AUG. 06 2022 IRLANDAKO «BESTE» HIZKUNTZA Gutxik daukate ullans izeneko hizkuntzaren berri. Ostiral Santuko itunak «Irlandako kultura aberastasunaren adierazletzat» hartu arren, bere hiztunen ahotsa apenas entzuten den Ipar Irlanda bipolarrean. Azken hamarkadan, baina, ullansaren normalizaziorako pauso handiak eman dira. Unescok babesturiko erraldoien galtzada da Ipar Irlandako mugarririk ezagunena. (Evely MAC CULLOUGH) Karlos Zurutuza Lair dugu gaurko hitza, «hondoratu edo harrapatuta geratu». Bere Twitter kontutik, Rían Ó Díomasaigh-ek adibide batekin irudikatzen du: «Fir newance we 've got snaw that' s mair nor a pouthery skinklin, an ye micht lair in it gin ye dinnae tak tent!». Hau arazorik gabe ulertzen baduzu, Irlandako iparraldean bizi zara, ziurrenik, eta ullans hizkuntza menderatzen duten ehun mila lagunetako bat izango zara. Gainontzekoentzat, horrelako zerbait izango litzateke: «Behingoz, hauts fina baino gehiago den elurra dugu, eta, arreta jartzen ez baduzu, hondoratu egingo zara». Irlandan gaeliko pixka bat eta, batez ere, ingeles asko entzutea espero bagenuen ere, hirugarren hizkuntza misteriotsu batekin egin dugu topo. Asko dago kontatzeko: hizkuntzalaritzaz, gizakien arteko harresiez eta alanbre hesiez, mundu berri batean hutsetik hasteaz eta, oro har, bizitzaz. Jarraitu aurretik, testuinguru pixka bat. Ingalaterrako kostaldea ez da Irlandako inongo tokitatik ikusten; bai ordea, Eskoziakoa. Horrela, ez da harritzekoa bi ertzetako jendeak itsasoa zeharkatu izana historian zehar. Irlandako lehen biztanleak, esaterako, duela zortzi mila urte inguru iritsi omen ziren Eskoziatik eta, Kristoren garaian, jakin badakigu Irlanda izan zela erromatarrek inbaditu ez zuten eskualde bakarra mendebaldeko Europan. Legio bakarra bidali zuten, baina, antza, tokia ez zitzaien batere gustatu. Erromatarrek Hibernia («neguko lurra») deitu zioten uharte heze eta ilun hari, eta scoti («gaizkileak, arpilatzaileak») han bizi ziren tribu zeltei. Scoti horiek, hain zuzen, Eskoziari eman zioten izena, eta beren hizkuntza zelta eraman zuten bertara. Oraindik hitz egiten da Highland-etan, Lur Garaietan, baina haranetan, Lowlands-etan, erresumak nahiz ejerzitoak eraiki ziren. Horiek denak ingelesaren iparraldeko aldaera germaniar batean hitz egin zuten, «eskoziera» edo «lallans» (Lowlands) deiturikoa. Egia da gaelikoa entzute handiko hizkuntza izan zela Eskozian XIII. mendera arte, baina Robert the Brucek, William Wallacek edo gainontzeko errege eta buruzagi nagusiek lallansa zuten ama hizkuntza. Irlandara itzuli aurretik, eskoziera hizkuntza bat, dialekto bat edo «gaizki hitz egindako ingeles bat» ote den argitu beharra dago. Hizkuntzalari batentzat eztabaida absurdoa da, baina ezin ukatu garrantzi handiegia eman zaiola maiz «hizkuntza/dialektoa» ekuazio honi. Ea bada: Erresuma Batuko aldaera germaniarren artean (ez da ingeles berdina hitz egiten Liverpool, Yorkshire edo Kenten), Eskoziakoek osatzen duten multzoa dugu gehien bereizten dena. Horrek hizkuntza bilakatzen du lallansa? Bai eta ez. Adibide batez errazago ulertzen da hau. Bazen behin Jugoslavia izena zuen herrialde bat. Bertakoak serbokroaziera izeneko hizkuntza batean mintzo ziren, baina gerrak eztanda egin, herria zatitu, eta horrela azaldu ziren kroaziera, serbiera eta bosniera munduko hizkuntzen mapan. Hizkuntzarekin batera, musika da Ulsterko eskoziarren