Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Erresilientziadun lidergoaz

Ikus-entzunezkoetan etengabe aldatzen ari diren joera eta berrikuntzen erdian, audientzien espektatibak ere guztiz aldakorrak dira eta exijentzia maila gero eta altuagoa da. Horrez gain, egungo testuinguru soziopolitiko nahasiak oraindik erronka gehiago sortzen ditu eta aniztasuna islatzen duten perspektibak ezinbestekoak eta inoiz baino garrantzitsuagoak dira telebista, irrati eta beste ikus-entzunezko formatuetan. Nola erantzuten ari zaie erronka hauei ikus-entzunezkoen sektorean goi mailako postuetan dauden emakumeak?

Hori da antolatu dudan ekitaldi baterako gaia, erreferenteak diren lau enpresetako liderrak mahai-inguru batean bilduko ditut, emakumeak denak; eta, ikus-entzunezkoen sektoreko beste 40 emakume etorriko dira Londresko negoziogune batera. Erresilientziadun lidergoa da jorratu nahi dudan gaia.

«Emakumeei buruzko ekitaldi bat da?», galdetu zidan lankide batek, tonu pasibo agresibo batean. Emakumeei buruzko ekitaldi asko egiten omen dira-eta. Horixe zen bere galderaren atzetik zegoen kezka. Akaso mezuak nahastuko genituela. «Ekitaldi asko egiten direla? Azken hamarkadetan egin ez diren guztiak konpentsatzeko», erantzun nion. Erantzun emozionala zen. Nire lankidearen galderak deserosotasuna sortu zidan. Antzeko galdera asko izan ditut. Batez ere «emakumeei buruzkoa al da?» galdera egiten didatenak asko dira; gehiengo bat oharkabetasun posizio batetik zetorren, benetan izan zezakeen eragina kuestionatu gabe. Finean, hori gertatzen da normalizazioaren ibilbidean urrats txiki batzuk baino eman ez direnean, batzuei dena eginda dagoela iruditzen zaienean. Dena eginda dagoela erabakitzen duena gizonezko bat da-eta, ia gehienetan. Enpresen gehiengo handi batek (%80tik gora), talentu handiko jendea motibatuta mantentzeko zalantzak ditu eta prozesu berriak sortzen ari dira hori modu eraginkor batean kudeatzeko. Merkatua borborrean dago, lanpostu aldaketa izugarri asko ikusten dira. Emakumeen jarrerei begiratuz, inoiz baino mugimendu gehiago dago goi mailako postuetan.

«Erresilientzia barometroa» deitzen diogu, eta G20ko lurraldeetako hiru mila lider elkarrizketatu ondoren bildutako ondorioak gordetzen dituen negozio tresna bat da; erronka ezberdinei nola aurre egin dioten ulertuz, antzeko egoeretan dauden enpresei lagungarria izango zaien informazioa biltzen du. Adibidez, enpresen %76k negozio modeloa aldatzeko beharra ikusten dute eta enpresen ia %30ek gaitasun eta esperientzia konkretudun jendearen gabezia izan dute etengabe aldatuz doan testuinguruan.

Erronka hauen aurrean emakumeen iritziak bildu nahi nituen, batzuentzat modu ez-inklusibo batean sortu dudan ekitaldi batean. Pertzepzio oker, normalizazio geldo eta anbiguotasunez betetako testuinguruan, emakumeen ahotsek espazio seguru bat aurkitzea beharrezkoa ikusi nuen. Erresilientziadun lidergo hori lortzeko maratoian desabantailaz gabiltza eta batzuetan behar ditugu-eta horrelako gailu batzuk arnasa hartu eta aurrera indar handiagoz jarraitzeko. •