Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
ITSASOAN BEZALA LURREAN ERE

Libia eta Mediterraneoa Europara iristeko igaro beharreko bi amesgaizto dira batzuentzat

Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) «Geo Barents» ontziak 3.138 pertsona erreskatatu zituen 2021 eta 2022 artean. Libiatik, berriz zapaldu nahi ez duten tokitik, atera ziren Mediterraneoko uretara gehienak; iritsi ziren Europara batzuk, beste milaka batzuk ez. Janice gazte kamerundarra iritsi zen, bidean hainbat biolentziak gurutzatu ostean.

Familia pobre batetik nator. Amak ez zuen lanik bizi ginen herrian, eta aita gaixo zegoen. Beraz, nire familiari laguntzeko, hiriburura joan nintzen izebarekin 13 urte nituela, eta berarentzako neskame gisa lan egin nuen. 15 urte nituenean, izebaren senarra sexu abusuak egiten saiatu zen. Aurrea hartzea lortu nuen, izebari esan nion gauean nire gelara etortzen zela eta nirekin sexu harremanak izaten saiatzen zela. Izebak ez zidan sinesten. Kontrakoa, bere senarra limurtu nahian nenbilela pentsatu zuen. Diru pixka bat eman zidan eta autobus geltokian utzi ninduen herrira itzultzeko. Izebak esan zidan nire lekua herrixkan zegoela, beste inon ez. Horrek Europara etortzeko konbentzitu ninduen».

Gerora egin zituen adierazpenok Janicek, 23 urterekin, baina momentuan ez zion inori esan Kamerun utziko zuela Europan saiatzeko. Gorde zuen diru apurrarekin Nigeriara iritsi behar zuen eta kamioien azpietan egiten zuen lo. Dirua aise bukatu zitzaion, ordea. Nigeriara eramateko eskaini zioten bi gizonek. Ezin ziela ordaindu ohartarazi zien Janicek, ez zeukala dirurik, baina beraiek erantzun zioten ez zuela inporta, sexuaren truke eramango zutela. «Ez neukan beste aukerarik».

Iritsi zen Nigeriara eta beste bi gizonek bortxatu zuten han. Baina Libiara ailegatu behar zuen, eta segi; zortzi hilabetez jatetxe batean egin zuen lan dirua aurrezteko.

Lortu zuen Libiara eramango zutenekin kontaktua egitea. Gela batean itxi zuten, beste jende batekin, haurrak barne. Astebete igaro zuen han, harik eta kotxe batek Libiarako bidera eraman zituen arte.

Bidera, zeren, desertuan utzi zituzten. Sei egun eta gero beste kotxe batek eraman zuen Janice, azkenean, Libiara.

Milaka dira, halako harri astunez betetako motxilarekin –ahur bete huts asko–, Europarako bidea lurretik eta gero uretatik –hautsak makilatuta lehenik, haizeteak orraztuta gero–, egiten dutenak urtero. Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) «Geo Barents» ontziak artatzen ditu milaka horietako batzuk eta, halere, baldintza prekarioetan itsasoratzen direnen lagin bat besterik ez da.

2021eko ekainetik 2022ko maiatzera bitartean, 11 aldiz nabigatu zuen «Geo Barents» ontziak, eta 47 erreskate operazio egin zituzten itsasoan. Ontzia itsasoratu zenetik ia urtebetera zabaldu ditu datuok MSFk. Aipatu denbora tartean, 3.138 pertsona erreskatatu zituen GKEaren ontziak, hamar gorpu berreskuratu, eta 6.536 kontsulta mediko egin zituen lehen mailako osasun laguntzarako, sexu eta ugalketa osasunaren arretarako eta buru osasuneko arazoak artatzeko. Erreskatatutako pertsona gehienak Libiatik ihesi ari ziren. Horietako askok adierazi zuten indarkeria, tortura edo tratu txarrak jasan zituztela.

Mediterraneoa zeharkatu ostean bizirik atera ziren lagunen %34 haurrak ziren, eta horietatik %89 bakarrik ari ziren bidaiatzen. Gainera, 265 pertsonak indarkeria, tortura edo tratu txarren bat jasan zutela jakinarazi zieten MSFko taldeei, eta 63 pertsonak, besteak beste, sexu indarkeria eta beste genero indarkeria mota batzuk jasan zituztela.

Atzera bortizkeriara

Denboran atzerago eginda, MSFk ematen dituen datuak eskandalagarriagoak dira: 2017tik 2021era bitartean, 8.500 lagun hil edo desagertu ziren gutxienez, eta 95.000 Libiara itzularazi zituzten, bortizki, segurtasun indarrek. 2021ean, ordura arte erregistratutako nahitaezko itzulketa gehien izan ziren urtean, 32.425 pertsona atzeman eta itzularazi zituzten Libiara. «Han, pertsonek tratu degradatzaileak jasan behar izaten dituzte, hala nola estortsioa, tortura eta, maizegi, heriotza», ohartarazi du erakundeak.