identitate ezaugarrietako bat. (RSDOA NI) Kornuallesko ingeles hiztunek (Ingalaterrako hego-mendebaldean) eta iparraldeko Newcastlekoek elkar ulertzeko zailtasun handiagoak dituzte serbiarrek eta kroaziarrek baino. Oraingoz, nolanahi ere, bakoitzak bere «ingelesaren dialektoan» hitz egiten duela esaten da. Hona, beste adibide bat: norvegiarrek, suediarrek eta daniarrek ez dute elkar ulertzeko arazorik, baina bakoitzak bere hizkuntza propioa eta bereizia duela onartzen da (norvegiera, suediera eta daniera). Laburbilduz, denok hitz egiten duguna zera da, hizkuntza bat, mintzaira bat… dela aldaera germaniar bat, latindarra, dravidikoa, eslaviarra… Eskoziak independentzia inoiz lortuz gero, eskoziera hizkuntza bat izango da. Politika da, eta ez linguistika. Eta orain, bai, Irlandara itzuliko gara. Europako gainerako leku gehienetan bezala, uharteak aspaldi utzi zion elebakarra izateari: Eliza kristauak latinaren ezaugarri batzuk sartu zituen; Dublin sortu zuten bikingoek norvegieraz hitz egiten zuten, eta ingelesez, lehorreratzen ziren gainerakoek. Batzuk uhartean geratu egin ziren, baina Hiberniako eliteek beti bukatzen zuten gaelizatuta. Halaxe izan zen XVI. mendera arte: ingelesek Irlanda konkistatzea erabaki zuten arte. Bertakoak sarraskitu eta lurrik gabe uzteaz gain, gaelikoa tokiko administraziotik, hezkuntza erakundeetatik eta lanbide liberaletatik baztertu zen. Sistematikoki pobretzeko politika horietaz baliatu zen koroa uhartearen kontrola hartzeko. Bertan, odol jario batez isilarazten zen matxinada saiakera oro. Eskoziari dagokionez, erresuma independentea izan zen Erdi Aroan. 1603an, alabaina, bertako errege Jaime VI. Ingalaterrakoa ere bilakatu zen, eta, ondorioz, baita Irlandakoa ere. Uhartea zibilizatu gabeko eremu bat zelakoan zeuden okupatzaileak, kontrolatzeko garestiegia eta, batez ere, izugarri katolikoa. Ulster gotorleku gaelikoa zen, aginte ingelesaren kontrolpetik kanpo zegoena. Eskozian lur emankorra urria zenez, Jaime erregeari ideia bat bururatu zitzaion: katolikoen lur horiek protestanteei ematea. Alboko orrialdeko irudian, pareta batean jasotako esana: «Nire Ulsterko odola nire ondare preziatuena da». (Stuart CAIE) 1606an hasi zen ofizialki «Ulsterko landaketa» deiturikoa. Eskoziako behe lurretako familia osoak kolono gisa bidali zituzten Irlandako ipar-ekialdera: uharteko nortasun gaeliko-katolikoa desegiten laguntzea zen bigarren (edo lehenengo) helburua. Iritsi berriek beren eskoziar aldaera eraman zuten beraiekin, baina bazegoen kontuan hartzeko beste faktore bat: erlijioa. Ulsterrera iritsi zirenerako, presbiterianoak ziren eskoziarrak; ehun urte baino gehiago zeramatzaten aita santu, gotzain eta erregeen autoritatea ukatzen («Kristo baino ez dago gutako edozeinen gainetik») eta Jainkoari otoi egiten bitartekaririk gabe. Berdintasunaren kultura hori ez zetorren bat ez ortodoxia katoliko zurrunarekin, ez eta errege ingeles protestante episkopaliarrekin ere. Armoniarik eza 1641eko Irlandako matxinadak egiaztatu zuen, desjabetuek lapurtutako lurrak berreskuratu nahi izan zituztenean. Eskoziar asko irlandarrekin batera borrokatu ziren. Ezusteko aliantzak zera uzten zuen agerian: koroaren eta kolonoen arteko lotura ez zela uste bezain sendoa. Irlandako historiaren kapitulu odoltsu hark milaka hildako eragin zituen batzuen eta besteen artean. Irlandar, eskoziar eta ingelesen arteko