Juantxo EGAÑA
BEHATXULOTIK

Solokoetxeko bateria Bilboko setioan, II. Gerra karlistan

II. Gerra Karlistan zehar Bilbok jasan zuen setioan (1873ko abenduaren 28an hasi eta 1874ko maiatzera arte iraun zuen), Charles Monney Millet Bilbon bizi zen argazkilari frantziarrak argazki-erreportaje bat egin zuen. Beharbada, argazki horiek dira guda horretatik kontserbatzen diren kalitate handienekoak. Bilboko segurtasun eremuan sortzen ziren bateriak jaso zituen: Itsas Armadako Bateria, "Choritoqui" edo Heriotzarena, besteak beste. Boluntario laguntzaileak eta Morro eta Miravilla gotorlekuen barrualdeak ere erretratatu zituen. Artikulua ilustratzen duen irudia Solokoetxeko baterian egin zen, Bilboko setioan, eta kantinera bat eta soldadu liberalen garnizio bat ikusten dira.