infraganti

Euken Alberdi, erronka berriei irribarre batekin aurre egiten dien patinatzailea

Umetan eskolaz kanpoko jarduera bezala hasi zena, goi-mailako kirol ibilbide bilakatu da gaur egun Euken Alberdi patinatzaile donostiararrentzat. Munduko Junior Txapelketan hartu zuen parte apirilean. Sailkapenean 29. amaitu zuen, «eta pozik», onartzen duenez. Badaki erronka zailak dituela aurretik, baina gogotsu egingo die aurre.

Euken Alberdi, Donostiako Izotz Jauregian egindako elkarrizketan
Euken Alberdi, Donostiako Izotz Jauregian egindako elkarrizketan (Andoni CANELLADA | FOKU)

Askotan aipatzen dugu euskal kirolarien maila eta aniztasuna miresgarria dela, eta baieztapen hori indartzera datorren kasua da Euken Alberdi gazte donostiarrarena. Patinaia artistikoa gure artean kirol oso ezaguna ez den arren, Alberdik argi izan zuen hasieratik horixe zela egin nahi zuena, eta azken urteotako lan guztiak merezitako saria izan zuen aurtengo apirilean: Munduko Junior Txapelketan parte hartu zuen.

Baina has gaitezen hasieratik. Zergatik patinaia artistikoa? «Izotz Jauregitik gertu bizi ginen eta gurasoak niretzako eskolaz kanpoko aktibitateren baten bila zebiltzan. Lau edo bost urte izango nituen eta antza denez nire lehengusina batek hemengo ikastaroren bat ezagutzen zuen. Probatzera etorri ginen, pixkanaka ikastaroak egiten joan nintzen eta gustora etortzen omen nintzen. Zortzi bat urterekin patinaia edo hockeya nahiago nuen galdetu zidaten eta nik patinaia aukeratu nuen. Egia esan ez dakigu oraindik oso ongi zergatik egin nuen aukera hori, agian etxean noizbait patinaia artistikoa ikusten genuelako edo. Gurasoek pozik jarraitu zuten niri hona ekartzen, ia egunero, eta pausoz pauso lehiaketetan ere sartzen joan nintzen. Eskola mailakoak lehenik, lurraldekakoak gero, Espainiako Txapelketak eta nazioarteko mailara iritsi arte. Pausoz pauso joan da prozesua», argitu du bere ibilbidea Alberdik.

Donostian hasitako ibilbideak Bartzelonan du gaur egun jarraipena, ikasketak eta patinaia uztartzeko aukera onena bertan aurkitu zuelako. «Betidanik Donostian ibili izan naiz. Egia da udan izotz pista itxi egiten dutela baina kanpoan entrenatzeko aukera eskaintzen digute. Eta Batxilergoko bigarren urtean nengoela ikasten jarraitzeko aukerak begiratzen hasi ginen. INEF ikasi nahi nuen eta hainbat aukera genituen patinaiarekin jarraitu ahal izateko: Gasteizera mugitu, han ere izotz pista badagoelako, edo Bartzelona edo Madril aldera joan. Bartzelonako aukera asko gustatu zitzaigun. Patinaia artistikoa Futbol Club Barcelona barruan integratuta dago sekzio bat gehiago bezala, eta entrenatzeko aukera ona iruditu zitzaigun. Unibertsitatea hastearekin batera pauso bat kanpora ematea».

Eta gaur egun Bartzelonan daraman entrenamendu disziplina jada goi-mailakoa da, bere egunerokoak erakusten duen bezala: «Goizean izotz pistara joaten naiz entrenatzera. Normalean ordu erdi inguru egoten gara kanpoan berotzen eta izotzetan ordu bete inguruko saioa egiten dugu. Ondoren klasera joaten naiz. Eta arratsaldean beste ordu bat edo bi ematen ditugu izotzetan entrenatzen. Eta gero, astean lau bat aldiz, gimnasiora joaten gara, prestatzaile fisikoarekin entrenatzera, ordu eta erdi inguru gutxi gora-behera. Udan aldatu egiten da, klaserik ez daukagulako. Campus moduko batzutara joaten gara eta entrenamenduak kontzentratuagoak izaten dira. Hiru saio izotzetan, lan fisikoa, eta uda partean dantza edo alderdi artistikoa lantzeko saioak ere egiten ditugu».