MSFk galdeketa bat egin zien itsasoan erreskatatutako pertsona batzuei. Pairatu zituzten indarkerien %84 Libian izan ziren eta horien %68 erreskatatu aurreko urtean. Ekintza horietako asko kostazain libiarrek atzeman eta atxilotze zentroetan sartu ondoren gertatu ziren. Bizirik suertatu zirenek jakinarazi zuten erasotzaileak atxikitze zentroetako guardiak zirela (%34), Libiako kostazain guardiak (%15), polizia militarra edo estatukoa ez dena (%11) eta kontrabandistak edo trafikatzaileak (%10).

Honela irakur daitezke datuok eta aipatzen diren indarkeria anizkoitzak 25 urteko nigeriar baten hitzetan, MSFk jasoak: «Polizia, kostako guardia, armada, ez dira inoiz guregatik kezkatzen. Denek jotzen ninduten, asko jotzen ninduten. Zorabiatu arte. Erortzen zaren arte. Zergatik laguntzen dio Europar Batasunak jende horri? Esan nuen, 'Jainkoa, mesedez, lagundu'. Nigeria segurua balitz, ez nengokeen lur honetan. Hirugarren aldirako prestatzen ari nintzela, pentsatu nuen, ‘Jainkoa, nahiago dut itsasoan hil, Libiako atxiloketa zentroetara itzuli baino’. Negar egin nuen. Orduan, hirugarrenez, beste ontzi batera igo nintzen».

Itsasoa eta lurra, helezin

Bestalde, emakumeen eta haurren aurkako indarkeria maila handiak dokumentatu zituzten MSFko taldeek: biolentzia pairatu zuten %29 adingabeak ziren, 8 urte zituen txikienak, eta biktimen %18 emakumeak ziren.

«Libiara iritsi ginenean, hiru hilabetez egon ginen etxe batean. Noizean behin, gizonak etorri eta neskak eramaten zituzten. Orduan geratu nintzen haurdun. Une batean gizon bat etorri zen etxera eta erosi egin ninduen. Hau maiz gertatzen da», kontatu dio Janice gazteak MSFri.

Kosta badu Libiak iparraldetik, baina itsasoa, batzuetan, helezin agertzen zaio. Zazpi hilabeteko haurdun zegoela igo zen Janice ontzi batera beste pertsona batzuekin, baina Poliziak atzeman zituen hondartzan. Egun horretan, beste ontzi batek itsasoratzea lortu zuen. «Handik egun batzuetara jakin genuen lehen ontzia txikituta zegoela, eta denak ito ziren», gogoratu du kamerundarrak.

Eta itsasoa bezala, iritsi nahi den lurra bilakatzen da iritsezin. Iritsezin, aipatu bezala, 2017 eta 2021 artean Erdialdeko Mediterraneoan hil edo desagertu ziren 8.500 pertsonentzako, kasurako.

Berdin, helezin, Europako kosta, Italiakoa, ikusi –kasik ukitu– baina zapaldu ezin duten horientzat. Romeo hirugarrenez saiatu zen Libiatik Mediterraneo itsasoan barna ihes egiten. Orduan, 2021eko otsailaren amaieran, Libiako Kostako Guardiak beste 110 lagunekin konpartitzen zuen ontzia geldiarazi zuen. Kamerundar honen arabera, Libiako Kostako Guardiak ontzia jo zuen, nahita, gizonak, emakumeak eta haurrak uretara eror zitezen.

«‘Geo Barents’-ek 2021eko ekainean erreskatatzeko operazioak hasi zituenetik, MSFk atzeman du itsasoan blokeoak normalizatzen ari direla. Bizirik atera direnak lehorreratzeko portu seguruko eskaerak sistematikoki ukatu edo baztertu dituzte Maltako agintariek; Italiako agintariei egindako eskaerak, berriz, gero eta gehiago atzeratu dira», salatu du erakundeak.

«Duintasuna eta eskubideak», besterik ez die eskatzen agintari europarrei pertsona migranteak erreskatatzen lanean ari den GKEak. Jatorria edozein dela ere, zehaztu behar izan du erakundeak. Zeren, kontinente zaharrak erakutsi du hartu eta arta ditzakeela migranteak eskubideak zainduaz bat, errefuxiatu ukrainarrekin egin bezala. Erakutsi du, MSFk nabarmendu bezala, «beharrezkoa ez ezik, posible dela migrazio politika hilgarri hori aldatzea».

Janice bigarrenez itsasoratzen saiatu zenerako, jaioa zen Mazin, bere haurra. Biek lortu zuten itsasoa gurutzatzea. Horrela azaldu zuen gazteak Europara iritsi berritan: «Bigarren aldiz itsasoa gurutzatzen saiatu nintzenean, erabaki nuen hobeto egongo nintzela itsasoaren hondoan Libian baino, baita Mazinekin ere. Mazin da ni bizirik egoteko arrazoia. Bera iritsi aurretik, ez nuen bizitzarako inongo asmorik».