Parranda osteko gogoeta agian ez guztiz burugabeak
Pandemiak segun eta bizitzako zein unetan harrapatu zaituen, horrek erabat baldintzatuko du jaiei aurre egiteko modua. Gure kintakoak etxeko lanak eginda harrapatu gaitu birusak. Zaila da honezkero jaietan pasatu dugun baino hobeto pasatzea. Antsietaterik ez dugu, baina anbizioa ez da sekula galdu behar. Nahi gabe, etxe batean edo itxitzat jotzen zenuen lokal batera sartu, eta aukera-mundu bat zabaltzen zaizu. Jakintsu batek «zerbaitez hil beharko gara, ba!», esaten dizu. Beste lagun bat dantzan hasten da, biharamunik ez balego bezala. Konturatu gabe, atea ireki eta egun argia da.
Parrandan zaudenean kenduta, ordea, jaia gauza serioa da. Adibidez, jaietan, zaintza-sistema prekarioa eta rokanboleskoa izaten da. Rousseau, agian, harro egongo litzateke ematen diren kontratu sozialen mailaz, misogino bat ez balitz. Atzo gaueko behatzaile baten arabera, gizonak emakumeak baino askoz gehiago dira parrandan. Batzuek eta besteek jasaten dituzten galderak, epaiketak, ez dira igualak. Txandak egiturazko desberdintasunak ekualizatzen saiatzen dira, baina ez dute lortzen. Genero-aginduek eta erru kristauak rol erabakigarria jokatzen dute.
Maitasuna eta sexua dira lehian dauden beste esparruetako batzuk. Zaila da sanferminetako gau bat patriarkatuaren garaipenaren lekuko izan gabe amaitzea. Mutil batek neska bat txikitzen du, den eskaserako harrigarria den efikaziarekin. Bide erdia egina dauka. Kasu askotan, gizonek duten lehia-abantaila gaindiezina da. Besarkada konpontzaile bat eta etxera buelta, minez. Kanpotik barrutik baino askoz errazago ikusten da. Jakina, hobe bakarrik gaizki lagunduta baino. Semeak eta alabak, biak ala biak, ondo hezi behar ditugu.
Historikoki, jaiak ospakizun eta hastapen-erritualak dira. Adin goiztiarreko pornoak dena aldatu duela dirudi. Askapen sexualak agenda politikora itzuli behar du. Bizitza sexual oso eta aske baten alde gaudenok proposamen konstruktibo bat aurrera eramateko gai ez bagara, puritanismoa berrarmatu egingo da eta belaunaldi osoek jazarpen lazgarria jasango dute.
Drogei buruzko eztabaida pendiente dago. Legezko eta legez kanpokoen artean, Euskal Herriko kontsumo maila basatia dela esango nuke. Heroinaren garaitik ez da balantze seriorik egin. Belaunaldi berriek ia hutsetik esperimentatzen dute. Aitakeriaren eta negazionismoaren artean, ez dago eztabaida sakon eta eraginkor baterako tarte handirik.
Festak infernu emozionalak dira, adin guztietarako. Osasun mentala gaur egungo auzia da. Kontuz, exhibizionismoaren garaian, ez da komeni terapia estigma izatetik bereizketa-elementu izatera igarotzea. Premien araberako zerbitzu publikorik ez dago, eta murrizketek ez dute lagunduko. Batzuetan laguntza profesionalarekin errazago bideratzen diren arazoei aurre egiten diegu, beste batzuetan patologiei, eta beste batzuetan arazoak funtsean ideologikoak direla esango nuke.
Nire ustez, gakoa askapena da. Nazionala, soziala, kulturala, sexuala… Emantzipazioa proposamen politiko iraultzaileen funtsezko balioa da, halabeharrez. Askapen indibidualaz eta kolektiboaz ari gara. Askapenerako joera duen jokabide orok gizakiarentzako eta jendartearentzako dinamika positiboa sortuko du. Bigarren mailakoa, gehiegizkoa, eragozlea, apurtzailea, desordenatua edo, besterik gabe, gogaikarria izateagatik askapenari uko egiten dion guztiak sistema bidegabea bermatuko du. •