxi. Gustavo Petro eta Francia Marquezek sekulako emaitza lortu dute. Dudarik ez, baina bigarren itzulian zer gertatuko den ez dago idatzia. Bigarren eta hirugarren hautagaiak, Rodolfo Hernandez eta Federico Gutierrez, biak eskuindarrak, Petro eta Franciak baino 2.500.000 boz gehiago eskuratu zituzten. Federico Gutierrez bozkatu zuten guztiek ez dute automatikoki Rodolfo Hernandez bozkatuko, ezin da batuketa soil bat egin, baina argi dago boz horietatik gutxi batzuk baino ez direla Petroren aldera pasatuko. Bihar Kolonbiaren etorkizuna norabide batean edo kontrakoan doan erabakiko dute hautesleek, bigarren errondara pasatutako bi hautagaiek oso kontrako proposamenak taularatu baitituzte. Ezkertiarra bata, populista eta ultraeskuindarra bestea. Bakearen, berdintasunaren eta aberastasunaren banaketaren aldekoa bata, elite eta aristokraziaren eskubideen aldekoa bestea. Mozorrorik gabeak biak; mezu zuzen eta argiekin. FARCekin Santosen gobernuak sinaturiko akordioaren etorkizuna gehiago edo gutxiago beteko den, ELNrekin izoztuta dagoen negoziazio prozesua berrartzen den edo ez, kolonbiar demokratizazioa, aberastasunaren eta lurren banaketa, emakumeen eskubideak, jatorrizko herrien eskubideak eta beste hainbat gai biharko hauteskundeetan zer gertatuko zain, nork irabaziko zain daude. Petro eta Franciak irabaziz gero, Kolonbian bakeak aukera berria izango du. Rodolfo Hernandezek irabazten badu, aldiz, ez da aipaturiko gaietako batean ere inolako aurrerapausorik emango; are gehiago, atzerakada nabarmenak izango dira. Hego Amerikan borroka etengabea da, proiektu ezkertiar eta eskuindarren artean. Azkeneko bi hamarkadetan denetarik gertatu da Ameriketako herrietako bakoitzean. Uruguai, Argentina, Venezuela, Brasil, Honduras, Ekuador, Salvador, Mexiko… Borroka kontinentala irabazita zegoela pentsatu genuenean, eta ondoren hainbatek ziklo progresistaren agorpena iragarri zutenean, eta eskuina boterea herriz herri berreskuratzen hasi zen unean, borroka galdu zela zirudienean, berriz ere, pixkanaka gobernu progresisten buelta etortzen hasi zen. Pepe Mujikak askotan errepikatu du, Amerikako ezkerrak iraultza armatuetatik borroka elektoralerako hautua egin zuenean, alternantzia eta emaitzak, joko arauak finean, onartzeko beharra zuela. E egunik existitzen ez dela onartzen badugu, ez dago betiko garaipenik, ez eta betiko galerarik ere. Argi dago, baina, ezkerrak urteen poderioz lortzen dituen aurrerapausoak eskuinak aste/hilabete gutxitan deuseztatzen dituela. Europako ezkerra ez dago Amerikako ezkerrari lezioak emateko moduan. Borroka kontinentala eta globala izan behar dela ziotenek inoiz baino arrazoi gehiago dute. Elkarlana izan behar da etorkizuneko edozein proiektu ezkertiarren oinarria; borroka lokal eta globalaren arteko uztarketa. Globalizazio garaiko eslogan famatuak, “Think global, act local”, inoiz baino zentzu handiagoa dauka. Bai horrek eta bai kontrakoak: “Act global and think local”. Finean, bien arteko uztarketa behar-beharrezkoa da; tokian tokitik bakarrik, eta agenda global baten baitan erantzun ahalko zaie globalak, planetarioak diren erronkei. Kolonbian bihar gertatuko denak bidea erraztu edo zailduko du. Eta hurrengo geltokia, Brasil. • El famoso eslogan de la ��poca de la globalizaci��n, ��Th... global, act local��, tiene m��s sentido que nunca. Tanto ��ste como su contrario: ��Act global and thnuestrlocal��. En definitiva, la conjunci��n entre ambos es totalmente necesaria.