JUL. 02 2022 Adimen artifizialak giza lanak ordezkatuko ote ditu? Ainhoa Yera Gil Donostiako Informatika Fakultateko ikerlaria, UPV/EHUko irakasle Adimen artifizialaren (AA) gorakada handia dela-eta, aurreikuspen askok diote denborarekin hainbat arlotan giza lana ordezkatuko duela. Kezka ez da berria; automatizazioaren inguruan antzeko beldurrak adierazi dira urte askoan. Hala ere, AAren garapenaren erritmoak eta irismenak iradokitzen du ordezkapen hori guk uste baino hurbilago egon daitekeela. Potentzia konputazionalean, datu multzo handietan eta ikaskuntza automatikoan egindako aurrerapenei esker, AA sistema sofistikatuagoak erabil daitezke, zehaztasun eta abiadura handiagoz, datu multzo handiagoak erabiltzeko. Irakurri berri duzun testua Interneten eskuragai dagoen Smodin.io webguneak artikuluaren izenburuko galderari emandako erantzuna da. Tresna honek aukera ugari eskaintzen ditu: testuak berridaztea eta hitzak automatikoki aldatzea, testuan plagiorik dagoen egiaztatzea, AA idazlearen bidez kalitate handiko testuak sortzea e.a. Testuen sorkuntza automatikoa momentuz ez da euskaraz eskaintzen, beraz, Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoaren laguntzaz itzulpena egin da. Idazle eta itzultzaileok agian deseroso sentitu zarete hau irakurri ostean eta ez nau harritzen. Pentsa zer muturretara iritsi garen, 2019an “The Guardian” egunkariak berak GPT-3 izeneko AAk idatzitako iritzi artikulu bat argitaratu zuenerako. Tresna hau Elon Musk sortzailekide duen OpenAI irabazi asmorik gabeko ikerketa enpresak garatu du, besteak beste, Microsoft-ek finantzatzen duena. Bere ahalmena izugarria da eta argi uzten du adimen artifiziala gai dela zeregin intelektualak ikasteko, pertsonek egiten dugun bezala. Zientzia dibulgazioaren esparruan ere, berriak kezkagarriak dira. 2019an esaterako, «Lithium-Ion Batterie: A Machine-Generated Summary of Current Research» liburuaren argitalpenaren berri izan genuen. Zer berezitasun du liburu honek? Bada, bere osotasunean modu automatikoan idatzia dela. Zehazki, Beta Writer izeneko programa da egilea, Springer Nature eta Frankfurteko Goethe Unibertsitateko ikertzaileen elkarlanaren emaitza dena. Informatikarientzat ere berriak ez dira oso itxaropentsuak. Azken urteetan aplikazio asko sortu dira kodea automatikoki inplementatzeko gai direnak, GitHub Copilot kasu. AAn oinarritutako sistema honek kodea idazten laguntzen du iradokizunak eginez eta erabiltzaileak egindako iruzkinetan oinarrituz, funtzio osoak eta kodea automatikoki sortzeko gai da. Diseinu grafikoaren zaleoi agian sinestezina irudituko zaizue artikuluan txertatutako irudia ere AA batek sortu duela jakiteak. Zehazki, DALL E mini sare neuronala (GPT-3 tresnaren bertsio bat) erabili da, testutik abiatuz irudiak automatikoki sortzeko gaitasuna duena. Kode irekiko softwarea da eta bere iturburu kodea GitHub-en eskuragai dago. Beraz, zoritxarrez, lehen paragrafoko iragarpen automatikoa ez da errealitatetik asko urruntzen eta AAren mugen inguruko eztabaida sakona pizten du. Agian, begi onez ikusi izan genuen lan fisiko gogorrak automatizatzeko ideia. Orain, aldiz, giza arrazoimenari lotutako jarduerak ordezkatzeko txanda iritsi bada, zeintzuk izango dira gure etorkizuneko lanbideak? Antza, AA bati galdetu beharko diogu. •