harremana mende luzeetako pozoitu zen. Gaurdaino. Amerika 2016. urtea zen. Barack Obamak Hillary Clintonen aldeko botoa eskatu zuen, talde errepublikanorantz lerratzen ziren demokrata horiengana iritsi nahian. «Ulsterko nire arbaso eskoziarrek lan, berdintasun eta justizia balioak transmititu zizkidaten, gaur egun ere indarrean daudenak. Horiei ez diegu uko egin behar», esan zuen presidente ohiak, halako baieztapenak eskatzen zuen solemnitateaz. Nazio identitatea oso presente dago estatubatuarren artean (norberaren arbasoak italiarrak, ingelesak, hispanoak… izan daitezke), baina nekez jakiten dira koordenatu zehatzak. Amerikar askok «Eskoziatik eta Irlandatik iritsitako birraitona-amonak» ekartzen dituzte gogora, baina askok ez dakite irlandar presbiterianoen migrazio trinko baten ondorena direla: Ulsterko eskoziarrena. XVII. mendea. Irlandarrek jazarrita eta ingelesek bizkarra emanda, kolono haietako askok berriro itsasoratzea erabaki zuten; Ipar Amerikako kolonia britainiarrerantz oraingoan. Talde sendoena 1718an iritsi zen: ehun itsasontzi baino gehiago ziren. Mundu berrian zortea probatuko zuten europar guztien artean, Ulsterrekoek osatzen zuten komunitaterik ugariena. Lur merkeen bila zebiltzan, eta horiek, jakina, mendebalderantz geratzen zirenak ziren, arriskutsuenak. Kolonoak ohituta zeuden aitzurra ereiteko nahiz katolikoengandik babesteko erabiltzen. Okerragoak izan zitezkeen indiarrak? Baliteke, baina han, mendebalde urrunean, ez zuten pairatuko ingeles lur jabeen esplotazioa. Ulsterren, «Amerika sortzeaz» harro. Ideia hori iradokitzen duen murala. (FORGED IN ULSTER) Haien ibilbidea erraz jarrai zitekeen maparen gainean, mugarriak mendebalderantz zabaltzen ziren eliza presbiterianoak ziren-eta. Tenplu haietan, Antrim eta Donegalekoak, Armagh eta Coleraynekoak elkartu, eta bertan ezkondu ere egiten ziren, elkarren artean, MacLaughlins, Kirckpatricks eta MacLallans… familietako seme-alabak. Suediar eta alemanengandik ikasi zuten beren etxolak eraikitzen, baina oso gutxitan nahasten ziren haiekin. Ulsterren nahiz Eskozian gertatu lez, Atlantikoaren beste aldean ere likido amniotikoa zen klana. Baina nekez saihestuko zuten ingelesen jazarpena. Frantziaren aurkako gerra luze baten ondoren, koroak bere hamahiru kolonia amerikarrei zergak igo zizkien, eta nabarmen. Protesta askoren atzean eskoziarrak zeuden (ez zen ingelesei aurre egin zieten lehen aldia) eta haiek izango ziren matxinada gidatuko zutenak. William Tennent edo David Coldwell apaizek, esaterako, debekatuta zuten eliza gehienetan sartzea, baina jendetza biltzen zuten kale erdiko agerraldietan. Mezua argia bezain zuzena zen: beren kabuz erabaki dezakete, gizaki guztiak, nekazariak nahiz erregeak, apezpikuak nahiz arotzak berdinak baitira Jainkoaren aurrean. Eta hori guztiz iraultzailea zen XVIII. mendean. Francis Hutcheson edo Francis Allison bezalako intelektualek pregoi haien energia aprobetxatu zuten ideologia politiko bat garatzeko. Bi aldiz transplantatutako eskoziar horien identitatea desegin egin zen estatubatuarren nortasunean. Haien ekarpena, baina, izugarria izan zen; besteak beste, bere sustraiak Irlandan dituen musika estilo bat (country-a) dago eta, jakina, berdintasunean eta justizian oinarritutako proiektu bat: Ulsterreko seme ugari (edo beren jarraitzaileak) zeuden Independentziaren Deklarazioa sinatu zutenen artean. Ballymena