Sorkuntza galera da telelanaren kalte nagusietako bat
Pandemian izan ditugun esperientzietan oinarrituz, guztiok ditugu telelanari buruzko iritziak. Hori aztertzen duten ikerketak argitaratzen ari dira orain. Zenbait ondorio bat etorriko dira gure bizipenekin eta beste zenbait, ordea, gure iritzien kontra joango dira. Derek Thompsonek “The Atlantic”-en idatzitako artikulu batean, “The Biggest Problem With Remote Work”, honi buruzko ikerketak bildu eta gogoeta egiten da.
Adibidez, pandemian plantillan sartu ziren gazteek enpresaren kultura ezagutzeko arazoak izan ditzakete: nola kudeatzen diren arazoak, zer dagoen ondo ikusita eta zer ez… Baliteke iritsi berriek lankide manipulatzaileak, toxikoak edo axolagabeak ez atzematea. Era berean, Internetez lagun diezaieketen pertsonak identifikatzea ez da erraza. Noski, kontrakoa ere gerta liteke: lan testuinguru toxiko batean sartzera iritsi ez ziren gazteak, pandemiari esker lan ohitura osasuntsuagoak hartu ahalko zituzten.
Oro har, telelanak ez du talde berriak eta zeregin berriak sortzen laguntzen. Komunikazioa biderkatzen du lehendik zeuden taldeen artean, baina arloen arteko lankidetza murrizten du. Bulegoetan sinergiak errazagoak omen dira. Microsoftek Berkeleyko Unibertsitateari eskatutako ikerketa batek hala baieztatu zuen. Beraien ustez, bulegoko lan nagusia berrikuntza sortuko duen elkarrizketa sustatzea da.
Jane Jacobsen teoriak omen daude ikerketa hauen atzean. Bere arabera, hiriak testuinguru berritzaileak dira, espazioa konpartituz gero, lehiakideen arteko kontaktuak ideiak «polinizatzen» baititu. Harreman zuzena duten pertsonek gehiago aipatzen dute elkar, esan dietena kontatzen dute beste jende baten aurrean eta beren lana lehiakideen lanarekin aberasten dute.
Urrutiko lanak, aldiz, ideia disruptibo berriak sortzea zailtzen du. “Nature”-n argitaratutako esperimentu batean, ingeniari talde bat biltzen zuten eta bikoteka banatzen zituzten, bikote batzuk urrutitik eta beste batzuk aurrez aurre lan egitera behartuz. Ideia ekaitz bat eta proposamen batzuk egin behar zituzten. Fisikoki elkarrekin lan egin zuten taldeek ideia gehiago eta hobeak sortu zituzten, urrutiko lankidetzan aritzen ziren bikoteak baino askoz ere sortzaileagoak izan ziren.
Laburbilduz, urrutiko lana zailagoa da langile berrientzat, talde berrientzat eta ideia berrientzat. Komunitate zientifikoan, ordea, honi buelta ematea lortu dute. Historikoki telelana handicap bat bazen ere, duela hamarkada bat hori aldatu egin da, zientzia gehien eta onena, berrikuntza gehien eta onenak, urrutiko taldeek ekoizten baitituzte. Carl Benedikt Frey Oxfordeko ekonomialariaren ustez, proba eta akats askoren ondoren, eta aplikazioen garapenari esker, komunitate zientifikoak oreka emankorra lortu du. Alde batetik, etxeko lan komunitarioa dute eta, beste aldetik, telelanarekin ikerketa taldeez osatutako garun global moduko batekiko lotura dute.
Honaino, ikerketek diotena. Thompsonek hori guztia kudeatuko duten postuak sortu beharko direla dio. Ez dakit. Gero enpresa desberdinak, legedi diferenteak, kulturak eta pertsonak baitatoz. Baita horien guztien interesak, inertziak eta talkak ere. Sorkuntza aberastasuna sortzeko ezinbestekoa dela argi dago eta pertsonen arteko harremana da horren funtsa. Lan baldintzak eztabaidagai zentrala izango dira datozen urteetan, ez agian orain arteko parametro berdinetan, ordea. •