JUL. 09 2022 MURALES LIAN Ondarroa, Leitza, Ea eta Galdakaoko paretak josi eta ezkutukoa bistaratu Murales Lian sortzaileak saregileen lana lehen lerrora ekarri du Ondarroan egindako mural batean. Muralgileak garbi dauka: «Gogoratzea bistaratzea da, aldarrikatzea, erreparatzea». Ondarroakoa Euskal Herrian barna osatzen ari den lan sorta baten barruan kokatzen da; Leitzan, Galdakaon eta Ean daude gainontzeko lanak. Murales Lianek Ondarroan egindako murala. (MURALES LIAN) Amagoia Mujika Telleria Murales Lianek Ondarroako pareta batean paratu du bere azken lana, emakume saregileen lana bistaratuz. Sortzailearen hitzetan: «Mendeetan barna Ondarroako emakumeek kudeatu dituzte herriko bizitzaren jarduera garrantzitsuenak. Mural hori emakume horietako askori egindako omenaldia da». Saregileen lana bistara ekarri eta nabarmentzeaz gain, lan horren atzean dagoena ere kontatu nahi du dotoretutako paretak. «Saregileak josten ari direnean, lehen begiratuan ikusten duguna baino gehiago ari dira josten. Beren sorkuntza identitate indibiduala eta kolektiboa da. Eta badakigu identitate kolektiboa ezinezkoa dela memoria gabe, oroitzapenek eutsi behar dute. Gogoratzea bistaratzea da, aldarrikatzea, erreparatzea. Saregileek josten dituzten sareek komunitatea lotzen dute. Hari horietan gordetzen dira bizitako gertaerak». Ondarroako mural hori Murales Lian Euskal Herrian barna egiten ari den sorkuntza sorta baten barruan kokatzen da. Leitzan gaztetxeko fatxadan marraztu zuen herria irudikatzen duen adineko emakumea. Bide beretik, Galdakaon “Zaintzak indartsu egiten gaitu” murala sortu zuen. Esku desberdinen artean egiten ari diren txirikorda agertzen da bertan. Ean, emakume baten eskuak ageri dira, arrantzarako saski bat atontzen. Eta, azkena, Ondarroakoa, saregileen lana omentzen duena.