Udako itxierak eta bidaiak

Alberdik azaltzen digunez, udan espainiar Estatuko izotz pista ia guztiak itxi egiten dituzte, suposatzen duen gastu energetikoagatik eta errentagarritasun ekonomikorik ikusten ez diotelako. Horrek, beste herrialde batzuetara joateko aukera eman izan dio, patinaiak indar handiagoa duen leku desberdinak ezagutzeko aukera eskainiz.

«Pena bat da hemengo izotz pistek udan ateak ixtea, baina era berean horrek aukera eman digu leku desberdin askotan entrenatzeko etxetik kanpo. Entrenatzaile desberdinak ezagutzeak eta beste lekuetako patinatzaileak ezagutzeak asko laguntzen du. Asko ikasten da, entrenatzeko giro desberdinak dira eta orokorrean oso potenteak. Azken finean hemen inguruan patinaia maila ez da oso altua, Europako beste lurralde batzuetan maila askoz hobea da eta herrialde horietako entrenatzaileekin lan egitea garrantzitsua da hobetzen joateko».

Elkarrizketa egin aurreko bi asteetan, esaterako, Austrian izan da, eta bertan egindako lanaz galdetuta, beste galdera bati ere erantzun digu: egiten dituzuen ariketen koreografia eta musikak patinatzaileok aukeratzen dituzue edo entrenatzaileak agintzen du horretan? «Ba kasualitatez Austrian egin dudan egonaldian hurrengo urterako programa berria prestatzen ibili naiz, bertako entrenatzaile batekin, eta musika aukeraketa adibidez bion artean egin genuen. Abesti desberdinak proposatuz elkarri eta akordio batera iritsiz. Koreografia, aldiz, koreografoak prestatzen du, baina egia da patinatzaile bakoitza desberdina dela, izotzean gauza desberdinak egiten dituela, eta hor ere beharrezkoa dela komunikazio maila bat eta hitz egiten joaten gara».

Kirol ikusgarria

Hain zuzen ere, musikak, koreografiak eta alde artistiko horrek ikusgarritasun berezia ematen dio kirol honi, eta deigarria izaten da bereziki kirolzaleak ez diren pertsonen artean izaten duen arrakasta. Patinatzaile donostiarrari galdetu diogu ea berak ere horrela bizi duen bere kirola, eta baietz erantzun digu.

«Badakigu kirol txikia dela, eta agian jendeak ez du ulertzen alde teknikoa, baina gero kalean esaten dizute: ‘ba nire amonak ikusten du’ edo ‘aurrekoan Teledeporten jarri zuten eta ikusten egon ginen’. Jendeari ikustea gustatzen zaion kirol bat da. Gauza tekniko asko egiten ditugu: jauziak, piruetak eta abar. Baina konponente artistikoa oso handia da, eta txapelketetan ere garrantzia handia dute: puntuazioaren erdia alde artistikoari dagokio, musika nola interpretatu dugun eta abar. Jende askok esaten du kirola baino gehiago artea dela hau».

Zentzu horretan, alde artistikoa lantzearen garrantzia nabarmendu du Alberdik: «Izotzean igarotzen ditugun ordu asko koreografiak lantzeko izaten dira, eta izotz kanpoan dantza, ballet eta horrelakoak ere landu behar ditugu. Azken finean, txapelketetan garrantzia du eta lehiaketaz kanpo egiten ditugun erakustaldietan batez ere hori bilatzen da, jendeari egiten duguna gustatzea eta gure ikuskizunarekin ongi pasatzea».

Dena beharko du Euken Alberdik orain etorriko zaizkion erronkei aurre egiteko, behin Junior maila atzean utzi eta senior mailan sartuko delako. «Orain senior mailan sartzen naiz, adin mugarik gabekoan, eta hor bai maila askoz altuagoa izango da eta momentuz Munduko Txapelketara iristea urrutiago dago. Baina bitartean ea Espainiako Txapelketan zer postu lortu dezakedan, podium postuetan sartzen saiatuko naiz, eta hortik aurrera, aurten agian ez, baina ea Europako Txapelketaren batera edo Munduko Txapelketaren batera joateko aukera dagoen». •