GAUR8 - mila leiho zabalik
INDARKERIA ZIBERNETIKOA

3D antiojoak kendu ordez, matxismoa geldiarazteko betaurreko moreak jantziz

Hezur eta haragizko errealitatean bezala, jazarpen sexistak mundu birtualera egin du salto. Ez da ezer berria. Modu askotariko erasoak izan dira sareen azpimunduan: ziberjazarpena, intimitatearen urraketa, Metabertsoan egindako eraso sexualak… Baina, zer egin daiteke honen aurrean? Ba al da esku hartzeko baliabiderik?

Metabertsoan errealitatean ematen diren jarrerak erreproduzitzen direla diote adituek. (GETTY IMAGES)

Azken hilabeteetako hemerotekari begira jarrita, gertakarien larritasunagatik eta salatzailearen babesgabetasunagatik deigarria den kasu bat hartuko dugu hizpide. Facebooken enpresa nagusi Metak abiarazitako 3D errealitateko unibertso berrian sufritutako sexu erasoa salatu zuen Nina Jane Patel ikertzaileak. Salaketak neurriak hartzera behartu du enpresa, baina gertaeren sekuentzia oso argigarria da eremu honetan dauden gabeziak ulertzeko. Lorena Fernandez, Maitane Valdecantos eta Estibaliz Linares adituekin hitz egin dugu auzian sakontzeko.

Goazen gertakarietara. «Elkartu eta 60 segundora, 3-4 gizonezko avatarren jazarpena jasan nuen, hitzez eta sexualki, gizonezkoen ahotsekin. Urruntzen saiatu nintzenean, oihu egin zidaten: ‘Ez esan ez zaizunik gustatu’». Hala azaldu zuen Nina Jane Patel psikoterapeuta eta ikertzaileak Horizon Worlds-en izandako esperientzia “Errealitatea edo fikzioa?” artikuluan.

Salaketaren ondorengo erreakzioek erasoan sakondu zuten. «Ez aukeratu avatar femenino bat», «kendu betaurrekoak eta listo» edo «ez izan tentela, ez zen benetakoa» bezalako erantzunak jaso zituen. Mundu errealean gertatzen denaren pareko, fokua biktimarengan jartzen da kasu honetan ere.

«Betaurrekoak kentzeko? Kalte emozionala hor dago eta berbera da. Alde bakarra da ez dela eraso fisikorik egon. Interneten egiten den jazarpen sexuala ez da txantxa bat, ezta gutxiago ere. Mundu analogikoan gertatzen dena errepikatzen da espazio honetan, baina digitalaren ezaugarriekin eta horrek anplifikatu egiten du», dio Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak.

Ildo horretan, Metak hartutako jarrerari erreparatzen dio. «Enpresak dioena da, ‘bueno, ba, babestu zaitez zu’. Bortxatu ez zaitzaten kalera ez irteteko esaten dizutenean bezala da», salatu du. Patelen salaketaren aurrean, Metak derrigorrezko distantzia moduko bat sartzea erabaki du, «espazio pertsonala inbaditzea» saihesteko. «Berriro gu gara geure burua babestu behar dugunak. Pisua jazartzen gaituen horretan jarri beharrean, gu babestu behar gara, gu atera behar gara sare sozialetatik...», dio.

Tamalez, kasu hau ez da salbuespena. The Extended Mind erakundeak egindako ikerketa baten arabera, errealitate birtualaren erabiltzaileen %49k jazarpen birtuala jasaten dute. Iruzkin arrazistak eta homofoboak edo mehatxuak dira ohikoenak. Aldi berean, zenbait jarrera motaren aurrean oraindik dauden hutsune legalak arazoa larriagotzen dute.

Erasoa jasan duenaren emozioak

Eraso hauek espazio fisikotik birtualera salto egitearekin batera, larritasunaren inguruko eztabaida piztu da. Zenbaitek garrantzia kendu izan diote “beste mundu horretan” gertatutako “anekdota” bailitzan. Adituen arabera, mundu hau birtuala izan arren, pertsonek han biziko dituzten esperientziak benetakoak izango dira. Hala baieztatu zuen Patelek ere: «Neurri batean, nire erantzun fisiologiko eta psikologikoa errealitatean gertatu izan balitz bezala izan zen».

