JUN. 25 2022 Amatasun bizigarriak Oihane Larretxea de la Granja Egun osoa alde batetik bestera korrikan aritu eta hala ere iristen ez zaren sentsazioa. Dena egin nahian, eta ondo gainera, asko eskatzea ez bada. Zuk ahal duzu. Hala saldu dizute eta hala erosi duzu. Pinotxori Pepito kilkerra agertzen zaion bezala agertzen zaizulako zuri sistema. Erre que erre, pixka bat gehiago estutzen, torlojuak beti duelako tarte txiki bat gehiago. Lanik egingo ez bazenu bezala umeak hezi; umerik izango ez bazenu bezala lan egin. Batean zein bestean nahiko zenukeen horretara ezin ailegatzearen frustrazioa, ahalegindu arren. Quien mucho abarca poco aprieta. Edo aitonak esaten zuen bezala: «Azkar eta ondo, usoak hegan». Etxeratzean gogoratzen zara utzi duzula ontzi-garbigailua hustu gabe eta ez zarela farmaziatik pasatu alabaren Ventolina erostera. Lagun batek duela egun batzuk mezu bat idatzi zizula gogorarazten dizu, eta ea zer diozun. Ez dizu ezer leporatzen, baina erantzun… ez diozu erantzun. Hori horrela da. Pediatrak deitu dizu, biharko lortu duela presazko tarte bat egitea. Antolatu. Eta gauero legez gurasoei deitu eta puzzlea osatu, adostu. Baiezko bat telefonoaren beste aldean. Sarea. Posible al da hori gabe? Eskatzea ez zait xamurra egiten, baina egunero eskatzen dut. Aitortzen dut. Gauzak honela, haziera sarerik gabe ez dela bideragarria aipatu zuen Estitxu Fernandezek Erika Lagomarekin batera idatzi duen “M ama* eme* ume*” liburuaren aurkezpenean. Erabat ados. Eta Adrienne Rich parafraseatu zuen: amatasunaren bizipenek ez gaituzte zapaltzen, ez dute zertan izan itogarriak. Zapaltzen gaituena sistema dela. Zein muturretan kokatzen gaituen sistemak berak. Gauzak ditut hobetzeko, jakina, baina herrena den ereduan nekez bete daiteke paper bikain bat. Kulpa sarri aipatu dute amek liburuan. Sistemak sentitu al du hori inoiz? •