GAUR8 - mila leiho zabalik

Agintariek herriari zor dioten obedientzia agertu dezaten


Txaranga eta karrika dantzaren erritmoan aurki despedida eginen diogu hilabeteari. Uztaila badoa, eta utzitako uztari neurria hartzea ez da sobera, mendi eta hondartzetan argi izpiek laztanduko gaituzten zain. Ezinbestean, herritarren bultzadari esker antolaturiko desobedientzia ekimenek markatu dute ikasturtearen amaiera Ipar Euskal Herrian.

Hezkuntza alorretik hasita, Emmanuel Macronek bere lehenengo agintaldian izendatu zuen Michel Blanquer ministroak frantses Legebiltzarrean lan handiz eratutako kontsentsuari muzin eginez, «Molac legea» baztertzeko erasoaldia itzaletik antolatu zuen. Konstituzio Kontseiluak babestu zuen lege aldaketa zapuzteko jokaldia baina Pariseko aginte postuetan aurreikusitako etsipen sindromea ez zen nahi bezala zabaldu. Guztiz kontrakoa, hezkuntza sare guztien sostenguz, gehiengo politiko eta sozialari norabidea finkatzeko moduko manifestazio erraldoia egin zuten Baionan. Orduz geroztik heldu diren erabakiak ez lirateke ulertuko abiapuntu hori aintzat hartu gabe.

Azterketak euskaraz egin ahal izateko borroka luzea eraman dute Ipar Euskal Herriko ikastolek. Behin-behineko garaipenak heldu ziren azkeneko urteetan. Izan ere, lorpen txikienak ere auzitan eman dituzte macronzaleek.

Brebetaren kari, azterketak euskaraz egin dituzten ikasleak kaltetuak izan dira aurten, berriro ere, euskara ez zekiten zuzentzaileek zientzietako proba ez zutelako baloratu. Alta, Baionako hezkuntza ikuskaritzan gurasoek eta irakasleek egin zuten itxialdiak zarrapoa bestelako giltza batekin irekitzeko aukera irudikatu zuen. Hezkuntza Ministerioak ikasle euskaldunei adierazitako errespetu faltaren aurrean diploma sinbolikoa banatu zien Euskal Elkargoak. Herri eragile eta erakundeen arteko elkarlanaren eraginez irailean Hezkuntza Ministerioan berriz ere elkarrizketak abiatuko dira euskarazko hezkuntzari berme juridiko eman nahian.

Hezkuntza alorrean bezala, gizartearen hauspoa giltzarria izan da Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienek duela hamarkada batzuk sektore konprometituenek baizik aldarrikatzen ez zuten higiezinen merkatuaren gaineko esku-hartzea onar dezaten. Zerutik ezer ez denez erortzen, oroit dezagun iazko negu atarian Baionako karriketan 8.000 lagun bildu zirela etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Geroztik, eragile ezberdinek egoitza turistikoak alokatzen dituzten plataformen jarduera salatuz okupazio ekintza ikusgarriak egin dituzte. Testuinguru horretan, epaitegiek ezarritako oztopoen aurrean amore eman gabe, etxebizitza negozio gisara hartzen duten inbertsoreek errespetatu beharreko arau berritua onartu zuen uztailaren 9an Iparraldeko erakundeak. Bere aldetik, bide egiten jarraitzeko, 2023ko apirilaren 1erako bigarren manifestazioa deitu du herri plataformak.

Finean, uztailaren 23an heldu zen agintariek herritarren borondateari zor dioten obedientzia agertu dezatela bultzaturiko hirugarren ekimena. Jakes Esnal eta Ion eta Unai Paroten auzia desblokeatzeko aldarrikapena altxatu zuten lurraldearen erritmoa baldintzatuz 1.700 bake artisauk. Ekintza desobedienteak, horretan ere, hautetsien babesa jaso zuen. Irailaren 22an frantses justiziak hartuko duen hautua inoiz baino gehiago erabakigarria izanen da. Arazoak usteltzen uzteko estrategiaren aurrean, norabidea finkatu du herri antolatuak. •