Asier Aiestaran

Komunikatzaileak

Gregorio Larrañaga Mañukorta bertsolari handia joan den uztailaren 25ean hil zen, eta oroitzapen batzuk freskatu nahian orain urte batzuk Xabier Amurizak idatzi zion biografia irakurri dut egunotan. “Bertsonajea” izenburua ipini zion eta atal desberdinen artean, amaieran badago bat bereziki interesgarria egin zaidana. Egileak Mañukortaren ekarpena eta izaera aztertzeko bi lagun talde biltzen ditu: batetik, haurtzaroan eta gaztetan gertutik ezagutu zuten bere inguruko pertsonak; bestetik, bertsotan maiz aritu zen Algortako (eremu urbano bateko) bertsozale kuadrilla.

Bi mahai-inguruetan, batez ere bigarren horretan, airean dabilen galdera honakoa da: nolatan lortu zuen txapelketetan beste munduko emaitzarik lortu ez zuen bertsolari batek urtero eta horrenbeste urtetan plaza gehien egiten zuen bertsolarietako bat izatea? Eta Algortara aplikatuta: zergatik zen horren estimatua, horren jatorri desberdinetik etorri arren?

Erantzuna, noski, ez da bat eta bakarra, eta mahaiaren inguruan hainbat kontzeptu aipatzen dira: naturaltasuna, tokian tokiko entzuleriara egokitzen jakitea, “pertsonaiaren” berezitasunak, gertutasuna... Hala ere, ez dut alferrik ipini naturaltasuna zerrendaren hasieran, eta nago hor egon daitekeela gakoetako bat, baina Amurizaren liburua irakurrita argi geratzen da, bere itxurak pentsarazi lezakeenaren kontra, Mañukortak oso gutxi inprobisatzen zuela bere bizitzan.

Ez da adibide bakarra. Azken egunotan, Jose Luis Kortaren bisita izan dugu erredakzioan, eta telebistan aspaldiko partez Karlos Argiñano ikustea tokatu zait. Non dago muga pertsona eta pertsonaiaren artean? Eta horrek zer eragin du komunikatzeko gaitasunean? Komunikatzaile bezala interesgarriak iruditzen zaizkidan galderak. •