Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

David oporretan

JONBI EGURTZEGI
JONBI EGURTZEGI

Gure iruditegian txertatuta dugunaz bestera, Erdi Aroaren bukaerako Europako errenazimentuak kutsu erlijiosoa izan zuen hasieratik. Kontuan eduki behar baitugu Antzinatea erreferentzia bezala hartzeak Erromatar Inperioari eta garai hartan bizi omen zen Kristori ere erreferentzia eragiten zuela. Zenbait autorek paganismoaren nolabaiteko apologia egin bazuten ere, gehienentzat errenazimentuak Eliza kristauaren patriarkekin eta Antzinaroko ideologia kristauarekin zuen zerikusia. Hainbestetan aipatzen den Erasmo Rotterdamgoak ere kristautasunaren ideia azpimarratu zuen bere humanismoan.

Errenazimentuko irudirik ospetsuenetako askok ere istorio kristauak dituzte ardatz. Zerrendatxo bat jarraian, uda dela aprobetxatuz mugikorrean bilatu ditzazuen: “San Jurgi” (Donatello, 1417), “Zergaren ordainketa” (Masaccio, 1428), “Jainkotiar Komedia”-rako Botticellik egin zituen ilustrazioak (1480 inguruan), “San Markoren predikua Alexandrian” (Bellini anaiak, 1503), Kapera Sistinoa (Michelangelo, 1512)...

Kontua da batez ere Bibliako bi pertsonaiak hartu zutela garrantzia errenazimentuan. Emakumeen artean Juditek. Judit juduak, Holofernes jeneral asiriarra mozkor zela aprobetxatuta, burua moztu zion eta bere herria salbatu zuen. Errepresentaziorik ezagunenetako bat Barroko garaian Artemisia Gentileschik egin zuena da, baina lehenago Donatelloren brontzezko estatua erreferentziazko lana zen. Tiraniaren kontrako herriaren determinazioa adierazten baitzuen. Antzeko mezua du Mendebaldeko iruditegian agian estatuarik ezagunena denak: Michelangeloren David. Florentziaren independentziaren sinbolo bezala sortu zuen 1507an. Davidek agintari independente eta argiak irudikatzen zituen, konkistatzaile indartsu eta ankerren gainetik. Istorio hori ere denok ezagutzen dugu, Su Ta Gar taldearen bertsioan bederen.

Onartu behar dut, duela urte asko, jakitun erabat debekatuta zegoela, gurasoen argazki makina hartu eta Florentzian Daviden estatuara hurbildu nintzela. Zaindarien mugimenduei adi, inor konturatu gabe argazki bat egitea lortu nuen, mimoz gorde nuena errebelatu ostean. Denbora igaro ondoren, barre egiten diot nire buruari, turistez betetako irudiak ikusten ditudanean bezala. Arraro sentitzen naiz beti leku turistiko batean. Juditi eta Davidi traizioa egingo banie bezala eta tirano indartsuen menpe izatea onartuko banu bezala.

Turismoa zenbat eta orokortuagoa egon, tokikoen erosahalmena txikiagoa bihurtzen baita, espekulazioa disparatu egiten delako eta soldata eta lan baldintza eskasak dituzten lanpostuak orokortu egiten direlako. Zer pentsatua ematen dit zenbait komunikabidetako berrietan turismoaren igoera oso pozgarri den zerbait bezala aurkezten duten aldiro. Kontsumoaren eta bidaiaren apologia hutsala, argi-ilunak eta itzalak aipatu ere egin gabe. Oporrak datozen aldiro ezinegona sartzen zait, nora joan, zer egin... Aukeran, gaurkoz hobe mugikorra eta ordenagailua itzali eta liburua irekitzen badut. •