Espazio birtualen asmoa da teknologiak ahalbidetzen duen bezain errealak izatea da. Fernandezen hitzetan, errealitate birtualean ez dago inongo «geruza analogikorik». «Betaurrekoak jartzen dituzu eta bertan zaude, erabat murgiltzailea da». Marc Zuckerbergen Metabertsoan ukiezina dena senti daiteke sentsazioak simulatuz. Baina, horrez gain, ukimenaren sentsazio oso zehatza sortzen duen eskularru haptikoa garatu du.

Katherine Cross, Washingtongo Unibertsitateko doktoregoko ikaslea, Metabertsoaren alderdi fisiko eta birtualaren arteko lerro mehe hori azaltzen saiatzen da: «Errealitate birtuala, funtsean, zure garuna engainatzean oinarritzen da, inguratzen duen mundu birtuala errealtzat har dezan». «Errealitate birtualeko jazarpena denean –sexu erasoa, adibidez–, esan nahi du zure gorputzak erreal gisa tratatzen duela lehen unean, zure buru kontzientea egunean jarri eta hori fisikoki gertatzen ari ez dela baieztatu baino lehen», gehitu du.

Puntu honetan arrakala digitalaz hitz egin beharrean ikusten gara. Laburrean, lehen arrakala digitalak teknologia berriekiko irismenari egiten dio erreferentzia. Bigarrenak aldiz, irismena edukita teknologia horien erabileran emakume eta gizonen arteko intentsitate eta gaitasunen desberdintasunarekin du zerikusia. Hirugarren arrakalari erreparatuko diogu zehazki. Bertan hasten dira sareetan erreproduzitzen diren kodeak, estereotipoak, patroiak eta genero rolak definitzen. Hemen barnebildu behar ditugu teknologiaren eremuan gertatzen diren indarkeria matxistak: ziberjazarpen sexual eta sexista, ziberindarkeria sinbolikoa, ziberkontrola eta sare sozialetan hainbeste azaltzen den gorputzen kontrako kultura. «Hauek dira teknologia berrietan dauden biolentziak baina kodeak, egiaz, zaharrak dira. Plataforma hauek egiten duten bakarra da hau gehiago anplifikatzea. Feminismotik gure eskubideen defentsan kalera atera garen honetan, paraleloki kale digitaletatik bota nahi gaituzte», ohartarazi du Lorena Fernandezek gertatzen ari denaren inguruan.

Iritzi berekoa da Estibaliz Linares. Arlo honi erreparatu dio bere ikerketa lanean, gazte eta nerabeengan fokua jarrita. Bere ustez, «begiratu behar duguna da zein ari den edukiak sortzen eta zer eduki mota sortzen den. Baita ere nola ari garen jarduten mundu digitalean. Honetatik ez baditugu beste praktika mota batzuk sortzen, ez badugu hezkuntza digital kritikoago bat zabaltzen, kanon berdinak erreproduzitzen jarraituko dugu».

Difusioaren eta intentsitatearen faktoreak nabarmentzen ditu ikerlariak. «Eduki hori jende mordo batek partekatuko du. Lehen ikasgelan edo eremu sozial edo sentimentalean eraso bat pasatzen bazen, bertan geratzen zen. Orain teknologiaren bidez zabaltzen da eta ezin duzu hori mugatu. Anonimotasunaren faktorea ere hartu behar da kontuan. Askotan ez dakizu nor ari zaizun min egiten».

