JUL. 09 2022 Espekulatu, espekulatu beti; zenbat eta urrutirago, hobe Mikel Zubimendi Berastegi Badut minkide bat egunkari irakurle amorratua dena. Aurrekoan egon ginen mundua konpontzen eta ofizio honen inguruan zer pentsatu eman zidaten hausnarketak utzi zizkidan. Kazetaritza gertatuaz baino gehiago gertatuko denaz aritzeko afanak jota dagoela ziostan. Gertakariak emateko ziren mahaietan usteen gosea hedatu dela, gertatu denaz informatu beharrean, gertatu ahal denaz. Kazetaritza espekulatiboa deitzen zuen. Eta espekulazioa ez denez ez egia ez gezurra, konpromiso bitxi bat bezala funtzionatzen du, zer den egia eta egiaztagarria geroratuz, nolabaiteko hirugarren bide bat bezala-edo. Sarean sarriago gertatzen dela espekulazioa ziostan, baina egunkarietan ere ez dela praktika arrotza, eta ez bakarrik espekulatzea egokiago izan daitekeen "Iritzia" bezalako sailetan. Klikatzeko amarrua zela. Eta galderak bota zizkidan: zeri erantzuten diozue ofizioan? Espekulatzeak imajinazioari eskaintzen dizkion aukerekin gozatzen duzue? Egoera hain da ezegonkorra eta jasangaitza, ze aktualitatea baino potentzialitatea nahiago duzuen? Zein da kazetari onena? Igarle onena? Nola izan den ez baizik, nola izango den dioena? Galdera espekulatiboak. Azalpen bat izan daiteke informazioaren fluxuaren azkartzeak gure ezinegonak areagotu dituela. Internet iritsi baino lehen denboraren neurria edo unitatea eguna zen, egunetik egunera egunekoa. Orain minutua da, edo, hobe, segundoa, «egunkaria» izena «segundokaria» izenagatik aldatuko ez ote den... Berrien faktikotasuna murriztu eta hipotetikotasuna handitu dela egunkarietan, horretan zebilen minkidea temati. Espekulazioak kezkatuta hausnarrean utzi ninduen. Mundua, Euskal Herria, gu guztiok, beti gaude aldatzen. Baina bada une bat, enpatxuraino esaten den bezala «inflexio puntu bat», non sentitzen dugun mundua, Euskal Herria, aldatu egin dela. Nora goaz? Aztoramendu eta eraldaketa betean gauden honetan, niretzat sorpresarik ez dauka kazetaritza espekulatiboa berrindartzeak. Espekulazioa Erromako Jano jainko zaharra bezalakoa da, bi aurpegiko irudia, aurrera begira dagoena bata eta atzera begira bestea, iraganaz eta etorkizunaz ikuskera baten sortzailea. «Espekulazio» hitza engainagarria ere bada. Lurraren eta baliabideen espekulazioak kolonialismoa indartu zuen, inperioak, esklabotza eta beste lan sistema zapaltzaileak. Espekulazioak puztu eta lehertzen ditu ondasunen merkatuak, planeta kolokan utzi duen ekologiaren errusiar erruleta. Espekulazioak, lekualdatze, gentrifikazio eta urbanismoaren indarren bitartez, nola eta non bizi garen horri forma ematen dio. Baina espekulazioak etorkizun hobe bat kolektiboki imajinatzera eraman gaitzake, iragana ulertzeko bide egokiagoetara. Etorkizun bideragarri bat imajinatzera aurrez iragan egingarri bat aurkituz. Gure momentu pribatu kuttun eta zoriontsuetan, gozoa eta gozagarria izango denaren inguruan espekulatzen dugu, espirituaz eta bizitzaren haratagokoaz, edo amoranteak guri esatea desiratzen dugunaz. Imajinazio espekulatiboaren adar horiek, zorionez, ia mugagabeak dira, nahiz eta garenaren eta munduan egia denaren inguruan barneratuta daukagunaren baitan imajinatzen dugun beti. Iragana eta etorkizuna imajinatzeko zoria ongi etorria da kazetaritzan, espekulazioaren sustraiak, espazioak eta inpaktuak ongi etorriak Euskal Herrian. • Siempre imaginamos en el seno de lo que somos y de lo que creemos que es verdad en el mundo. Las raíces, espacios e impactos de la especulación son bien...