Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Batezbestekora erregresioa

Aurreko baten azaldu genuen gure muskulu-eskeleto sistemaren arazoetatik asko berez sendatu ohi direla; eta prozesu horietan, osagileok laguntzaile hutsak izaten garela. Gaur, horrekin erlazionatutako kuriositate edo maltzurkeria bat azalduko dizuet: batezbestekora erregresioa. Francis Galton ikerlariak XIX. mendean deskribatutako fenomenoa da, egoera mingarrien eboluziora ekarriz gero, estatistiken ohiko marrazkiarekin erakuts dezakeguna: koordenatu kartesiarrak, non x ardatzak denbora irudikatzen duen, eta y ardatzak minaren intentsitatea. Horretara, marrak kanpai forma hartzen duela ikusiko dugu: hasieran behe-behetik hasita (minik ez dugunean), gero aldapan gora (mina agertzen doanean), tontor batean amaitzen dena (minaren punturik gorena), eta gero aldapan behera doana (mina hobetzen hasten denean). Kanpai forma hau beti agertzen da: batzuetan altuera handiagoarekin, bestetan txikiagoarekin, agian aldaera batzuekin, baina oro har errepikatzen den txantiloia dela esan dezakegu. Osagileon funtzioa bilakaera horretan eragitea da: kasu gutxi batzuetan kanpai hori zapaltzea lortuko dugu (kanpaiarena baino, plater itxura handiagoa emanez), baina gehienetan kanpai horren punta jaistearekin konformatu beharko gara: alegia, minaren puntu gorena ez dadila hain goian egon. Eta batzuetan, joan den hilean aurkeztu genuen Ezekielen kasuan legez, kanpaiaren bilakaerari begiratzea baino ez zaigu geldituko, tontoak bezala.

Azken kasu honetan eta orain dator maltzurkeria, konturatuko zaretenez, ez du inporta gu fisioterapeutak garen, medikuak, lizentziatuak, katedratikoak, igeltseroak, poetak edo ke-saltzaileak. Berdin du zer egiten dugun, pazientearen minak betiko kurba jarraituko duela badakigu: aldapan gora, tontorra, aldapan behera. Horretara: pazientea lehenengo fasean etortzen bada (gorakadan), badakigu egiten dugun tratamendua egiten dugula, gero eta min gehiago izango duela. Eta bigarren fasean etortzen bada ("tontorrean" oso denbora gutxi pasatzen baita), badakigu egiten dugun tratamendua egiten dugula, gero eta min gutxiago izango duela. Bistan denez, denborarekin eta esperientziarekin, osagileok pazientea zehazki zein fasetan dagoen bereizteko zeinuak ikasten ditugu; eta hori interesgarria izaten da, tratamendua modu egokiagoan planteatzen laguntzen digulako. Halere, askotan egoera xelebreak gertatzen dira. Esate baterako: normalean pazienteak lehen fasean (aldapan gora) etortzen dira guregana; batzuek ez dute pazientziarik tratamenduarekin jarraitzeko -gaur egunean dena eta orain nahi dugu- eta nahikoa hobetzen ez direla iritzita, beste soluzio batzuen bila hasten dira. Horrelakoetan, ez da arraroa izaten beste tratamendu hori eta beheranzko aldapa, biak batera hastea. Kasu horietan, behin baino gehiagotan, pazientea erabat sinetsirik gelditu izan zaigu bere hobekuntza tratamendu berriaren eraginez izan dela. Gehiago esango dut: inoiz tratamendu berri hori pitokeria hutsa izan dela jakin dugu, baina halere pazientea oso pozik geratu dela «hark bai asmatu duelako, fisioterapeuta inutil haren aldean». Bueno, horrelakoak gertatzen dira; eta garrantzitsuena azken zatia da: pazientea pozik geratu dela, eta arazoa konpondu zaiola. Gehienetan, ez du merezi azalpen sakonetan hastea; horiek zuek bezalako irakurle prestu eta adimendunendako erreserbatzen ditugu. Ziur inoiz baliagarriak gertatuko zaizkizuelako. Barrena, hurrengo bizkarreko mina etortzen zaizuenean, egoerari lasaiago aurre egin diezaiozuen! •

www.abante.eus