Hutsune legalaren inguruan ere ohartarazi du eta hori aldatu bitartean jendartean egin beharreko pedagogia aipatu du. «Argi izan behar dugu, norbait sexualki ikaratzen gaituen espazio bat sortzen ari den bakoitzean, berdin duela online edo offline eremu batean izan. Gehien gertatzen diren erasoetako batzuk dira, baina oso normalizatuta daude: komentario sexistak, jazarpena… Are zaurgarriago egiten gaituen bortizkeria forma bat da eta hori akreditatuko duen tresnak behar ditugu. Garrantzitsua da desnormalizatzea, izena jartzea eta berau borrokatzeko estrategiak sortzea. Eta noski, legeak indarkeria mota hau jasotzea», dio.

Hutsune legalak

Segurtasunik eza eta biktimak babestuko dituen legedia baten falta dira gaia aztertzerakoan nabarmendu beharreko bi ideia. Adibidez, zer gertatzen da sare sozialetan gure irudi edo mezu bat partekatzen dugun unetik aurrera? Oraindik ere imajinatzea kostatzen zaigun dimentsioa har dezake teknologia hauen zurrunbiloan sartzen den momentuan. Ikusi ditugu aspaldion intimitatearen urraketari lotutako kasu ezagunak, ikus-entzunezko plataforma handiek ere landu dute gaia. Galdera hau da: noraino babesten gaitu legeak eremu honetan izan daitezkeen eraso edo arrisku ezberdinen aurrean?

«Nire inpresioa da oraindik eraikuntzan dauden munduez hitz egiten ari garela, legedia atzetik doa. Kode penalean tipifikatuta dagoena ilegala da arlo digital zein analogikoan, hori argi dago. Hitz egiten ari garen kasuari dagokionez, salaketa bat dago Metabertsoan gertatutako eraso batengatik eta susmoa daukat arlo legala oraindik ez dagoela prest horretarako», aipatu du Fernandezek. Beraren bidez heldu gara Maitane Valdecantosen bulegora. Teknologia berrien arloko legedian aditua da bera eta gai honen inguruko hainbat xehetasun eman dizkigu.

Lehenik eta behin aipatu digu, Metabertsoan izandako salaketen harira, gaur egun ez dagoela legedi penalik eremu zehatz honetarako halako eraso edo bestelako delitu mota batentzako. Ez dago tresna legalik halakoei aurre egiteko. Jarrera erasokorrak gero eta ohikoagoak diren honetan, iritzi ezberdinak daude arlo legalean egin beharko litzatekeenari buruz. Batzuen ustez, mundu birtualeko delituak ez dira desberdintzen errealitatean egiten direnetatik, alde bakarra da ez dugula ikusten delitua egiten duenaren aurpegia. Korronte honetan kokatzen direnek uste dute kasu hauek indarrean dagoen legedi penalaren baitan kokatu behar direla.

Beste korronte batek dio arlo birtualean gertatzen diren eraso edo delituak kasuan kasuko aplikazio teknologikoaren barruan tratatu behar direla; horrek, ordea, muga nabarmenak ditu Meta eta Patelen kasuan ikusi den bezala. Valdecantosen hitzetan, aukera bat izan daiteke delitua egin duen erabiltzailea Metabertsotik kanporatzea. Metaren kasuan, aurreikusita dago sare sozialeko aditu legalez osatutako “epaitegien” existentzia.

Neurriok nahikoa diren edo ez, hori da mahai gainean dagoen eztabaida. Adituak aipatzen duenez, aztertzen dugun kasuan «kontaktu fisikorik ezak» zaildu egiten du erasook indarrean dagoen mota penalean sartzea.

Sexu jazarpena esperimentatzeko orduan betaurrekoak kentzea erabat deskonektatzeko aukera bat da, baina horrek ez du atzean dagoen jarrera ezabatzen. Patelek adierazi zuen «esperientzia ikaragarria» izan zela, «hain azkar gertatu zena eta segurtasun-hesia jartzea pentsatu baino lehen». Entzungailuak kentzea ez da irtenbide integral bat erasoa esperimentatzen duenarentzat. Halaxe laburbildu zuen Patelek: «Trauma hau gure atzetik dabil, gure buru eta gorputzetan bizi da».