Amerikar kapitulua hain izan da luzea, non ia ahaztu baitzaigu honako hau Irlandako hirugarren hizkuntza misteriotsu horri buruzko artikulu bat dela. Ez ziren denak Ameriketara joan, beraz, Ulsterrera eramandako eskoziar hizkuntzak laurehun urte baino gehiago izan ditu irlandar gaelikoaren hiztegiaz, birez eta beste osagai batzuez elikatzeko (baita Ingalaterratik ekarritako germaniar aldaerez ere). Ullansa (glotonimoa «Ulster» eta «lallans» hitzetatik eratorria da) harribitxi bat da. Pubean, tabernan, honela piztu daiteke elkarrizketa bat: Whaur are ye frae? («nongoa zara?»). Galdera ez-diskretua irudituz gero, erantzuna are iraingarriagoa izan daiteke. Glumo, glunterpudden, goam, gormet, gulpin, glipe… Norbaitek azaldu beharko luke zergatik hasten diren «g» batez «astakirten halakoa» esateko hainbeste sinonimo. Irlandako hiru hizkuntzak seinale bakar batean. (I-LENTICULARIS) Gaur egun, irrati eta telebista saioak daude ullansez eta, jakina, berau ikasteko ikastaroak. Azken hamarkadan gauzatu dira aurrerapen handienak, eta horrek azalpen zuzena dauka: Ostiral Santuko Akordioko (1998) puntu askok «elkarrenganako errespetuaz» eta «tolerantziaz» hitz egiten dute; bertako hizkuntzei dagokienez, «Irlandako uhartearen kultura aberastasunaren adierazletzat» hartzen da ullansa. Uharteko hirugarren hizkuntza 2000. urtean aitortu zuen Londresek ofizialki, Hizkuntza Gutxituen Europako Kontseiluaren Gutuna sinatu zuenean. Nola lerratzen dira gaur kolonoen herenilobak Irlanda bipolarrenean? Istorio hau ireki duen txiolariari ere luzatu diogu galdera. «Ulsterko eskoziera historikoki unionistekin lotu izan da, baina bere pisua askoz txikiagoa izan da beste aldekoen gaelikoaren aldean», dio gaelikoa ere menderatzen duen Rían Ó Díomasaigh-ek. «Bi komunitateetako jendeak erabiltzen dituzte ullanseko hitzak eguneroko hizkeran, baina batzuek irlandar hizkuntzaren aurkako mehatxutzat hartzen dute, eta hori penagarria da», azpimarratu nahi du 27 urteko bizar gorridunak. Ó Díomasaigh Ballymena hirikoa da, Antrim konderrian (Liam Neeson aktorea da bertako semerik ospetsuena). Belfasteko Queens University-n Historia eta Politikan lizentziatu ondoren, gaztea ullansa ikertzen hasi zen tesi baterako eta, dioenez, hizkuntzaren magiak sorgindu zuen. James Parsley izeneko aditu batek gramatika izugarri bat idatzi zuen, eta sarritan erabiltzen du Rianek bere lanerako. Hortik ere atera du bihar txiokatuko duen hitza: curcudyagh, «elkarrengandik oso gertu eseri». Ez da makala. Hala izan zen XVI. mendean ingelesek Irlanda konkistatzea erabaki zuten arte. Bertakoak sarraskitu eta lurrik gabe uzteaz gain, gaelikoa tokiko administraziotik, hezkuntza erakundeetatik eta lanbide liberaletatik baztertu zen Bi aldiz transplantatutako eskoziar horien identitatea desegin egin zen estatubatuarren nortasunean. Haien ekarpena, baina, izugarria izan zen: besteak beste, bere sustraiak Irlandan dituen musika estilo bat (country-a) Egun, irrati eta telebista saioak daude ullansez eta, jakina, berau ikasteko ikastaroak. Azken hamarkadan gauzatu dira aurrerapen handienak eta «Irlandako uhartearen kultura aberastasunaren adierazletzat» hartzen da ullansa Uharteak aspaldi utzi zion elebakarra izateari: eliza kristauak latinaren ezaugarri batzuk sartu zituen; Dublin sortu zuten bikingoek norvegieraz hitz egiten zuten, eta ingelesez, lehorreratzen ziren gainerakoek